Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Diru-laguntzak, prestakuntza-jarduerak egiten dituzten langabetuentzat edo lana hobetu nahian ari direnentzat

2017/07/04

Joan den ekainaren 26ko Udalbatzarrean aho batez onartu ziren laguntzak. Besteak beste, honako hauek onartu ziren: lanbide-heziketako ikasketak, edo lan munduan sartzeko ikastaroak, ingelesekoak barne. Deialdi berri honek hobekuntzak dakartza pertsona bakoitzari zuzendutako zenbatekoan.

Eibarko Udalak, bigarren urtez jarraian, programa bat jarri du abian, langabezian dauden edo lana hobetu nahian ari diren pertsonek trebakuntza-jarduerak sustatzeko diru-laguntzak izan ditzaten. Ekimen honek ekainaren 26an egindako azken Udalbatzarrean alderdi politiko guztien oniritzia lortu zuen. 

Eibarko Udalaren Garapen Ekonomikoaren sailak, Alberto Albistegui buru duela, hainbat neurri hartu ditu sektore zaurgarrienen kualifikazio eta lan-aukerak areagotze aldera. Nahiz eta azken urtean langabezia-tasa jaitsi, haren eragina handiagoa da trebakuntza gutxiagoko kolektiboetan.

Diru-laguntzak honako pertsona hauentzat dira: Eibarren erroldatutako 23 urtetik gorako langabeak edo kontratu hauetakoren bat dutenak: iraupen zehatzeko kontratuak eta urtebete baino gutxiagokoak, lanaldi partzialeko kontratuak  eta 1.200 euro baino gutxiagoko hileko ordainsari gordina duten kontratuak (aparteko pagena barne).

Programak bi ildo ezartzen ditu diru-laguntzetan: lehena, Lanbide Heziketaren gradu ertain edo goi-graduan matrikulatu direnentzat eta bigarren ildoa, lan egiteko aukera areagotzen duten bestelako ikastaroetan matrikulatu direnentzat, baita ingeleseko ikastaroak ere.

Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduaren titulua lortzeko matrikulatu direnentzat, diru-laguntza 800 eurokoa izango da honako gradu hauetan: fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea eta elektronika, instalazio eta mantenimendua, eta informatika eta telekomunikazioak. Lanbide Heziketako bestelako tituluetarako, diru-laguntza 600 eurokoa izango da. Hauxe da, hain zuzen, aurtengo deialdiaren hobekuntzetako bat: diru-laguntzaren zenbatekoa igo egin da eta Eibarko industriek gehien eskatutako titulazioei lehentasuna eman zaie.

Lan-aukerak areagotzeko trebakuntza-jardueraren bat egiten dutenentzat, diru-laguntza, asko jota, 500 eurokoa izango da, matrikularen kostuaren, material didaktikoaren eta garraio-gastuaren arabera. Aurtengo berrikuntzen artean, ingeleseko ikastaroak ere sartu dira eta baita C, D1, D, BE, C1E, CE eta DE motako gidatzeko karneta lortzeko kurtsoak ere.

Albistegui zinegotziaren hitzetan, “ekimen hau Garapen Ekonomikoaren sailaren Enplegurako estrategiaren lehentasunaren barruan kokatzen da”. Ekimena zehazteko orduan, kontuan hartu dira batetik, enpresek eskatzen dituzten profilak, berezik lanbide-heziketakoak, eta bestetik, haien ikasketak bertan behera utzi eta beren kualifikazioa hobetu nahi duten pertsonei laguntzeko erronka. Ekimenak jarraipena izango du eta urtez urte egokitzen joango gara, enpresen eskarien bilakaera aztertuta”.

Diru-laguntza hauek jasotzeko, onuradunak ikasketa guztiak gainditu beharko ditu eta gutxieneko asistentzia irakastorduen % 85ekoa izango da.

Diru-laguntzak eskatzeko epea hurrengo astelehenean, uztailaren 3an hasi eta 2017ko azaroaren 20an amaituko da. Diru-laguntzaren eskaera Pegoran aurkeztuko da, beste dokumentu batzuekin batera. Agiriak deialdiaren oinarrietan zehazten dira eta honako helbide elektronikoan kontsulta daitezke: http://www.eibar.eus/es/tramites/becas-subvenciones-y-ayudas/ayudas-y-subvenciones-municipales.