Eibar aurrera doa “Haurren Lagun den Hiria” bihurtzeko bidean

Diagnostiko bat egin da Eibarko haurren premiak eta kezkak ezagutzeko asmoz. Udalak lanean jardungo du adingabeen bizi-kalitatea hobetzeko.
Eibarko Udalak aurrera egiten jarraitzen du "Haurren Laguna den Hiria" aitorpena lortzeko helburuan. UNICEFek ematen du zigilu hori, eta haurren eta nerabeen eskubideak aktiboki sustatzen dituzten udalerriak saritzen ditu. 2024ko irailaz geroztik, Udala lanean aritu da hiriko haur eta nerabeen egoerari buruzko diagnostiko xehatu bat egiteko, lan hori funtsezko oinarria baita Haur eta Nerabeen Tokiko Plana formulatzeko.
Azterlan horretan 900 adingabek hartu dute parte inkesten bidez, eta, horri esker, Eibarko haur eta gazteen kezka eta premia nagusiak identifikatu dira funtsezko arloetan, hala nola demografian, familian, osasunean, hezkuntzan, aisialdian eta hirigintzan.
Txostenaren alderdi nabarmenenak dira azken hamarkadan gertatu diren jaiotzen beherakada (% 24), eta migrazioaren eragina (17 urtetik beherakoen % 13,9).
Datu sozio-ekonomikoei dagokienez, langabezia-tasa % 9,4ra murriztu da, eta familien batez besteko errenta % 7,3 hazi da azken hiru urteetan (urtean 39.956 euro). Egonkortasun ekonomikoa gorabehera, adingabeen % 41,4k bakarrik uste dute etxebizitza egoki batean bizi direla.
Txostenean jasotzen da, baita ere, umeen %62k helduen errespetua sentitzen dutela, nahiz eta portzentaje hori txikiagoa den adinarekin. % 36k baino ez ditu ezagutzen bere eskubideak eta % 23k zehazki daki zeintzuk diren. Gainera, % 59k parte-hartze handiagoa eskatzen du erabakietan, bereziki, jardueren programazioan eta espazio publikoen diseinuan. <0}
Eibarko adingabeen bizi-kalitatearen pertzepzioa handia da: 10etik 8,6ko batez besteko puntuazioa. Hala ere, diagnostikoaren arabera, haur eta nerabeen % 25 urduri edo oso urduri sentitzen dira, eta % 36k adierazi dute normalean nekatuta egoten direla. Adingabeek kirola egiten dute, baina jarduera hori erabat murrizten da 13 urtetik aurrera.
Hezkuntzaren arloan, ikasleen % 60,2 pozik dago bere ikastetxearekin, eta % 82,6k lagun talde bat du eskolan. Hala ere, nerabeek parte-hartze handiagoa eskatzen dute jardueren plangintzan eta ikastetxeko egutegiaren antolaketan.
Diagnostikoan, halaber, inguruneari buruzko iritziak jasotzen dira. % 34k uste du herria zaratatsua dela eta, % 54,6k salatu du ibilgailuek ez dituztela errespetatzen zebra-bideak. Aisialdiko guneei buruz galdetuta, % 34,1ek bakarrik uste du egokiak edo behar bestekoak direla. Besteak beste, eskatzen dute kirol gune gehiago sortzea aire librean eta gazteentzako eskaintza kultural eta komertzial handiagoa gazteentzat.
Jon Iraola Eibarko alkateak prozesu honen garrantzia azpimarratu du: “Diagnostiko honek gure haurren eta gazteen premiei eta espektatibei buruzko ikuspegi errealista bat eskaintzen digu. Gure konpromisoa da bermatzea ume eta gazteen ahotsak entzun eta jasoko direla, haien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko”.
Bestalde, Sonia Archeli Gizartekintza Arloko zinegotziak gazteen parte-hartzea baloratu du: “Eibarko neska-mutikoak eta gazteak beren herriko protagonista izatea nahi dugu. Haurren eta Gazteen Tokiko Plana egitea aurrerapauso funtsezkoa izango da, haien garapena eta ongizatea sustatzen dituzten politikak finkatzeko.
Diagnostiko honetatik abiatuta, Udalak 17 erronka nagusi identifikatu ditu, besteak beste, kontziliazio familiarra hobetzea, ohitura osasungarriak sustatzea, arrisku-jokaerak prebenitzea eta aisialdi inklusiboko gune gehiago egitea.