Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Diru-laguntzak prest, auzo-komunitateei fatxadak zaharberritzeko edota igogailuak jarri eta berrizteko

2018/06/05

Aurten % 10 gehitu dira diru-laguntzak. Gehikuntza honekin, laguntza horiek % 50 igotzeko konpromisoa betetzen da. Berrikuntza gisa, urte honetatik aurrera, gehitu egingo da laguntza, baldin eta fatxada zaharberritzean amiantoa erretiratzeko lanak sartzen badira.

Eibarko Udalak igogailuak jartzeko eta ordezteko obrak egiteko eta fatxadak zaharberritzen laguntzeko diru-laguntza programaren deialdi berri bat jarri du abian 2018. urte honetarako. Alabaina, aurtengoan % 10 gehitu da egiten den obra bakoitzeko emango den gehieneko diru-laguntza.

Era horretan, sendotu egiten da auzo-komunitateekin betidanikoa den konpromisoa, irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak berriztatzeko komunitate horiei ematen zaizkien laguntzen bidez gauzatzen dena.  

Agintaldi honetako konpromisoa da poliki-poliki kopuru hori gehitzen joatea, % 50 gehitzera iritsi arte. Laguntza horiei erantzuteko, 2018ko aurrekontuetan 165.000 euroko partida bat ezarri da, hau da, iaz baino 15.000 euro (% 10) gehiago.   

Honako lanak izango dira diruz lagunduko direnak: fatxadak zaharberritzea, igogailuak jarri edo ordeztea, pegoratik irisgarritasuna bermatzeko igogailuak zero-kotara jaistea (lehendik dauden desnibelak kenduz) eta/edo plataforma jasotzaileak jartzea.  

Aurtengo diru-laguntzen deialdian ezartzen dira zeintzuk diren laguntzak jaso ahal izateko baldintzak.

Igogailuen kasuan, eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak eta jarduerak dira diruz lagunduko direnak. Hona hemen diruz lagunduko diren egitekoak: bizitegi-eraikinen barruan edo eraikinetara iritsi ahal izateko kanpoko aldetik igogailuak ipintzea edo igogailu zaharrak kendu eta berriak ipintzea; modernizazioak; pegoraraino eta pegoraren eta igogailuaren artean egon daitekeen aldea edo desnibela libratzeko edo gainditzeko, arrapalak, plataforma jasotzaileak, elementuak edo beste obraren bat egitea.

Diru-laguntza jarduera osoaren aurrekontuaren % 10 izango da, eta hauek izango dira gehieneko zenbatekoak: igogailu berria jartzeagatik, ematen den laguntza ez da 7.800 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra kendu eta zero kotatik jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ez da izango 5.850 eurotik gorakoa. Igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 3.900koa izango da emango den gehieneko laguntza, eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 1.950 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.

Kasu guztietan, % 10 gehitu da diruz lagundutako kopurua, aurreko urtean aurreikusitakoarekin alderatuta.

Fatxaden kasuan, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzeko xedez egiten diren jarduketak saritzeko baldintza mantentzen da.

Hala, udal diru-laguntzaren zenbatekoa hiru aukera hauetatik txikiena izango da:  Jarduketa-kostuaren % 10; berriztutako fatxada metro koadro bakoitzeko 5 euro; edo 10 euro fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada.  Hortik aterako den zenbateko horri, erakunde publikoek fatxadak konpontzeko egitea exijitu dutenagatik sortutako aparteko kostu horren % 20ra artekoa gehi dakioke; eta, —aurtengo berrikuntza—, amiantoa erretiratzeagatik sortutako kostuena izango da.

Nolanahi ere, diru-laguntza hori jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da, zaharberritzearekin, eraikinak gutxienez C kalifikazio energetikoa lortzea edo bi letratan hobetzea berritzea egin baino lehen zuen kalifikazio energetikoa.

2018ko programa honetako diru-laguntzak jasotzeko, eskaerak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko eta urte honetako azaroaren 16an itxiko da.  Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten komunitateek diru-laguntzaren deialdia irakur dezakete eta www.eibar.eus udal webgunearen "Tramiteak eta zerbitzuak" ataleko "Bekak, diru-laguntzak eta laguntzak" atal horretan sakatu eta eskaera-orriak jaitsi. Eskaerak, Pegora bulegora egin behar dira eskatutako dokumentazioa eskaerari erantsita.