Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko 610 langabetuk lortu dute lan merkatuan txertatzea, 2015etik hona

2018/03/21

62 pertsonak parte hartu dute azken hilabeteetan lana topatzeko egin diren hiru formazio-programatan, eta haietatik erdiek lortu dute lan-munduan sartzea. Eibarko Udalak sustatuta, Lanaldi, Gidatu eta +45 programek formazioa eman dute hainbat arlotan, ostalaritzan edo merkataritzan, kasu.

2015. urteaz geroztik, langabeen kopurua jaisten ari da nabarmen Eibarren. Udaleko Ekonomia Sailaren datuen arabera, urte horretatik aurrera lortu da 610 pertsonak enplegua topatzea Eibarren; langabeziaren kopurua % 27 jaitsi da.  Ekonomia zinegotzi Alberto Albisteguiren arabera, “Egoera ekonomikoaren hobekuntzari esker, eta enpresei emandako diru-laguntzei eta formazio-programei esker, posible izan da langabe askoren laneratzea eta gazte askok bere lehen lana topatzea”.

Albistegik azpimarratu nahi du Ekonomia Garapen sailaren kezka nagusia langabeen kopurua jaistea dela, bai zuzeneko ekintzekin, bai formazio-programekin. Izan ere, enplegu-programetan parte hartzen dutenen % 70 inguruk formazio urria edo batere formaziorik ez dute, eta erdia baino gehiago luzaroko langabeak dira.   

“Gure helburua bikoitza izan behar da: pertsona horien aukerak handitzea, batetik, haien jarrerak garatuz eta, bestetik, haien trebetasunak indartuz. Asko izan dira 2015etik Eibarko Udalak martxan jarri dituen programak, bere kasa edo beste erakunde batzuekin batera, eta oso altuak dira lortutako laneratze-portzentajeak. Gainera, lana topatu ez duten pertsonak, programa hauetatik igaro ondoren, aktibatu egin dira bere burua prestatzen jarraitzeko, eta jarrera sendo bat dute lana bilatzeko orduan”, azaldu du Albisteguik.

Gaur egun, Eibarko 1.700 pertsona inguru, biztanleria aktiboaren % 13,4, langabezian dago (haietatik % 30, atzerritarrak); 2015arekin alderatuta, % 27ko jaitsiera egon da. % 70ek formazio urria edo batere formaziorik ez dute, % 58 emakumeak dira eta % 42 gizonak, langabetuen erdiak 45 urtetik gorakoak dira, % 44 inguru 25 eta 45 urte bitartekoak, eta gainerakoak 25 urtetik beherakoak dira.  

Azken hilabeteetan, halako hainbat programa egin dira eta orain jakin ditugu emaitzak. 62 pertsonak parte hartu dute azken hiru hilabeteetan Eibarko Udalak sustatutako enplegu-formaziorako hiru programatan, eta parte-hartzaileen % 50 inguruk topatu dute lana.  

Lanaldi, Gidatu eta +45 programen emaitza positiboak

Lanaldi programa ostalaritzan jarduteko ekimen bat da, 30 urtetik beherakoei zuzendua, eta 18 pertsonak parte hartu dute; Gidatu, merkataritzan salmenta-kutxan eta produktuak kokatzen jarduteko programa da, eta 30 lagunek hartu dute parte; eta +45 programan (esperientzia duten 45 urtetik gorako pertsonak lan munduan berbideratzeko eta berkokatzeko plana) 14 izan dira parte-hartzaileak. Behin hiru programak amaituta, ia erdiek topatu dute lana.

Lanaldi programan, 30 urtetik beherako 18 pertsona aukeratu ziren (12 emakume eta sei gizon): lan-bilaketan formazio urrikoak, gidabaimenik gabekoak, eta familia-kargadunak. Zortzi tailer eman ziren, eta orientazio sozio-laboraleko jarduerak landu ziren, lehenik: enplegua bilatzeko erramintak eta ahalduntze-trebetasunak, hala nola trebetasun sozialak, motibazioa, enplegua biltzeko tresnak edo formazioa ostalaritza sektorean.  

Ondoren, ostalaritza arloko formazioa landu zen: jangela eta marketing tailerrak, elikagaien manipulazioa eta janarien prestaketa azkarra. Azkenik, praktikaldi bat ezarri zen Eibarko ostalaritza-establezimenduetan (25 establezimenduk parte hartu zuten).  Behin praktikaldia amaituta, 9 pertsonak enplegu-eskaintza jaso zuten; haietatik 7 onartu ziren, eta 2 baztertu, ikasleen familia-kontziliazio arazoengatik.

Gidatu programa ezaugarri hauek dituzten pertsonentzat izan da: 25 eta 55 urte bitartekoak eta luzarorako langabeak, kalifikazio urrikoak, familia-kargadunak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak. Behin orientazio soziolaboraleko ekintza banakakoak, eta lan-bilaketa aktiboko eta adimen emozionaleko tailerrak egin ondoren, formazio espezifikoa jaso zuten jarduera komertzialaren inguruan. Eta azkenik, praktikaldiak egin zituzten Eibarko komertzioetan. Fase hori amaituta, parte-hartzaileetatik 17k lana aurkitu zuten: 10ek lanaldi osoan eta 7k lanaldi partzailean. Datu esanguratsua da 9 parte-hartzaileek 4 urte baino gehiago zeramatela langabezian, eta bakan batzuek baita 9 edo 10 urte ere.

Eibar esperientzia+45" Debegesarekin lankidetzan antolatutako programa bat da, 45 urtetik gorako langabeentzat, formaziodunak zein formaziogabeak eta lan-esperientzia badutenak (gutxienez 5 urte); bertan, 14 lagunek hartu dute parte.  Programaren helburua izan da enplegagarritasuna hobetzea, ekintzailetzara gerturatzea eta lan-merkatuan berriz txertatzea. Bi hilabetez 260 ordu jaso zituzten. Formazio horren ondorioz, lau parte-hartzailek topatu dute lana, beste lauk formazio-ikastaroak egiten jarraitzen dute, eta beste lau lan-bila ari dira.