Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar gizarte-zerbitzuetan egindako inbertsioengatik hiri bikainen rankingean dago beste behin

Eibarko aireko irudia.

Eibarko aireko irudia.

2022/12/12

‘Gizarte-bikaintasuna’ zera da: biztanle eta urte bakoitzeko, gizarte-zerbitzuetan eta sustapen sozialean, 100 euro baino gehiago inbertitu duten 20.000 biztanletik gorako udalei ematen zaien aitortza. Eibarrek beste behin jaso du Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak ematen duen egiaztapena.

Eibarrek aurten ere irabazi du ‘bikaintasun’ aitortza, azken urtean gizarte-zerbitzuetan egindako inbertsioagatik. Horrela, Eibar beste behin dago Espainian biztanle bakoitzeko gastu sozial gehien egiten duten 35 udalerrien rankingean sartuta, Estatuko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak egindako txosten batean oinarrituta.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “eibartarrekin dugun konpromisoa irmoa da eta, horregatik, Eibarko Udaletik ere gizarte-premia handienak dituzten pertsonengandik gertu egon nahi dugu, haien ongizatea bermatzeko. Erakutsi dugu, COVID-19aren pandemian gertatu den bezala, prest gaudela  beharrezkoa den ahalegin ekonomiko eta inbertitzailea egiteko une bakoitzean sortzen diren behar sozialei erantzuteko eta inor atzean ez lagatzeko.”

Euskal Autonomia Erkidegoan, lau izan dira sailkapen horretan sartu  eta ‘bikain’ kalifikazioa jaso duten 20.000 biztanletik gorako udalerriak. Horrela, Eibarrekin batera, Gipuzkoako Errenteria eta Zarautz herriek eta Bizkaiko Basaurik jaso dute saria. Hau hirugarren urtea da jarraian Eibarrek aitortza hau jasotzen duela.

‘Gizarte-bikaintasuna’ lortzeko, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien Elkarteak nahikotasun ekonomikoa hartzen du irizpide gisa, hau da, 2021ean gizarte-zerbitzuetan eta sustapen sozialean biztanleko eta urteko 100 eurotik gorako gastu likidatua egiaztatu izana. Eta inbertsiorako ahalegina, hau da, 2021eko gizarte-gastua Udalak 2021ean likidatutako gastu finantzarioa ez den guztizko aurrekontuaren % 10 izatea, gutxienez.

Era berean, gardentasun finantzarioa ere kontuan hartzen da, horri esker erka daiteke Udalaren webguneko Gardentasunaren atarian aurrekontuaren banakatzea eta egotzitako gastuaren xehetasuna.

Eibarko kasuan, eta elkartearen datuen arabera, Udalak 3.412.952 euro bideratu zituen iaz gizarte-zerbitzuetara eta sustapen sozialera, hau da, 124,26 euro biztanle bakoitzeko. Horrek esan nahi du Eibar 35. postuan dagoela aurten, gizarte-zerbitzuetan gehien inbertitu duten 20.000 biztanletik gorako udalerri espainiarren artean.

Guztira, 52 udalerrik osatzen dute Estatuan gizarte-zerbitzuetan bikainak diren udalen zerrenda, eta horien artean Eibar 35. postuan dago.

Guztira 6,2 milioi biztanle bizi dira gizarte-bikaintasunaren irizpideak betetzen dituzten 52 udalerri horietan, 20.000 biztanletik gorako udalerrietan bizi diren 5 pertsonatik 1.