Eibar etxebizitza-merkatuko tentsio handiko eremu deklaratzeko lanei ekingo die Udalak

Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak berresten du Eibarko 01 Barrutiak betetzen dituela eremu tentsionatu izendatzeko legezko baldintzak. Jon Iraola alkateak eta Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotziak nabarmendu dute aukera egokia dela etxebizitzarako sarbidea errazteko neurriak aplikatzeko.
Eibarko Udalak Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txosten bat jaso du, eta bertan ondorioztatzen da udalerriko 01 barrutiak betetzen dituela etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatzeko legezko irizpideak, Etxebizitzarako Eskubidearen maiatzaren 24ko 12/2023 Legeak ezartzen duen bezala.
Azterlanaren arabera, eremu honetan etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak ehuneko hiru puntu baino gehiago egin du gora azken bost urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kontsumo-prezioen indizearen gainetik, eta, horrela, legearen 18.3 artikuluan jasotako funtsezko irizpideetako bat bete da.
Kalifikazio horrek bide emango luke etxebizitzaren prezioa kontrolatzeko, maizterrak babesteko eta herriko biztanleen etxebizitzarako sarbidea hobetzeko.
Jon Iraola Eibarko alkateak positiboki baloratu ditu txostenaren emaitzak. “Etxebizitza eibartarren lehen kezketako bat da, eta, beraz, alkatearena eta gobernu-taldearena, eta herrian babestutako etxebizitza sustatzeko politika argia dugu. Diagnostiko honekin erabakiak hartu eta neurriak bultzatu ahalko dira, 01 Barrutiko bizilagunak babesteko xedez, etxebizitza duina eskuratzea gero eta zailagoa den honetan. Laburbilduz, hiriko bizi-kalitatea hobetzeko irtenbide zehatzak hartu ahalko dira”.
Bestalde, Hirigintzako zinegotzi Luis Vicente Castellanosek adierazi duenez, "bizitegi-merkatuan horrelako tentsioak antzematea funtsezko urratsa da hirigintza-politika justuagoak eta eraginkorragoak abian jartzeko".
Castellanosek, halaber, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. "Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin lan egingo dugu, beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko eta prozesu hau azkar aktibatzeko. Nolanahi ere, eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenak 01 Barrutia soilik aipatzen duela alde batera utzi gabe, jarduketek udalerri osoa ere barne hartzea aztertu nahi genuke".
Eibar eremu tentsionatu izendatzeko, Udalak justifikazio-memoria bat, diagnostiko tekniko bat eta ekintza-plan bat aurkeztu beharko ditu, dagoen etxebizitza eskasiari irtenbidea emateko proposamenekin.