Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Debabarreneko 'Gazta Astea' hartuko du Eibarrek, bigarren urtez jarraian

2017/10/17

Urriaren 19tik 22ra bitartean hainbat ekintza garatuko dira eskualdeko artzaintza ezagutzera emateko asmoz, baita artzainek burutzen duten lana erakusteko ere. Aurrez, hainbat bisita gidatu antolatu dira Debabarreneko gaztandegi ezberdinetara. Eibarko Udalak, Debemen (Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) elkartearekin eta eskualdeko gaztandegi ezberdinekin batera antolatutako ekimena da.

Eibarko Udalak, Debemen, Debabarreneko Landa Garapen Elkartearekin eta eskualdeko hainbat gaztandegirekin batera, Debabarreneko II. Gazta Astea antolatu du urriaren 19tik 22ra bitartean, Debabarreneko artzaintza eta gure artzainek burutzen duten lana ezagutzera emateko asmoz.

Datorren ostegunean, urriak 19, Eibarren egingo den pintxo-potean ondorengo gaztak dastatzeko aukera egongo da: Egixa ardi gazta (Itziar); Sosola ardi gazta (Eibar); Mausitxa ardi gazta (Elgoibar); Goienetxe ardi gazta (Mutriku); Egotza ahuntz gazta (Soraluze); Mallegoi behi gazta (Mallabia) eta Onandi ardi gazta (Mallabia). Ekimenean parte hartuko duten tabernak ondorengoak dira: Akara, Arkupe, Baisi, Bar Nuevo, Birjiñape, Bossa, Chic, Foxter, Guridi, Kili kili, Kontent, Koskor, Kultu, O’jays, Oishi, Paulaner, Slow, Tas Tas, Trinkete, Tunelpe, Txoko, Cepa, Boulevard, Sutondo Labaderokua, Estaziño, Amesti, Anardi, Ardobi Ardotegia, La Terraza, Ametsa, Txaltxa, Bolera eta Gure Kaiola.

Egun bat beranduago, urriaren 20an, gazta dastaketa komentatua egingo da Eibarko Udaletxean, 19:00etan. Bertan, aurreko lerroetan aipatutako eskualdeko zazpi gaztagile izango dira: Haritz Sudupe (Itziar), Beñat Egaña (Mutriku), Iñaki Ansola (Elgoibar), Enrike Gisasola (Eibar), Eñaut Gallastegi (Mallabia), Nagore Martín (Soraluze) eta Ruben Markina (Mallabia). Artisauek egiten dituzten gazten ezaugarriak eta berezitasunak azalduko dituzte. Dastaketa Malen Sarasua gazta ikertzaile eibartarrak zuzenduko du. Ekitaldian zehar, eskualdeko zazpi gaztak dastatzeko aukera izango da bertako txakoliarekin eta ogiarekin batera. Ekimenean parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea 943-744067 telefono zenbakira (Debemen) deituta; 40 lagunentzako tokia izango da.

Debabarreneko II. Gazta Asteari amaiera emateko, urriaren 22an Untzaga plazan ipiniko den karpan Debabarreneko Gazta Azoka ospatuko da, 10:00etatik 14:00etara. Bertan, hainbat gaztagilek hartuko dute parte eta eskualdeko gaztak erosteko eta baserritar gaztagileak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da. Gainera, gaztaren produkzioaren inguruan eta artzaintzari buruz sortzen diren zalantzak zuzenean argitu ahal izango dira. Halaber, bi erakustaldi izango dira: gazta egiteko prozesuari buruzkoa eta latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesuarena. Bestalde, umeentzako tailerrak izango dira, 11:30etik 12:30era: gazta egiteko tailerra; irute eta ehuntzea; eta artile tindaketa. Gehienez, 10 ume izango dira tailer bakoitzeko.

Bisita gidatuak

Aldez aurretik, urria osoan zehar, hainbat bisita gidatu antolatu dira eskualdeko gaztandegi desberdinetara. Helburua da abeltzainen bizimodua eta gaztaren prozesua bertatik bertara ezagutzea eskualdeko gaztagileen baserrietan. Orain arte, hiru bisita gidatu antolatu dira ondorengo baserrietara: urriaren 8an, Mausitxara (Elgoibar); urriaren 14an, Mallegoira (Mallabia) eta urriaren 15ean, Donienera (Itziar-Deba). Urriaren 28an Eibarko Sosola baserrira egingo da bisita eta urriaren 29an Mutrikuko Goienetxera. Interesatuek 943-744067 telefono zenbakira deitu beharko dutena izena emateko.

etiketak: Debabarrena, Eibar, gazta, astea