Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datorren astetik aurrera, Ego Ibaia eta Eibarko hainbat erreka garbitzeko kanpaina egingo du Udalak

Ego Ibaiko irudia, Apalategitik igarotzean.

Ego Ibaiko irudia, Apalategitik igarotzean.

2023/06/08

Ego ibaiaren zati estaligabeetan jardungo da, eta Txonta, Aiaga, Asuaerreka eta Gorosta erreketan. Iaz, 3.005 kilo hondakin batu eta erretiratu ziren.

Eibarko Udalak kanpaina bat egingo du herritik igarotzen den Ego ibaia eta harekin bat egiten duten errekak garbitzeko, iaz egin zuen bezala.  Lanak datorren astean hasi eta hiru asteko iraupena izango dute.

Garbiketa-lanak ibaiaren hiru zatitan egingo dira, guztira 2.400 metroko hedaduran: Otaola-Torrekua (420 metro), Barrena-Murrategi-Azitain (490 metro), Apalategi-Maltzaga (1.010 metro), Txontako erreka (220 metro), Aiaga-Murrategi (95 metro), Asuaerreka (65 metro) y Gorosta-Azitaingo poligonoa (100 metro).

Azpimarratu behar da hondakin gehienak Apalategi-Maltzaga (bidegorriaren ondoan) eta Barrena-Murrategi zatietan pilatzen direla.

Zaborrak eskuz bilduko dira, eta arreta berezia jarriko da landarediari, faunari eta inguruneari ez eragiteko. Jasoko den zaborra halaxe dago definituta: nahita edo nahigabe ibai-ingurunean amaitu den material solido antropogeniko, manufakturatu edo prozesatua, hala nola plastikoak, ehunak, pneumatikoak edo metalak.

Ermuko hiri-eremuaren hasieratik Maltzagan isuri arte, Ego ibaia erabat aldatuta igarotzen da, zati batean estalita edo horma bertikalez bideratuta baitago, eta horrek ibaiertzak degradatzea dakar. Eta gauza bera gertatzen da Egora isurtzen diren erreken behe-ibilguekin, Eibarko herrigunea estalita zeharkatzen baitute.

Saneamendu-sarearekin dagoen arazoaz gain, hori baita Ego ibaiaren kutsadura organikoaren arrazoia, zaborra metatzeko arazo bat dago ibaiaren hainbat zatitan, non plastiko- eta ehun-hondakinak pilatzen baitira, ibaiak arrastaka eraman eta adar eta landarediaren artean korapilatzen direnak.

Ibaian gora, hormigoizko hormekin edo harri-lubetekin bideratuta dagoen tarteetan, bereziki Eibarko hirigunetik igarotzean, ez dago zaborra metatzeko arazo handirik, hondakinak ez baitira hain atxikita geratzen. Hala ere, garrantzitsutzat jo da bideratutako zenbait tarte berrikustea eta garbitzea. Era berean, zenbait puntu hauteman dira ibaiaren zati estali gabeetan, non hondakin astunagoak (gurpilak, txatarrak, egurrak, plastiko zurrunak) eta plastiko eta ontzi arinak dauden.

Iaz, 3.005 kilo hondakin batu eta erretiratu ziren. Haietatik 2.300 kilo errefusako hondakinei zegozkien, eta beste 705 kiloak beste hondakin mota batzuetakoak ziren, eta Eibarko Garbigunean utzi ziren. Horretarako, Debabarreneko Mankomunitatearen laguntza izan genuen.

Jarduera honen bidez, Udalak itsas ingurunera iristen den hondakin kopurua murrizten laguntzen du; izan ere, itsas zaborra arazo global bat da gaur egun, handitzen ari dena eta neurriak hartzea eskatzen duena. Datuen arabera, itsasora iristen diren hondakinen % 80 lurretik datoz, neurri handi batean, kontzientziazio faltagatik, erreketan amaitzen diren hondakinak kontrolik gabe isurtzen direlako eta, azkenean, itsasora iristen dira.

Jarduera honetarako, beste behin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren dirulaguntza bat baliatuko da.