Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bittor Sarasketako ur-hornidura sareko obren ondorioz kalea itxita egongo da azaroan eta abenduan

Artxiboko irudia. Bittor Sarasketa kalea.

Artxiboko irudia. Bittor Sarasketa kalea.

2022/11/08

Ibilgailuen zirkulazio-aldaketak gaur hasiko dira, eta epaitegi zaharretako bidegurutzetik Estaziño kalerainoko zatiari eragingo diote. Lanak egin bitartean, bermatuta egongo da bai garaje pribatuetarako bai aparkaleku publikoetarako sarbidea.

Joan den irailetik Bittor Sarasketa kaleko ur-hornidura sarea erabat berritzeko  Gipuzkoa Urak entitateak egiten diharduen lanak bigarren fasean sartuko dira gaurtik aurrera; horrek aldaketa handiak eragingo ditu ibilgailuen trafikoan, baita aparkalekuetako gune publiko zein pribatuetarako sarbideetan ere.

Gipuzkoako Urak erakundeak Udalari adierazi dionez, proiektuaren bigarren fase hau bi zatitan egin eta abenduaren amaieran amaituko da. Horren ondorioz, Bittor Sarasketa kalea trafikorako itxita geratuko da, epaitegi zaharren eraikinaren ondoko bihurgunetik Estaziño kaleraino.

Horrela, gaurtik aurrera, Urkizu ingurutik Bittor Sarasketara doazen ibilgailuek, 12. zenbakiaren parean (lehengo epaitegien aurrean), Matxariarantz jarraitu beharko dute tuneletik, eta handik Estaziñora itzuli Ibargain eta Pagaegitik; edo, bestela, saihesbidea hartu Matxarian, Eibar erdigunerantz jarraitzeko.

Nolanahi ere, salbuespenak egongo dira kale horretako aparkaleku publiko zein pribatuetara sartzeko. Bermatu egingo da une oro kale horretako 5 zenbakiko garaje pribatuetara joan nahi duten ibilgailuen sarbidea.

Bestalde, Bittor Sarasketako fabrika eraitsiaren orubean dauden aparkaleku publikoetara sartu ahal izateko, azaroaren 21etik aurrera ibilgailuak Estaziñotik aparkalekuraino jaitsi ahal izango dira, baina aparkalekua uzterakoan ezingo dira Estaziñorantz itzuli, eta epaitegien bidegurutzera joan beharko dute eta Matxariarako bidea hartu.

Aparkalekuetara joatea errazteko, Bittor Sarasketako sarbidea irekita egongo da une oro, eta alde batera edo bestera aldatuko da, obren bilakaeraren arabera.

Aldaketa horien guztien berri emateko, Gipuzkoako Urak erakundeak Bittor Sarasketa kalean eta haren sarbideetan planoak dituzten informazio-kartelak jarri ditu, eta, aldi berean, inguruko pegoretan ere oharrak jarri dira aldaketen berri emateko.

Oinezkoen zirkulazioari dagokionez, zanga gehienak espaloian egingo dira; beraz, esku-hartuko den kale-zatian bidearen zabalera murriztu egingo da errei bakarra utzita eta oinezkoa beste erreitik desbideratuko da. Halaber, une batzuetan ur-hornidurari eragingo zaio, sare berria konektatzeko egin beharko diren ‘by-pass’ak direla eta.

Gipuzkoako Urak konpainia publikoak joan den irailean, obrak martxan jarri zirenean, iragarri zuenez, ur-hornidurako sarea berritzeko lanek 16 aste iraungo dute. Jarduketa osoa kalearen 175 metroetan zangak egitean eta hodi berriak eta erregistro-kutxatilak egitean datza ; aurrekontua 147.262 eurokoa da.