Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Covid-19ak kaltetutako Eibarko 108 ostalaritza-establezimenduk jasoko dute Udalak martxan jarritako laguntza-lerro berezia

Argazkian, Kultu taberna.

Argazkian, Kultu taberna.

2020/12/15

Udalaren dirulaguntza jasotzeko baldintzak bete dituzten tabernek eta jatetxeek 500 eta 850 euro bitartean jasoko dituzte establezimendu bakoitzeko. Udalak 100.000 euro jarri ditu programa honetarako, osasun krisiak sektore kaltetuenetako batean eragindako ondorioak arintzeko.

Eibarko Udalak onartu du 500 eurotik 850 eurora bitarteko dirulaguntzak ematea COVID-19 pandemiaren ondorioak jasan dituzten ostalaritza-sektoreko 108 establezimenduri. Laguntza-lerro hau jasotzeko epea abenduaren 4an amaitu zen eta, guztira, 126 izan dira aurkeztu diren eskaerak.

Hala, laguntza hauek pertsona fisiko edo juridikoek jasoko dituzte, Eibarren ostalaritza-lokala irekita eta aurtengo azaroaren 6an funtzionamenduan zutenek eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 eurotik beherakoa dutenek. Gainera, laguntza hori jasotzeko baldintzetako bat zen establezimenduek Eibarko Jarduera Ekonomikoen Zergan edo JEZn alta emanda egon behar zutela azaroaren 6an. Halaber, JEZaren azpitalde hauetakoren batean ordaindu behar dute zerga: jatetxeetako zerbitzuak; kafetegietakoak; kafetegi eta tabernetakoak, janariarekin eta janaririk gabe; edo jatetxe, kafetegi eta kafetegi-tabernetako zerbitzu bereziak.

Onartu den eskaera bakoitzeko eman den gutxieneko udal dirulaguntzaren zenbatekoa 500 eurokoa izan da, betiere oinarrietan eskatutako baldintza guztiak bete izan direnean. Dirulaguntzaren zenbatekoa gehitu egin da kasu bi hauetan: alde batetik, establezimenduaren titularrak lokala errentan hartua duenean, hau da, lokalaren jabe ez denean, baizik eta lokalaren errentari; kasu horretan 200 euro gehiago eman zaizkio. Eta establezimenduaren titularrak azaroaren 6an beren plantillan, bataz beste,  hiru pertsonatik gora bazituen, beste 150 euro jaso ditu.

Udalak joan den azaroan eman zituen argitara ohiz kanpoko dirulaguntzen lerro honen helburua zen Covid-19ren krisiak eta alarma-egoerak eragindako jarduerari eusteko likidezia ematea.

Udalak laguntza hauetarako ezarri duen partida 100.000 eurokoa izan da.

Udalak sustatutako ostalaritza-sektorerako laguntza-programa hau koronabirusaren pandemia-krisia hasi zenetik bultzatzen ari den talka-planean jasotako neurri sozioekonomikoen multzo horren barruan kokatzen da. Eta, alde horretatik, Udalak sentiberatasun berezia izan du ostalaritzaren sektorearekin; izan ere, sektore horrek murrizketa handiak izan ditu bere egitekoan, eta osasun-krisiak asko zigortu du.