Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko 14 industria-enpresak hartu dute parte lehiakortasuna hobetzeko 'ETEen Planaren' bigarren edizioan

Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotzia, saileko teknikaria, IKEI-ko ordezkariak eta programan parte hartu duten enpresa batzuetako ordezkariak.

Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotzia, saileko teknikaria, IKEI-ko ordezkariak eta programan parte hartu duten enpresa batzuetako ordezkariak.

2021/03/11

Udalaren programa honek, 83.000 euroko partida duena, aukera eman die enpresei laguntza espezializatu eta banan-banakoa izateko lehiakortasun-hobekuntza planak zehaztu eta gauzatzeko. Bigarren edizio honetan, 64 proiektu egin dira guztira, hainbat arlotan oinarrituak, hala nola: merkataritza, kudeaketa, antolakuntza, enpresen ondorengotza, produktuaren garapena eta prozesuen hobekuntza.

Eibarko ‘ETEen Planaren’ bigarren edizioak, lehiakortasuna hobetzeko plan bat definitu eta gauzatzeko laguntza espezializatu eta banan-banakora bideratutakoak, arrakasta izan du beste behin, izan ere, guztira herriko 14 enpresak baliatu dute Eibarko Udalaren Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatutako programa hau.

Ekimenak, 2020an garatu denak, parte hartu duten Eibarko 14 industria-enpresen lehiakortasun-maila epe labur eta ertainean hobetzen laguntzea zuen helburu. Era horretan, enpresen sendotzea sustatuz enpresako arlo bakoitzeko aholkularitzaren bidez.

Hori guztia posible izan da egoeraren diagnosiak eta ekintza-planak egiteko laguntza tekniko baten bidez.  Ikei research & Consultancy S.A. aholkularitza-enpresa kontratatu da plana aurrera eramateko; Donostiako taldeak esperientzia zabala du aholkularitza estrategiko eta korporatiboan.

Prozesua egoeraren azterketa batekin hasi zen,  enpresa bakoitzaren hobekuntza-arloak eta hazteko gaitasuna antzemateko balio izan zuena; eta gero ekintza-plan indibidualizatuak definitu eta martxan jarri ziren. Covid-19aren ondorioz enpresa-jarduera edo diru-sarrerak moteltzeak edo eteteak lan-metodologia egokitzea eragin zuen, epe labur eta ertainean neurri batzuei berehala heltzeko, kutxa-tentsioei aurre egin eta enpresa parte-hartzaileen jarraipena bermatzera bideratuak.

Programak joan den urtarrilera arte jarraitu zuen, enpresei zehaztutako planak martxan jartzen lagunduz; parte hartu duten ETEen esku aholkulari espezializatuak jarri dira, zeinek eskuz esku lan egin duten lehiakortasuna hobetzeko planean jasotako jarduerak inplementatzea lortzeko.

Bigarren edizio honetan, 64 bat proiektu definitu dira guztira, hainbat arlotan oinarrituak, hala nola: merkataritza, kudeaketa, antolakuntza, enpresen ondorengotza, produktuaren garapena eta prozesuen hobekuntza. Definitutako egitasmoetatik, 50en hedapen operatibora bideratutako jarduerak egin dira, aholkularitza-taldearen laguntza-lan estuaren bidez: ehun bat laguntza-saio egin dira, bai aurrez aurre, bai bideo-deien bitartez.

Udal ekimen honetan parte hartu duten enpresek oso modu positiboan baloratu dute egitasmoa, bai programaren erabilgarritasunari, bai lortutako emaitzei dagokienez. Balorazio oso ona egin dute, halaber, esleitutako aholkularitza-taldearen gaitasun profesionalari eta dedikazioari buruz. Horren erakusgarri, parte hartu duten enpresetako baten gerentearen hitzak: “Programa hau beharrezkoa da edozein ETErentzat”. 

Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotziaren hitzetan, “Planaren bigarren edizio honen ondoren, dagoeneko parte hartu duten 30 enpresa inguruk onarpen handia izan dutela ikusi daiteke. Nire ustez, gure hiriko industria-sarearen lehiakortasuna hobetzeko ekimen horiek oso lagungarriak izaten ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak beren politiketan horrelako programak sartu izanak erakusten duen bezala.”.

‘Eibar ETEen Plana’ 2018an hasi zen eta hurrengo urtean garatu; herriko 15 industria-enpresak parte hartu zuten, 20 langileraino zituztenak.  Proiektuak lortutako emaitza onak ikusita, Udalaren Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak bigarren edizio bat abian jartzea erabaki zuen. Bigarren edizioan, 50 langilerainoko enpresetara zabaldu da egitasmoa, eta Udalak 83.000 euroko partida ekonomikoa bideratu du horretarako.