Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar-Maltzaga bidegorriaren obrak lizitatuko dira eta 2019ko udaberrian hasiko dira

Eibar-Maltzaga bidegorriaren obrak lizitatuko dira eta 2019ko udaberrian hasiko dira

Bidegorri proiektuaren irudia.

2018/11/20

Ia bi kilometroko tartea eraikitzeko —funtsezkoa Debabarrena eskualde osoko mugikortasun iraunkorrerako eta osasuntsurako— 5 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Azitain-Maltzaga bidegorriaren eraikuntza-proiektua onartu du. Ia bi kilometro izango dituen tarte horretan egin beharreko lanek 5,1 milioi euroko aurrekontua dute. 2019ko udaberrian —obrak lizitatzeko prozesua amaitu ondoren— eraikitzen hasiko diren tarte horretako lanek bizikletentzako eta oinezkoentzako Eibar eta Elgoibar arteko bidea osatuko dute. Obra hori erabakigarria da, Debabarreneko mugikortasun iraunkorrerako eta osasuntsurako, Eibar-Maltzaga-Elgoibar ardatza —eskualde honetako herritarrek askotan eskatutako ibilbidea— behin betiko osatuko duelako.

Eibarko Alkate Miguel de los Toyosek azpimarratu du "bidegorri hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako departamentuaren konpromiso instituzionalari esker gauzatuko dela; izan ere, eibartarren eskaera kontuan izan eta erantzuna eman dio. Zentzu horretan, Eibarko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza funtsezkoa izan da. Oso albiste ona da eta aurrerapausoak ematen ari dira proiektua errealitate bihurtzeko".

Zailtasun teknikoak kontuan hartuta eta hainbat aukera aztertu ondoren, azken proiektuak 5 pasagune izango ditu. Horietako bik 80 metrotik gorako luzera izango dute; alde batetik, Ego ibaia eta, bestetik, Deba ibaia eta GI-627 errepidea gurutzatuko dituzte. Tarteak bi kilometro inguruko luzera izango du eta, ia ibilbide osoan, hiru metro inguruko zabalera. Nahikoa izango da bizikletek eta oinezkoek espazioa erosotasunez partekatzeko.

Marisol Garmendia foru diputatuak zuzentzen duen Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak agintaldi honetan Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektuari berriro heldu dio eta ibilbiderako irtenbide tekniko bat aurkitu du. Proiektuak Eibarko Udalaren eta herritarren babesa eta administrazioen baimen guztiak jaso ditu.

Behin betiko proiektua eta obren lizitazioa onartu ondoren, prozesuak aurrera jarraituko du, eraikuntza-lanak 2019ko udaberrian hasi ahal izateko.

Lanen finantzaketan Eskualde Garapeneko Europako Funtsak parte hartzen du, Euskadiko EGEF 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

Proiektuaren azalpen bideoa