Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Dagoeneko hogei enpresa baino gehiagok eskatu dute langabetuak kontratatzeko diru-laguntza

2017/11/07

Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da abenduaren 2ra arte. Udalak eta Lanbidek finantzatu dute programa 168.500 eurorekin.

Udalak diru-laguntza deialdia egin du Eibarren finkatutako enpresek langabetuak kontrata ditzaten; epea abenduaren 2ra arte zabalik egongo bada ere, dagoeneko hogei enpresa baino gehiagok egin dute eskaera.  

Diru-laguntza hauek enpresen artean izan duten harrera ona ikusita, Udalak interesa duten gainerako enpresa guztiei lehenbailehen egiteko gomendatzen die, eskaerak aurkeztu eta onartu ahala ematen ari baitira diru-laguntzak, eta epea ezarritako partida agortzen den unean itxiko baita.  Diru-laguntzen zenbatekoa 168.500 eurokoa da; 101.888 euro Lanbidek jarri ditu eta 66.567 euro Udalak.

Enpresek diru-laguntza hauek eskuratzeko bete beharreko baldintza nagusienak hauexek dira: kontratatzen diren langabetuak Eibarren egon beharko dira erroldatuta 2017ko urtarrilaren 1etik gutxienez, diruz lagunduko diren kontratuak 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era egindakoak izango dira, eta kontratatutako pertsonak langabeak izango dira eta Lanbiden inskribatuta egon beharko dute lan-eskatzaile gisa.

Alberto Albistegui zinegotziaren iritziz, “Udaletik erraztu eta bultzatu egin behar dugu langileak kontratatzea. Aurten, diru kopuru esanguratsua erabili nahi izan dugu enpresei laguntzeko langabetuak kontrata ditzaten. Gainera, langabetu batzuen kasuan, lehenengo lanpostua izango da, eta beste batzuei aukera emango zaie lan mundura berriro itzultzeko eta enpresan geratzeko.”

Kontratuen gutxieneko iraupena hiru hilekoa izango da eta bakoitza bere alorreko hitzarmenaren arabera egin beharko da. Gainera, kontratazioek enplegu sorrera gordina ekarri beharko dute enpresaren batez besteko plantilla osoarekiko, pertsona kontratatu berriak sartu baino hiru hilabete lehenago. Ez dira lau kontratu baino gehiago diruz lagunduko onuradun bakoitzeko.

Programa honen oinarrien arabera, kontratu hauek finantzatuko dira: 3 hilabeteko 4 kontratu lanaldiaren % 50ean; 3 hilabeteko 9 kontratu lanaldiaren % 100ean; sei hilabete edo gehiagoko 21 kontratu lanaldiaren % 100ean; eta sei hilabete edo gehiagoko kontratu bat lanaldiaren % 10ean, kolektibo berezientzat.

Lehen hiru kasuetan, diru-laguntzaren zenbatekoa soldaten kostuaren eta gizarte segurantzaren % 75 da gehienez ere, muga hauekin: 6.000 euro, lanaldi osoko sei hilabeteko kontratuengatik; eta 3.000 euro lanaldi osoko hiru hilabeteko kontratuengatik. Lanaldi partzialeko kontratuetan, gutxienez % 50ekoak izan beharko dira eta diru-laguntzaren zenbatekoa proportzionala. Diru kopurua soldaten kostuen eta gizarte-segurantzaren % 100ekoa izango da, kolektibo berezietako pertsonak kontratatuz gero, hala nola DSBEren titularrak, lehen enplegua lortzen duten 35 urtetik beherako pertsonak, iraupen luzeko langabetuak edo 55 urtetik gorako pertsonak. 

Deialdiaren oinarrietan zehazten denez, diru-laguntzetan ez dira ordainketak aurreratuko. Justifikazioa aurkeztea eta hura egiaztatzea ezinbesteko baldintza izango da onuradunaren aldeko obligazioa aitortzeko eta dirua ordaintzeko.