Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar eta Ermua arteko bidegorriaren eta ibai-parkearen proiektuetan laguntzeko erabateko babesa eta prestasuna adierazi du alkateak

Artxiboko irudia. Probintzien arteko muga.

Artxiboko irudia. Probintzien arteko muga.

2023/01/19

“Aldameneko udalerrien arteko komunikazioak eta mugikortasuna eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen orok gure babesa izango du”, ziurtatu du Jon Iraolak. Iraolak gaineratu duenez, Eusko Legebiltzarra gaur egun lantzen ari den ponentziak aurrera eginez gero eta Debabarrena eskualdea Lehentasunezko Jarduera Eremu (ZAP) izendatuko balitz, Eibarko Udalak Eibar-Ermua ibai-parkearen proiektuaren aldeko apustua egingo luke, eskualderako lehentasun gisa. “Eibarko eta Ermuko udalak eskutik goaz, eta erabateko sintonian eta lankidetzan ari gara, gai honen inguruko kezka asko partekatzen ditugulako”, adierazi du Iraolak.

Jon Iraola Eibarko alkateak Eibar eta Ermua arteko bidegorria eraikitzeko proiektuetan laguntzeko eta parte hartzeko erabateko babesa eta prestasuna adierazi du, bai eta bi herrien artean ibai-parke bat sortzeko egitasmoan ere. Iraolak bi ekimen horiek “ondoko udalerrien arteko komunikazio moderno eta seguruak, mugikortasuna eta aisialdirako eremuak hobetzeko planetan” sartzen ditu,

Azken egunotan proiektu horiei buruzko hainbat informazio argitara eman ondoren, Eibarko alkateak berretsi egin du egitasmo horiek babesteko borondatea, bai eta Ermua, Zaldibar eta Eibarko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak —egitasmoetan inplikatuta dauden erakundeak— lortutako akordioetan oinarrituta, dagokien zatian ekonomikoki eta administratiboki laguntzeko asmoa ere.

“Eibar eta Elgoibar arteko bidegorria martxan jartzeak arrakasta handia izan duela egiaztatu ondoren, aldameneko udalerrien artean komunikazio onak izateko beharra berresten dugu eta, zentzu horretan, erabat babesten dugu Eibar eta Ermua artean bizikleta-bidegorri bat egiteko proposamena, are gehiago kontuan hartzen badugu zenbat jende joaten den oinez Ermura edo Aixolako urtegira".

Eibar-Ermua bidegorriak gaurkotasuna hartu du, Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euro inguruko diru-partida baten bidez proiektua lagunduko duela  eta Juan Carlos Abascal Ermuko alkatearen proiektuari babesa ematen diola berretsi ondoren.  Bidegorri hori Ego ibaiaren ondotik joango da, galtzadaren eskuineko aldean, Ermurako noranzkoan, probintzien arteko mugaren eta Ermuko San Lorenzo auzoaren artean.

Bideari esker, oinezkoek ez dute ibilgailuekiko bidegurutzerik zeharkatu behar izango. Horretarako, errepidearen alde horretan (orain bazterbide txiki bat baino ez dagoen lekuan) espazio bat sortuko da, kontrako aldean dagoen espaloia kenduta.  Gainera, Ibur-Errekarako industrialderako sarbideak hobetuko lirateke. Bidegorria eraiki ondoren, inplikatutako udalak arduratuko lirateke —ezartzen diren proportzioetan eta hitzarmen baten arabera— oinezkoentzako bide berria mantentzeaz.

Proiektatutako ibai-parkeari dagokionez, Jon Iraola alkateak berretsi egin du proiektu horren aldeko apustua, Eibarko Udalak aspalditik planteatzen ari dena. Ego ibaiaren beste aldean kokatuko litzateke, ibilguaren beraren eta saihesbidearen trazaduraren artean dauden zelaien gainean. Aisialdirako berdegune bat izango litzateke, nagusiki Zaldibarko udalerriari dagozkion lurretan. Horregatik, beharrezkoa da Bizkaiko udal horrek proiektua bere hirigintza-plangintzan sartzea.

Horren harira, alkateak adierazi duenez, Eusko Legebiltzarra gaur egun lantzen ari den ponentziak aurrera eginez gero eta Debabarrena eskualdea Lehentasunezko Jarduera Eremu (ZAP) izendatuko balitz, Eibarko Udalak Eibar-Ermua ibai-parkearen proiektuaren aldeko apustua egingo luke, eskualderako lehentasun gisa. “Herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen orok gure laguntza izango du, eta ibai-parkea Eibarko lurretan egongo ez bada ere, Eibarko eta Ermuko herritarrei oso ondo etorriko zaie aisialdirako gune berri bat izatea, eta, gainera, balioko du ingurunea lehengoratzeko; nolanahi ere, proiektua gauzatzeko aukera Zaldibarko Udalaren esku egongo da.”.

Azkenik, Jon Iraolak zera berretsi nahi izan du: bai errepidearen ondoko bidegorriaren eta espaloiaren proiektuan, bai ibai-parkea sortzeko proiektuan, “Eibarko eta Ermuko udalak eskutik helduta goaz,  bat eginda eta koordinatuta, gai horretan ditugun kezka asko partekatzen ditugulako, nahiz eta goi-mailako erakundeen laguntza beharko dugun”.