Eibarko Udala
Kultura aniztasuna

Eibar hiri anitza sortzen: Eibarrek bere ibilbide-orria egin du 2025erako

2025/05/21
Logotipoa.

Udalak zeharkako estrategia baten aldeko apustua egiten du pertsona migratzaileak esparru instituzional guztietatik artatu eta integratzeko, eta herritarrak sentsibilizatzeko. Hezkuntza, kultura, herritarren parte-hartzea eta arreta psikosoziala agenda berritzaile batean batu dira, hiri kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko.

Aniztasunaren Europako Hilabetearekin eta maiatzaren 21eko Kultura Aniztasunaren Munduko Egunarekin bat etorriz, Eibarko Udalak 2025eko Immigrazioaren eta Kultura Aniztasunaren Plana ezagutarazi du: proposamen integral bat da hiri inklusiboago, kohesionatuago eta herritarren kultura-aniztasunarekiko errespetutsuago baterantz aurrera egiteko.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “aniztasuna zaindu beharreko altxorra da. Programazio honek, gure hiriko errealitate pluralari erantzuteaz gain, errealitate hori ospatu ere egin nahi du, pertsona guztientzako bizikidetza eta aukera-berdintasuna sustatuz, jatorria edozein dela ere". Bestalde, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi andreak hauxe nabarmendu du: “Gure helburu nagusia hiri abegitsu eta justu bat sortzea da. Udaleko zerbitzu guztiak inklusio-ikuspegi horrekin lerrokatuta egotea nahi dugu, gure herritarren benetako dibertsitatera egokitutako arreta bermatuz".

Planaren jarduera garrantzitsuen artean, Eibarko harrera-sistemaren diagnostiko- eta ebaluazio-prozesu bat dago, Emun Elkarteak egingo duena. Uztailean amaituko da, eta hortik Harrera Protokolo bat landuko da. Fase honetan saio batzuk egingo dira, non teknikariek, gizarte-eragileek eta  harrera jaso duten pertsonek hartuko duten parte, haien guztien esperientziak eta benetako premiak biltzeko.

Planaren beste ardatzetako bat da eskola-adinean dauden seme-alabak dituzten familia migratzaileen akonpainamendua hobetzea. Lehen Hezkuntzako ikastetxeekin egindako lan-mahai batean, hasi dira eskola-segregazioari, bizikidetzari eta kulturartekotasunari buruzko kezkei erantzute. Esparru horretan, Urkizu HLHI ikastetxean aitentzako eta amentzako eskola bat jarri da abian, Guraso Eskola izenekoa, Amaia Mendizabal aditua buru duena, non hezkuntza-jarraibideei buruzko kontzientziazioan eta prestakuntzan lan egiten den. Era berean, familientzako harrera-gida bat prestatzen ari da, hezkuntza-sistemari eta beste udal-baliabide batzuei (kirola, kultura, berdintasuna edo aisialdia) buruzko informazio argiarekin, Adarabar elkartearen laguntzarekin.

Planak, halaber, "Eibarren bizi" izeneko gida digital bat egitea aurreikusten du, iritsi berriei udalaren webgunetik tresna irisgarri bat eskaintzeko. Eskura21 enpresa arduratuko da programa diseinatzeaz, eta hainbat arlotako informazio sailkatua emango du: errolda, hezkuntza, enplegua, osasuna edo etxebizitza. Gida euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz egongo da eskuragarri.

Lege-eremuan, Atzerritarrei buruzko Legean egindako erreformak 2025eko maiatzaren 20an indarrean sartu badira ere, Udala lanean dihardu gizarte-arloko profesionalentzako prestakuntza-saioak antolatuz; saio horiek Biltzen Integraziorako eta kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal zerbitzuak  koordinatuko ditu. Lehenengo fasean, bi gizarte-langilek ekainean jasoko dute formazioa; eta aurreikusita dago irailean gainerako langileek ere jasotzea.

Sentsibilizazioarekiko konpromisoa proposamen kulturaletan ere islatuko da.  Maiatzaren 14an Udal Liburutegian Giza Liburutegia egin zen, non pertsona migratzaileek beren bizipenak partekatu zituzten lehen pertsonan, aurreiritziak baztertu eta enpatia sortzeko. Ekimena bideoen bidez sustatu zen sare sozialetan eta Udalaren webgunean.

Kontuan hartuta Eibarko atzerritar jatorriko biztanleen zati handi bat Magrebetik datorrela, irakasleentzako prestakuntza-saioak egingo dira, kulturen arteko bizikidetza eta elkar ulertzea hobetzeko gako kulturalei buruzkoak. Saio horiek marokoar jatorriko Hajar Samadi psikologo eta hezitzaileak emango ditu.

Gainera, Abendu Anitza ekimena egingo da abenduaren 18an, Migratzailearen Nazioarteko Egunean. Hiru hitzaldi antolatuko dira publiko ezberdinei zuzenduak: Bat herritar guztientzat, aurreiritziak baztertzera zuzendua, beste bat pertsona migratzaileekin lan egiten duten profesionalentzat eta hirugarrena arduradun politikoentzat, herri mailan politika inklusiboak sustatzera begira. Hitzaldi horiekin batera, kultura jarduerak egingo dira, hala nola antzerkia eta zine-foruma.

Azkenik, Udalaren Aniztasunaren Sailak zerbitzu giltzarriak eskaintzen jarraituko du: Bidelagun, laguntza psikosoziala emateko prozesu migratzaileetan, eta Empalabramiento, gaztelaniazko eskolak pertsona migratzaileentzat; eta baita, aholkularitza juridikoa atzerritartasunarekin lotutako izapideetan, erakundeen arteko koordinazio-mahaietan parte-hartzea, tokiko elkarteekiko lana, eta gertakari arrazista, xenofobo, antigitano edo LGTBIfobikoekin lotutako jarduketa-protokoloaren jarraipena.