Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar eta Elgoibar arteko bidegorrian komuna egiteko lizitazioa zabalik

Bidegorriaren irudia, Maltzagan. Argazkia: Gpuzkoako Foru Aldundia.

Bidegorriaren irudia, Maltzagan. Argazkia: Gpuzkoako Foru Aldundia.

2024/01/04

Ekipamendu berria Maltzaga aldean jarriko da eta obra zibila eta komuna ipintzea Eibarko Udalaren kargu izango da. Bidegorria, 2020ko abenduan inauguratu zena, jardunbide egokien eredutzat hartu zuten Europar Batasunean eta "Bikefriendly" saria jaso zuen 2021ean.

Eibar eta Elgoibar arteko bidegorriak komun publiko bat izango du. Bi herrietako udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute ekipamendu hau Maltzaga inguruan jartzeko.

Eibarko Udala arduratuko da obra zibilaz eta komuna jartzeaz, eta, horretarako, lizitazioa jada zabalik dago. Proiektuak urtarrilaren 12ra arte aurkez daitezke. Aurrekontua 96.768,66 eurokoa da (BEZa barne) eta gauzatzeko epea zortzi astekoa.  Bestalde, Elgoibarko Udalaren kontura izango da ekipamenduaren hornidura. 

Eibar eta Elgoibar lotzen dituen bidegorria azpiegitura anbiziotsua da, 2020ko abenduan osatu zena, Maltzagan Eibartik abiatzen den 2,1 kilometroko zatia eta Elgoibartik ateratzen den 2,6 kilometroko zatia batzean. Inbertsio handia egin behar izan zen, trazadurak zailtasun orografikoak baitzituen, ibaiaren ondotik igaro eta bide-korapilo garrantzitsu bat zeharkatzen zuen-eta. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Operatiboaren esparruan, eta haren eraikuntza jardunbide egokien adibidetzat hartu zen Europar Batasunean. Inauguratu eta urtebetera, "Bikefriendly" saria jaso zuen "Bizikleta azpiegitura" kategorian.

Bidegorria jende askok erabiltzen du –bai oinezkoek bai txirrindulariek—  Elgoibarrera joateko alternatiba gisa edo kirola egiteko, eta martxan jarri zenetik hainbat ekipamendu jarri dira bertan. Hala, herritarren eskariari erantzunez, Eibarko Udalak bankuak jarri zituen Maltzagan, non bidegorriaren zabalerak ahalbidetzen zuen hori egitea. Komun autogarbigarria ere inguru horretan jarriko da. Gainera, azken asteetan bideko argiztapen- eta argiteria-sarea instalatu eta indartu da.