Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko astrofisikoaren omenez, otsailaren 2an egingo den 'Javier Gorosabel Topaketa' aurkeztu du Udalak

Javier Gorosabel I. Topaketaren aurkezpenaren irudia.

Javier Gorosabel I. Topaketaren aurkezpenaren irudia.

2023/01/27

Ekimenaren lehen edizio honetan Javier Peraltak, Javier Gorosabel Saria 2022ko edizioaren irabazleak, hitzaldi bat emango du, eta astronomia-behaketa bat egingo da zuzenean Almeriako Behatokitik. Topaketa hau Eibarko Udalak eta Espainiako Astronomia Elkarteak zientzia-dibulgazioa sustatzeko 2020an sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da.

Datorren otsailaren 2an, Javier Gorosabel I. Topaketa egingo da Eibarren, Coliseo antzokian, 18:30ean. Bertan, Javier Peraltak, Sevillako Unibertsitateko Fisika Fakultateko irakasle eta 2022 Javier Gorosabel Sariaren irabazleak, hitzaldi bat emango du, eta, ondoren, Almeriako Calar Alto behatokitik, astronomia-behaketa bat egingo da zuzenean.

Ekitaldia gaur aurkeztu dute Eibarren Jon Iraola alkateak, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, eta, Iñaki Ordoñez Espainiako Astronomia Elkarteko ProAm Batzordeko ordezkariak.

Alkateak adierazi duenez, “Astronomia zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago konturatzen gara zein zirraragarria den eta, nolabait, haren parte ere bagarela. Gainera, astronomo profesionalak nahiz amateurrak elkartzeko gaitasuna duen zientzietako bat da. Horregatik, Eibarko Udaletik jardunaldi edo topaketa hauek bultzatzen ditugu, zeinek, 2015ean hil zen Javier Gorosabel astrofisikari eibartarraren omenez eta SEAren laguntzarekin, astronomia herritarrei zabaltzeko eta hurbiltzeko aukera ematen baitigute.”

Eta hauxe gaineratu du: “Seguru nago gaur aurkezten dugun Javier Gorosabel lehen topaketa honek gehiago hurbilduko gaituela mundu zoragarri honetara, eta interes handia piztuko duela zientzia honekiko.”

Otsailaren 2an Javier Gorosabel (1969-2015) astronomo eibartarra omentzeko eta hura gogoratzeko egingo den jardunaldia Eibarko Udalak eta Espainiako Astronomia Elkarteak 2020an sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmenean adostu zen Javier Gorosabel Sarien deialdia egitea eta Eibarren Jardunaldi Astronomiko batzuk antolatzea.

Topaketan, Javier Peralta irakasleak, Javier Gorosabel Sariaren bigarren edizioaren irabazleak, ‘Astronomía a la caza de la discontinuidad de Venus’ izeneko hitzaldia emango du Coliseoan. Gai horreen inguruan, Peraltak ‘Javier Gorosabel Saria 2022’ eskuratu zuen, Astronomiako ProAm kolaborazio onenari (profesionalek eta amateurrek osatutako batzordea), Emmanuel Kardasis astronomo amateurrarekin batera.

Javier Peralta ikertzailea da Sevillako Unibertsitatean, eta Akatsuki (JAXA) eta EnVision (ESA) espazio-misioetako kide. Gainera, Marteren (Mars Express) eta Lurraren (EnviSat) atmosferaren dinamikan aditua da. 47 artikulu argitaratu ditu izen handiko nazioarteko aldizkarietan, eta bere lanak Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu dira, bi aldiz.

Javier Gorosabel Sariak estatu mailako astronomian profesionalen eta amateurren arteko lankidetzaren bikaintasuna baloratzen du; sariak, halaber, Gorosabelen ProAm lankidetzaren ibilbide luzea ere goraipatzen du, izan ere, zientzialari bikaina izateaz gain, astronomo amateurren hainbat talderekin elkar hartuta lan egiten jakin baitzuen.

2020an Udalak eta Espainiako Astronomia Elkarteak sinatutako hitzarmenaren arabera, bi urtez behin, Javier Gorosabel Sariaren deialdia eta Astronomia Jardunaldiak egingo dira Eibarren, alegia, urte batean Saria eta hurrengoan topaketak. Hitzarmena sinatu aurretik, 2018an, Sariaren lehen deialdia egin zen, eta Ricardo Hueso izan zen irabazlea; dena den, deialdi hura Eibarko Zientziaren Astearen barruan kokatu zen.

Hitzarmena sinatu ondoren —zeinaren bidez ekimena arautu eta jarraipena eman nahi zitzaion  eta proposamen ezberdinen epeak ezarri—, 2022an Sariaren bigarren edizioaren deialdia egin zen, Javier Peralta irabazle izan zelarik, eta 2023an Astronomia Topaketen lehen edizioa egingo da.

202301271.jpg
Ezkerretik eskumara: Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia; Jon Iraola, Eibarko alkatea; eta Iñaki Ordoñez, Espainiako Astronomia Elkarteko ProAm Batzordeko ordezkaria.