Eibarko Udala
kriminalitate-datuak

Eibarko alkateak kezka helarazi dio Ertzaintzari, saltoki, garaje eta trastelekuetan gertatzen ari diren lapurretengatik

2025/03/27
Artxiboko irudia. Egogain kalea.
Artxiboko irudia. Egogain kalea.

Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta eskualdeko alkateek urteroko bilera egin dute Eibarren, 2024ko kriminalitate-datuak aztertzeko.

Astearte goizean, Debabarreneko alkateek eta udaltzainek urteroko bilera egin dute Eibarren; bertan, Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko, eskualdeko eta udalerrietako 2024ko kriminalitate-datuen berri eman du.

Jon Iraola Eibarko alkateak eskerrak eman dizkio Ertzaintzari, "bilera egiteagatik eta alkateoi hain baliagarriak zaizkigun eskualdeko kriminalitate-datuen berri emateagatik. Baita inpresioak trukatzeko eta gure kezkak helarazteko aukera emateagatik ere, horiek baitira gure bizilagunek egunero jakinarazten dizkigutenak. Baina, batez ere, Ertzaintzak gure herrietako egunerokoan duen inplikazioagatik".

Iraolak aukera baliatu du Ertzaintzari bere kezka helarazteko, ondarearen aurkako delituek azken urtean izan duten gorakada dela-eta; bereziki, ebasketa txikiena, eta garaje, trasteleku eta antzekoetan izandako lapurretena.

Datu ofizialen arabera, ebasketak 2023an 376 intzidentzia izatetik 2024an 436 izatera igaro dira, hau da, % 16ko igoera gertatu da. Hala ere, hazkunderik handiena garajeetan eta trastelekuetan izandako lapurretetan gertatu da, horrek igoarazi baititu hiriko kriminalitate-datuak, eta datu hori da udal-gobernua gehien kezkatzen duen gaietako bat. Datu positibo bakarra etxebizitzetan izandako lapurreten jaitsiera da. 2023an 35 izatetik 2024an 24 izatera igaro dira; % 17 gutxiago.  

Joan den asteartean egindako bileran jasotakoaren arabera, ondarearen aurkako delituen gorakada hiru edo lau pertsonaren delitu-jarduerarekin dago lotuta. Delitua behin eta berriz egiten duten pertsonak dira: 2024an 76 aldiz eraman zituzten epailearen aurrera, ebasketa txikiak eta lapurretak egiteagatik saltokietan, garaje eta trastelekuetan.  Polizia-iturriek adierazi dute pertsona horiek beste intzidentzia batzuen egileak ere izan litezkeela, baina ezin izan zaiela modua argian ezer leporatu, eta ezin izan dela haien kontrako prozedura judizialik abiarazi. 

Horren harira, Eibarko alkateak zera adierazi du: “Oso pertsona gutxiren jarduera kriminalak erabat aldatzen ditu jartzen ditu herriko estatistikak. Askotan, atxilotuak izan ondoren, berehala irteten dira kalera eta lapurretan jarraitzen dute.  Beraz, nire ikuspegitik, arazoa ez da soilik poliziala.  Hala ere, gure esku dagoen guztia egingo dugu egoera konpontzeko”.

“Asko eskertzen dugu Ertzaintzaren lana eta dedikazioa, behar denean beti egoten baita presente; eta, batez ere, beti  dago prest esku-hartzeko eta arazoari aurre egiteko", gaineratu du alkateak. Era berean, iradoki du unea izan daitekeela eztabaida bat irekitzeko gaiaren inguruan, alegia ea “Ertzaintzak Eibarko eta eskualdeko intzidentziei erantzuteko eta arazoei erantzuteko dituen agenteak nahikoak ote diren”.

Jabetzaren aurkako delituei buruz aipatutako problematikaz harago, bileran beste datu positibo batzuk ere jarri dira mahai gainean, Eibarko delinkuentzia-intzidentziaren bilakaerari dagokionez: 2024an ez zen dolozko giza hilketarik gertatu; lesio-delituak % 23,7 jaitsi ziren, 38tik 29ra; sexu-askatasunaren aurkako delituak % 50, 18tik 9ra; indarkeriaz eta larderiaz egindako 20 lapurreta gertatu ziren, 2023ko kopuru bera; ibilgailuen lapurreta % 75 jaitsi zen, 2023an 12 izatetik 2024an 3 izatera igaro zen; droga-trafikoagatiko delituak % 6 jaitsi ziren, 2023an 17 izatetik 2024an 16 izatera igaro ziren, eta ziberkriminalitatea ere % 6,5 jaitsi zen.