Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datozen hiru urteetan Eibarko ekialdea hobetuko duten hainbat proiektu estrategiko egingo dira, 30 milioi eurotik gora inbertituta

Barakaldo kalearen artxiboko irudia.

Barakaldo kalearen artxiboko irudia.

2023/04/26

Hurrengo ekitaldietan trenbide gaineko pasealekua eraikiko da, Hijos de Gabilondo eraberritu, Lapeyran etxebizitza babestuak egin, Murrategi erabat eraberritu eta Arragueta kalea berrurbanizatu. Proiektuetako batzuk PSE-EE eta EH-Bildu udal-taldeen arteko akordioen eta beste erakunde batzuetatik lortutako babes ekonomikoaren emaitza dira.

Eibarko ekialdea deiturikoak -Barakaldo, Barrena, Azitain eta Murrategi kaleak hartzen dituena- aldaketa urbanistiko garrantzitsuak izango ditu datozen hiru urteetan, eremu hori birgaitzea eta nabarmen hobetzea ahalbidetuko dutenak, hainbat proiektu estrategikoren bidez. Horretarako, 30 milioi eurotik gorako inbertsio ekonomikoa egingo da.

Jon Iraola Eibarko alkateak jarduera horien garrantzia azpimarratu du, izan ere, “epe labur eta ertainean herriaren ekialderako garatzen ari garen proiektuak eta inbertsioak, bai eta diru-kopurua ere, eremu hori Eibarko bizitza sozioekonomikoaren erakarpen gune bihurtzeko Udalak egiten duen apustuaren isla dira”.

Horren harira, Iraolak zera nabarmendu nahi izan du: “Ingurune horren konfigurazio urbanistikoa konplexua da; industria-eraikin eta lokal zahar asko daude, hutsik eta jarduerarik gabe. Baina, hala ere, konpromisoak eta jabeekin eta erakundeekin izandako negoziazio-ahaleginak azpiegitura berriak egin ahal izatea ahalbidetu dute, eta azpiegitura horiek eragin zuzena izango dute inguruko bizilagunen eta, oro har, herritarren bizi-kalitatean”.

Aurreikusitako proiektu nabarmenenak hauek izango dira: Estaziño eta Azitain arteko oinezkoentzako pasealekua sortzea, trenbidea estaliz; Rafael Lapeyra industria-eraikin zaharrean etxebizitza babestuak eraikitzea; Hijos de Gabilondo enpresa zaharraren instalazioak birgaitzea, eta Murrategi auzoa goitik behera berritzea.

Proiektu horiek aurrera eramateko, Udalak beste administrazio batzuen laguntza ekonomikoa izango du, besteak beste, Eusko Jaurlaritzarena, Gobernu zentralarena edo Europako erakundeena, Next Generation funtsen bidez. Erakunde horiek hainbat ekarpen ekonomiko egiteko konpromisoa hartu dute, eta “horrek Udalaren negoziazio-gaitasuna balioan jartzen du”, Iraolak nabarmendu duenez.

Proiekturik aipagarriena eta eraldatzaileena Estaziño eta Azitain arteko trenbidea estaltzea izango da, eta, ondorioz, oinezkoentzako pasealeku bat egitea. Egitasmoak 17 milioi euroko aurrekontua izango du: % 90 Europako funtsekin finantzatuko da, eta gainerako % 10a, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, erdibana. Trena estaltzeko lanak hasita daude dagoeneko eta datorren urtean jarraituko dute.

Jarduketa horretarako Next Generation funts europarren bidez laguntza ekonomikoa lortzeak aukera eman dio Udalari bere aurrekontu-aurreikuspenak aldatzeko; hala, proiektu horretarako programatutako hasierako inbertsioaren zati handi bat beste egitasmo batzuetara bideratu ahal izango da, alegia, Barakaldo, Barrena eta Azitain inguruko berroneratze-planetara.

Zehazki, ekimenik nabarmenena da zera da, Hijos de Gabilondo fabrika zaharraren eraikina eta inguruak birgaitzea eta eraldatzea, lur horiek herritarren zerbitzurako aisialdirako eta bultzada sozioekonomikorako gune bihurtzeko.  Udalak 2.750.000 euroren truke eskuratu zituen lursail horiek jabetzan, eta beste 7,5 milioi inguru erabiliko ditu birgaitzeko eta eraldatzeko. Horietatik 5 milioi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda Sailak ordainduko ditu.

Une hauetan, Eibarko arkitektura-estudio batek egindako aurreproiektu bat amaitzen ari da Udala, eraikinaren zati bat birgaitzeko eta inguruak urbanizatzeko.  

