Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bizikleta-garbigune bi egongo dira Azitainen eta Ubitxan

Bizikleta-garbigune bi egongo dira Azitainen eta Ubitxan

Azitainen kokatuta dagoen bizikleta-garbigunea.

2019/01/07

Lehenengo egitura, Azitaingo frontoiaren ondoan kokatua, martxan da dagoeneko; bigarrena hurrengo egunetan jartzen hasiko da eta aste batzuen buruan egongo da prest. Ekimenak 9.000 euroko kostua izan du eta zerbitzu ezin egokiagoa emango die bizikleta zaleei.

Eibarrek bizikletak garbitzeko bi gune izango ditu, txirrindulariek, bereziki mendi-bizikleta zaleek, kirol hori egin eta gero beren bizikletak non garbitu izan dezaten. Ekimen honekin, Udalak bultzatua eta finantzatua, erantzuna ematen zaio txirrindularien eskari bati; izan ere, aspaldi ari ziren eskatzen halako zerbitzu bat, beste herri batzuetan badagoena.

Bi tokiak Azitainen eta Ubitxan egongo dira. Lehen gunearen instalazioa egin da dagoeneko, Azitaingo industria-poligonoan, Altzubarren frontoiren ondoan. Bestea Ubitxan jarriko da, zehazki, Unberako igoera hasten den iturri ondoko aparkalekuen gunean. Aste honetan bertan hasiko dira lanak eta aste batzuk barru martxan egongo da.

Obra bi hauen aurrekontua 9.000 eurokoa da. Bizikleta-garbigune hauek altzairu herdoilgaitzezko egitura bat dute, eta aldamenetan metakrilatozko manparak. Barruan iturri bat dago sakagailu batekin eta ura presioan botatzen duen mahuka batekin.

Era horretako lehen gunea Azitainen jarri ondoren, udal ordezkariek gizabidez jokatzeko deia egiten dute, bandalismo-ekintzak saihestuz. Izan ere, egitura jarri eta egun gutxitara beste mahuka bat ipini behar izan dute, berria lapurtu egin dute-eta.

Miguel de los Toyos alkatea pozik azaldu da zerbitzu honekin: "Txirrindularien eskaera bati erantzuten dio eta, seguru asko, jende pila batek erabiliko du, kirol hori oso zabalduta baitago eibartarren artean"; era berean, "konfiantza dauka gune horiek egoki erabiliko direla eta herritarrek zaindu egingo dituztela".  

Ekimen hau Eibarko PSE-EEren eta Eibarko EAJ-PNVren artean negoziatutako zuzenketa baten fruitu da, bi partiduen artean 2018ko udal aurrekontuetarako daukaten akordioaren ondorioz.