Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bozeramaile Batzarrak onartutako adierazpen instituzionala esplotazio sexualari eta pertsonen salerosketari buruzkoa

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/09/24

Palermoko nazioen protokoloak (pertsonen, eta bereziki, emakume eta neskatoen salerosketa prebenitu, erreprimitu eta zigortzeko protokoloa, delinkuentzia antolatu transnazionalaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa osatzen duena, Palermo. 2003) eta gizakien salerosketaren aurkako borrokari buruzko Europako kontseiluaren hitzarmenak (aurrerantzean, Varsoviako hitzarmena) hainbat esplotazio-modu jasotzen dituzte, hala nola inoren konturako prostituzioa edo beste sexu-esplotazio mota batzuk, behartutako lanak edo zerbitzuak, esklabotza edo esklabotzaren, morrontzaren edo organoak erauztearen antzeko praktikak. Halaber, delitu-egintzak egiteko eta eskean jarduteko esplotazioa, eta behartutako ezkontzak Espainiako Estatuan detektatu diren gizakien salerosketa motak dira.

Errefuxiatuentzako Nazio batuen Goi Komisiodunak (ACNUR) pertsonen salerosketaren biktimak eta salerosketaren biktima izateko arriskuan dauden pertsonak nazioartean babesteari buruz emandako jarraibideek honako hau ezartzen dute 2006az geroztik: "Pertsonen salerosketaren biktima edo biktima potentzial batzuk errefuxiatuen estatutuari buruzko Genevako 1951ko konbentzioaren 1. artikuluan jasotako errefuxiatuaren definizioaren esparruan egon litezke”.

Hala ere, eta ACNUR erakundeak duela 13 urte xedatutakoa gorabehera, salerosketa-egoeran dauden emakumeen nazioarteko babesaren aitortza Estatu espainarrean oso mugatua izan da orain arte.

Gaur egun, bi dira erakundeek aplika ditzaketen tresnak, Euskadin administrazio-egoera irregularrean dauden sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimak babesteko: Sexu-esplotaziora bideratutako gizakien salerosketaren biktimei (errekuperazio- eta hausnarketa-prozesuan daudenean) laguntzeko barne-koordinazioko protokoloa, eta asilo-eskubidea.

Bai batak bai besteak biktimen administrazio-egoera arautzeko aukera eskaintzen dute.

Euskadin, estatuko, autonomia-erkidegoko, foru lurraldeko eta tokiko eragileek jarduten dute, baina bakoitzak eskumen zehatzak ditu eta alderdi jakin batzuetan jartzen du arreta. Eragile anitzeko eta erakunde arteko egoera hori dela eta, ezinbestekoa da koordinazio eta lankidetza estua izatea. Horregatik, 2016an esparru-protokolo bat ezarri zen, eta Euskadin, protokolo hori esparru autonomikora egokitu zen.

Udal gisa, ez dugu ahaztu behar sexu-esplotaziorako salerosketa, batez ere emakumeena eta neskatoena, gure lurraldean ere badagoela, eta irabazi handiko negozioa dela gure udalerrietan ezarritako legez kanpoko taldeentzat. Gai honen inguruan dagoen araudi lausoaren babesean, ostatu edo klub ugari daude, non begi bistan dagoen emakumeen eta adingabeen salerosketa egiten dela; zentro horiek arautzen dituen erregelamendu laxoa ez da nahikoa bertan gertatzen dena kontrolatzeko.

Horregatik guztiagatik,

1. Eibarko Udalak irmo gaitzesten du pertsonen, bereziki, emakumeen eta neskatoen salerosketarekiko eta esplotazioarekiko pasibotasuna eta tolerantzia soziala.Esparru horretan emakume eta neskak deshumanizatzeak, irabaziak lortzeko irrikak, eta norbere desioei berehala erantzun nahiak bidea libre uzten diete pertsonen salerosleei, zeinek, pandemiak larriagotutako zaurgarritasun-egoerez baliatuz pertsonak erakartzen dituzten beren xedeetarako.

2. Eibarko Udalak proposamen eta akordioetan lan egiten jarraituko du, salerosketaren biktimei, bereziki, sexu-esplotazioa jasaten ari diren emakume eta neskatoei, erantzun legal eta instituzional bat emateko; erantzuna eraginkor eta koordinatua izan behar da eta aurrekontuz hornitua egon behar du. Horrez gain, lanean jarraituko dugu gure herria "sexu-esplotaziorako salerosketarik gabeko lurraldea" deklaratua izan dadin.

3. Eibarko Udalak jarraituko du modu koordinatuan eta lankidetza estuan lan egiten, Berdinasarearen barruan, bai eta sexu-esplotaziora bideratutako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Koordinazio Mahaiarekin ere (Emakundek koordinatua), zeinak lan-plangintza bat garatzen duen urtero arlo horretan.

4. Eibarko Udalak uste du funtsezkoa dela esplotazio sexualerako salerosketaren (bereziki neska eta emakumeena) arazoa agerian jartzea, batez ere Covid-19aren ondorioz mundu osoa krisialdian dagoen honetan; horretarako, formazio- eta informazio-materiala prestatzen jarraituko dugu, bai arlo horretan diharduten profesionalentzat, bai gizarte osoarentzat, helburua izanik gai honetan esku hartzea eta Euskadin eta mundu osoan sexu-esplotaziorako salerosketaren arazoaz kontzientzia hartzea.

5. Eibarko Udalak publikoki aitortzen du salerosketen biktimei laguntzeaz arduratzen diren pertsonek, erakundeek, elkarteek eta instituzioek aspalditik egiten duten lana. Lan hori beharrezkoa da, esparru horretan eskumena duten erakundeekiko koordinazioarekin eta lankidetzarekin batera, biktima horiek, gehienak emakumeak eta neskatoak, behar duten justizia, osasuna eta babes soziala lor dezaten.

6. Eibarko Udalak erakundeei eskatzen die salerosketaren aurkako mahaian lanean jarraitzeko, salerosketa-egoeran edo salerosketan egoteko arriskuan dauden biktimen detekzioa eta laguntza hobetzeko helburuz. Horretarako, honako neurriak bere egingo ditu: nazioarteko babesaren ikuspegia txertatzea, koordinazio- eta deribazio-mekanismoak ezartzea detekzio-, identifikazio-, laguntza- eta babes-esparruaren eta asilo-politikaren artean, bai eta biktimentzako integrazio- eta gizarteratze-neurri espezifikoak hartzea ere.

7. Eibarko Udalak komunikabideei eta turismoko eta aisialdiko eragileei eskatzen die ken ditzatela prostituzioaren publizitatea eta eskaintza, sexu-esplotaziorako xedez egindako pertsonen salerosketaren banalizazioa saihesteko.

8. Eibarko Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio —gai horretan eskuduna baita— “Jatorrizko herrialdean nagusi diren inguruabarrak" elementua ezabatzeko genero-arrazoiengatiko jazarpenaren eta sexu-orientazio edo -identitatearen kasuetarako nazioarteko babesa aitortzeko baldintzatzaile gisa.

9. Eibarko Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio gizakien salerosketaren aurka borrokatzeko eta biktimak babesteko Lege integral bat onar dezala, arazoari helduz babes-aterki bat eskainiko duena eta genero-intersekzionalitatea duen ikuspegi batekin, bereziki haurrei zuzenduta egongo dena.