Beste proiektuetako bat da Rafael Lapeyra eraikin industrial zaharra eraberritzea, Barrena 34 zenbakian, hogei bat etxebizitza babestu eraikitzeko. Udalak duela gutxi erosi zuen higiezin hori 500.000 euro inguruan, Eusko Jaurlaritzari lagatzeko, hura izango baita etxebizitzen promozioa egingo duena.

Proiektu horren ezaugarri nagusietako bat da Udalak aukera eskaini diela Electrocicloseko eraikinaren etxabeetan dauden etxebizitzetako bizilagunei (Barakaldo kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakiak) beren etxeak beste batzuekin trukatzeko Barrena 34an egingo den eraikinean, betiere trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzeak kalte egiten diela uste badute. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lanean dihardute truke hori nola formalizatu zehazteko.

Etxebizitza-sustapen berria errazteaz gain, Lapeyrako eraikin zaharraren eraldaketak eta eremu horren berrurbanizazioak Barrena 36 zenbakira iristeko gaur egun dauden arazoak konpontzea  ahalbidetuko du, etxebizitza horietan dagoen aldapa handia saihestuz.

Murrategiko auzoa berroneratzea da Ekialdeko hirigintza-hobekuntzarako beste asmoetako bat.   Proiektu hori EH Bilduk Estatuko aurrekontu orokorrei aurkeztu eta Gobernu sozialistak onartutako zuzenketa bati esker egingo da. Murrategiren birmoldaketa egiteko, Estatuak 3 milioi euroko dirulaguntza bat emango du.

Murrategiko Birgaitze Integratuko Plan Berezia onartu zenetik –bere garaian auzokideei azaldu zitzaiena–, Udalak lanean dihardu jasotako proposamenak dokumentu batean aplikatzeko.  Eta, horren harira, Planak eragindako bi partzeletako bat eskuratu zuen Udalak 2022an. Gainera, Udala, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, Ego ibaia eta haren ertzak biziberritzeko proposamenak kudeatzen ari da, ingurune osoa hobetzeko xedearen testuinguruan.

Aurreko guztiaz gain, gogoratu behar da Eibarko Udalak abian jarri dituela Arragueta kalea berrurbanizatzeko lanak, eta horrek hobekuntza nabarmena ekarriko diela inguruko bizilagunei.  Egitasmo hori joan den astean aurkeztu zen eta haren aurrekontu zenbatetsia 1,2 milioi euro ingurukoa da.

Halaber, Eusko Jaurlaritza gazteentzako etxebizitza berriak egiten ari da, Bittor Sarasketako epaitegi zaharraren eraikinean.  

Azkenik, aipatzekoa da Txontan garatzen ari den prozesu indartsua: orain arte, 5 milioi euro inguruko inbertsioa egin da etxebizitzak birgaitzeko lanetan.

PSE-EE eta EH Bildu udal-taldeen arteko akordioa

Herriaren ekialderako programatutako jarduera horietako asko talde sozialistak EH Bilduren udal-taldearekin 2021ean lortutako akordioei esker egin ahal izango dira.

Jon Iraolak nabarmendu duenez, udal-talde sozialistak sintonia ona du EH Bildurekin, herria eraberritzeko proiektu estrategikoak bultzatu eta abian jartzeko.

Horren harira, akordioan EH Bildu taldearen babesa jasotzen da honako proiektu hauetan: trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzea, Txonta auzoko hirigintza-antolamendu berria, zeinak berrurbanizazioa eta Eusko Jaurlaritzaren kontura etxebizitza babestuak sustatzea ahalbidetuko baititu, eta baita datozen urteetarako beste asmo batzuk  ere.

Azken horien artean daude, esaterako, plan pilotu bat ezartzea, ingurune horretako bizilagunei orientazioa emateko eta lana topatzen laguntzeko.  Bi alderdien artean adostutako bigarren proiektu bat da Barakaldo-Barrena-Azitain aldean saltoki txikien suspertze-programa bat abian jartzea. Programa horretan, dirulaguntzen lerro bat egongo da merkataritza-lokalak txukuntzeko eta alokairua ordaintzen laguntzeko, eta ekintzaileekiko elkarlana sustatuko da, zerbitzuak/enpresa sortu berriak bertan kokatzeko.

Eta, azkenik, hirugarren proiektua Barrena eta Barakaldo kaleetako jolas-parkeak birdiseinatzea da auzoko haurrekin eta gurasoekin batera, parte-hartze prozesu integralen bidez.