Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko 300 ikasle inguruk hartu dute parte 'Basarrixa Urretik' programan, landa-ingurunearen balioak hirira gerturatzeko

Eibarko 300 ikasle inguruk hartu dute parte 'Basarrixa Urretik' programan, landa-ingurunearen balioak hirira gerturatzeko.

Ikasle eibartarren parte-hartzea 'Basarrixa Urretik' programaren hirugarren edizioan.

2021/06/22

Hiru baserritara egindako bisita gidatuetan oinarritu da hirugarren urtez jarraian garatu den ekimen hau. Ikasleek bertatik bertara ezagutu dute baserritarren eguneroko lana eta baserriko lanaz jabetu ahal izan dira. Ibilbideetan gai asko landu dira: sasoiko elikagai freskoen eta osasungarrien ekoizpena, tokiko produktuak, landa-ondarea, kultura, tradizio gastronomikoak eta paisaia.

Eibarko sei ikastetxetako 287 ikaslek hartu dute parte azken ikasturtean ‘Basarrixa Urretik’ programaren hirugarren edizioan. Programaren helburua da ikasleei Eibarko landa-ingurunera hurbiltzeko aukera ematea eta baserri-munduaren balio sozial, ekonomiko eta kultural garrantzitsua ezagutzea.

‘Basarrixa Urretik’ programa Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak hirugarren urtez jarraian abian jarri duen ekimena da, Debemen landa-garapenerako eskualdeko elkartearekin lankidetzan, eta Landatur enpresak  gauzatu du, beharrezkoak diren babes- eta prebentzio-neurri guztiak betez.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, “Udaletik uste dugu garrantzitsua dela gazteak baserri-munduaren garrantziaz jabetzea; izan ere, baserriak funtsezko produktuak hornitzen dizkigu, eta komeni da produktu horiek kontsumitzen diren lekuetatik gertu egotea. Horrez gain, gure kultura- eta natura-ondarea zaintzen dugu”.

Programa honetarako propio diseinatutako ibilbide eta tailer monitorizatuen bidez, ikasleek Eibarko baserriak bisitatu eta baserritarrak ezagutu dituzte. Zehazki, Zozola, Sumendiaga eta Mendigoiti baserriek hartu dute parte ekimen horretan, eta gai asko landu dira ibilbideetan: sasoiko elikagai fresko eta osasungarriak, tokiko produktuak, landa-ondarea, kultura eta tradizio gastronomikoak eta paisaia.

Programaren bidez, ikasleek ezagutu ahal izan dute gure lehen sektorearen jarduera ekonomikoa (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza), emakumeak historian zehar baserriaren motor gisa izan duen garrantzia; ikasleek ezagutu dituzte gaur egun Eibarren kalitatezko elikagaiak ekoitzi eta euren produktuak herrian bertan saltzen dituzten pertsonak.

Ekimena, Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklorako, Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen ziklorako eta Lanbide Heziketarako izan da. Ikasle-talde bakoitza Eibarko baserri-auzoetara joaten da, ibilaldi bat eginez eta begirale bat lagun duela. Tailerrak egiten dira, eta ibilbideetan hainbat gai lantzen dituzte.

Ekimena aurrera eramateko, urte hasieran herriko ikastetxe guztiekin harremanetan jarri eta programan parte hartzeko gonbita luzatu zitzaien. Aurreko ikasturtean pandemiak eragin handia izan zuen, eta tailer bakanen bat bakarrik egin ahal izan zen. Ikasturte honetan ostera, programa hau nahiko normal egin ahal izan da, beharrezko neurriak hartuta.

Guztira, 15 bisita izan dira, apiriletik maiatzera bitartean, eta Eibarko sei ikastetxetako 287 ikaslek hartu dute parte. Ikastetxeak hauek izan dira: Arrateko Andra Mari, Amaña, La Salle-Isasi, Juan Antonio Mogel Ikastola, Aldatze eta Urkizu.

Programa bukatutakoan, balorazio bat egin da parte hartu duten irakasleei egindako inkesta baten bidez, eta lortutako informazioarekin egindako lanaren ondorioak atera eta hobetu daitezkeen alderdiak ezarri dira.

Ondorio gisa, eta kontuan hartuta eguraldia ona izan dela udaberrian eta ikasleek jardueraz asko disfrutatu dutela, irakasleek oso positibotzat jo dituzte programa eta Eibarko lehen sektorea gertutik ezagutzeko aukera, baita baserri guztietan izan duten harrera ezin hobea ere.