Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Denda-Lan' programan parte hartu dutenen % 73,3 lan merkatuan sartu dira

'Denda-Lan' programako parte-hartzaileak.

'Denda-Lan' programako parte-hartzaileak.

2021/10/06

Eibarko Udalak bultzatuta, formakuntza eta enplegu ikastaroa hasi zuten 15 lagunetatik 11k lana aurkitu dute. Emaitzak ikusita, alkateak adierazi du “beste behin frogatuta geratu dela programa huen garrantzia eta erabilgarritasuna”.

Ebarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatzen duen ‘Denda-Lan’ programan —langabeei zuzendua eta kutxako eta produktua birjartzeko eragiketetan trebatzea helburu duena— parte hartu duten pertsonen % 73,33 lan-merkatuan sartu dira. Programa amaituta, hasi zuten 15 pertsonatatik 11k enplegua lortu dute.

Portzentaje oso handia da, kontuan hartzen bada, gainera, parte hartu zuten 15 pertsonetatik 8k urtebete baino gehiago zeramatela langabezian, eta ikastaroa hasi zuten 15 pertsonetatik 3 baja izan zirela; beraz, ikastaroa amaitu eta prestakuntza burutu zuten 12 pertsonetatik 11k aurkitu zuten lana.

Zehatzago, 11 laneratze horietatik, 8 lanaldi partzialean izan dira eta 3 lanaldi osoan. Bi kasutan merkataritza sektorean lortu dute lana, hiruk ostalaritzakoan, bik garbiketako sektorean, batek industria alorrean eta bik sektore soziosanitarioan.  Gainera, programarekiko gogobetetasuna eta gizarteratzeko eta laneratzeko duen erabilgarritasuna % 100eko onarpenarekin baloratu dute parte hartzaileek.

Emaitza horiek ikusita, Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi du datu horiek “argi erakusten dutela, beste behin ere, Udalak era horretako prestakuntza eta enplegu programak sustatzearen garrantzia eta erabilgarritasuna”. Gainera, eta egungo testuinguru sozioekonomikoa kontuan hartuta, “oso garrantzitsua da langabeei tresnak ematea beren formakuntza indartzea ahalbidetzeko".  

‘Denda-Lan’ joan den maiatzean jarri zen martxan, hamabost parte hartzaileak hautatu ondoren. Pertsona horiek baldintza batzuk bete behar zituzten, hala nola, une horretan langabezian egotea, 20 eta 55 urte bitartekoak izatea, Eibarren erroldatuta egotea, gehienez ere Batxilergorainoko kualifikazioa edukitzea, iraupen luzeko langabeak izatea edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzea.

Ikastaroak 80 orduko iraupena  izan du, eta, kutxako eta produktua birjartzeko eragiketei buruzko prestakuntzaz gain, alderdi hauek ere jaso ditu: gaitasun soziolaboralen eta komunikazio gaitasunen maila handitzea, ahalduntze tailerrak, gaitasun digital gehiago edukitzea, lantokietan praktikak egitea eta gizarteratze-prozesuan laguntzea. Programa hasi zuten hamabost pertsonetatik hamabi emakumeak ziren eta hiru gizonak.

Orientazio soziolaboraleko banakako ekintzen lehen fasearen ondoren, ahalduntze tailerrak egin ziren enplegua aurkitzeko gaitasun soziolaboralen inguruan eta komunikazio arloko gaitasunen inguruan; ondoren kutxako eta produktua birjartzeko eragiketei buruzko formakuntza egin zen.

Bigarren fase batean, parte hartzaileek 20 orduko praktikak egin zituzten Eibarko eta inguruetako enpresetan. Enpresen balorazioa oso positiboa izan zen.  Azkenik, ‘Denda-Lan’ programaren arduradunak ehun bat enpresarekin jarri ziren harremanetan, gehienak merkataritza sektorekoak, pertsona horiei enplegua emateko zuten jarrera ezagutzeko.