Eibarko Armagintzaren Museoak 'Gipuzkoa Passport' eskuratzeko aukera ematen du aste honetatik bertatik

"Gipuzkoa Passport".

"Gipuzkoa Passport".

2020/07/10

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ekimen honen bidez, lurraldeko leku eta plan erakargarriak bultzatu eta balioan jarri nahi dira, batez ere udara begira.

Gipuzkoa Passport delakoa eskuragarri dago Eibarren dagoeneko. Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimen bat da, lurraldeko gune erakargarriak balioan jarri nahi dituena, uda partean turismoa bultzatzeko xedez; bereziki krisi sasoi honetan.

Gipuzkoako herri bakoitzak puntu bat jarri du doako pasaportea eskuratzeko. Eibarko kasuan, Armagintzaren Museoan jaso ahal izango da (Portaleko 5. solairuan). Gaiari buruzko informazio gehiago jaso daiteke Deba eta Mutrikuko turismo-bulegoetan.

Gipuzkoa Passport gida bat da pasaporte ofizial baten antzeko formatua daukana, eta bertan 50 plan ezinbesteko kontsultatu daitezke. Gainera, atal bat dauka, non pertsona titularrak planen Top 10 pertsonala bete ahalko duen, alegia, gehien gustatu zaizkion toki edo jarduerak. Adibide gisa, Eibarren proposatzen den plana da Armagintzaren Museoa bisitatzea eta taberna-ibilbide bat egitea.

Alderdirik ludikoenean, pasaporteak atal bat dauka establezimendu gustukoen zigiluak jartzeko: dendak, ostalaritzako lokalak, museoak edo bisitatzen diren beste kultur-jarduera batzuk, horren helburua izanik baliabide turistikoak eta bertako kontsumoa balioan jartzea. Gainera, pasaporteak Gipuzkoako 32 turismo-bulegoei buruzko informazioa eskaintzen du.

Kanpaina honetan, halaber, bi lehiaketa egingo dira: bat argazkiena eta bestea ipuinena. Udan egingo dira biak, eta haien berri Gipuzkoa Turismoa webguneko sare sozialen bidez emango da.

Ekimena urriaren hasiera arte luzatuko da, eta, aurrera egin ahala, gauza berri gehiago antolatuko dira: zozketak, sariak eta aitorpenak beren pasaportea betetzen duten pertsonentzat. Informazio guztia Gipuzkoa Turismo webgunean eta sare sozialetan egongo da www.gipuzkoaturismoa.eus.