DBE edo DBL jasotzen duten familietako seme-alaben eskolaz kanpoko jardueretako matrikularen % 100eko diru-laguntza: eskaerak egiteko epea urriaren 18ra arte dago zabalik

2019/09/06

Udalak hauxe bermatu nahi du: 5 urtetik 17 urte bitarteko eskola-ume bat bera ere ez dadila geratu diru-arazoengatik eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke. Seme-alaba bakoitzeko jarduera bat lagunduko da diruz. Hona diruz lagunduko diren programak: Afariketan, Multikirolak eta Jazinto Olabeko ludoteka.

Eibarko Udalak, aurten ere, % 100eko diru-laguntza emango du DBE (diru-sarrerak bermatzeko errenta) edo DBL (diru-sarrerak bermatzeko laguntza) jasotzen duten familietako seme-alaben eskolaz kanpoko jardueren matrikuletarako; hain zuzen ere, ondoko jarduera hauetan parte hartzeko: aisialdirako Afariketan programa, Multikirolak eskola-kirolaren programa eta Jazinto Olabeko ludoteka. Laguntza horiek eskatzeko epea urriaren 18ra artekoa izango da. Udalak gutun bat bidali die joan zen urtean diru-laguntza jaso zuten familia guztiei, laguntza jasotzeko aukera aurten ere badutela gogoratzearren.

Diru-laguntza hau eskuratzeko baldintza batzuk bete behar ditu eskaera egiten duen pertsonak. Lehenengo baldintza: eskaera-epearen lehenengo egunaren aurreko sei hilabeteetan gutxienez Eibarko udalerrian erroldatuta egotea. Bigarren baldintza: 2019ko urtarrilaren 31n Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Diru-sarrerak Bermatzeko laguntza baten titularra izatea. Eta, hirugarrena: laguntza eskatzen duenak 5 urtekoa edo hortik goragoko adingabe bat bere kargu edukitzea, betiere, 18 urtetik beherakoa.

Adingabeak ere Eibarren egon behar dira erroldatuta, gutxienez deialdian ezarritako eskaera-epea hasten den egunaren aurreko sei hilabeteetan,  eta diruz lagunduko diren eskolaz kanpoko jarduera publiko horietako batean matrikulatu behar dira. Udalerriko ikastetxe bateko guraso-elkarteren batean ere inskribatuta egon beharko da, betiere elkarteak antolatutako jardueretan parte hartzeko eskatzen denean.

Eskaera formalizatzeko dokumentu batzuk ekarri behar dira. Deialdiaren oinarrietan azaltzen da zein dokumentu diren; denak bildu ondoren, Pegorara ekarri behar dira urriaren 18a baino lehen. Dokumentazioa ondorengo lekuetan aurkeztu daiteke: Pegoran; elektronikoki, udal webgunearen bitartez; edo/eta erakunde publikoetako erregistroen bidez. Correos enpresako bulegoetan aurkeztutako eskariak Eibarko Udalera iritsiko dira gutun ireki batean, data eta zigilua ipintzeko, eskariak aurkezteko epearen barruan ziurtatu baino lehen.

Udal laguntzen programa honi buruzko oinarrietan zehaztuta datorren moduan, ume bakoitzeko jarduera bakar bat lagunduko da diruz (ludoketa, Afariketan edo Multikirolak). Laguntzen tramitazioa errazteko, familiak dirurik aurreratzen ibili ez daitezen, diru-laguntzak ez zaizkie familiei zuzenean emango: eskaerak onartu ondoren, jardueraren arduradunari edo koordinatzaileari ordainduko dio Udalak.  

Diru-laguntzetako programa honek bere helburuak bete eta zuzen eramateko,  Eibarko Udalak informazioa eman die Eibarko ikastetxeetako Guraso Elkarteei eta Eskola Kontseiluei.  Laguntza hauekin Udalak bermatu nahi duena da hauxe da: ez dadila geratu adingabe bat bera ere, arrazoi ekonomikoengatik, bere prestakuntza osatzen duten eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke. Ekimen hau hirugarren urtez egiten da aurten.