Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Birjartze eta biltegiratze-jardueretan enplegagarritasuna hobetzeko programan parte hartu dutenen % 53 sartu dira lan-merkatuan

Birjartze eta biltegiratze-jardueretan enplegagarritasuna hobetzeko programan parte hartu duten pertsonen argazkia.

Birjartze eta biltegiratze-jardueretan enplegagarritasuna hobetzeko programan parte hartu duten pertsonen argazkia.

2023/02/24

Eibarko Udalak bultzatutako programa honetan 15 lagunek hartu zuten parte eta 8k lana lortu zuten. Programan orientazio-jarduerak egin dira, ahalduntze-tailerrak, kualifikatzeko formazioa eta praktikak enpresetan.

Birjartze- eta biltegiratze-jardueretan enplegagarritasuna hobetzeko programan —Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatua eta iazko azken hiruhilekoan garatu zena—, parte-hartzaileen % 50 baino gehiago lan-merkatuan sartu dira. Zehazki, programa hasi zuten 15 pertsonetatik 8k lana aurkitu dute, eta beste 5ek prestakuntza jasotzen jarraitu dute, beste prestakuntza-ibilbide batzuk abiaraziz.

Udalak irailean jarri zuen abian programa, langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko, haien autonomia pertsonala indartzeko eta potentzialitateak bultzatzeko, gizarteratze- eta laneratze-ibilbide indibidualizatuetan oinarritutako esku-hartze eredu baten bidez.

Hautaketa-prozesu bat egin ondoren, azkenik, programan 13 emakumek eta 2 gizonek parte hartu zuten 20 eta 55 urte bitartekoak, Eibarren erroldatuak, eta langabezian zeudenak.

Programaren lehen partean, pertsona horiek orientazio soziolaboraleko  banakako jardueretan parte hartu zuten. Ekintza horien helburua zen pertsona bakoitzaren egoera profesionala eta pertsonala ezagutzea, eta, ondoren, gizarteratzeko diagnostiko eta ibilbide pertsonalizatuak egitea.

Bigarren fasean, ahalduntzeko hiru tailer egin ziren, bat gaitasun soziolaboralekoa, beste bat trebetasun soziolaboralekoa eta hirugarren bat alfabetatzen digitalekoa, beharrezko zuten pertsonei zuzendua.  Parte-hartzaile guztiek oso ondo baloratu zituzten tailerrak.

Fase horiek gaindituta, programak birjartze- eta biltegiratze-eragiketa osagarriei buruzko prestakuntza kualifikatzailea izan zuen ardatz. Prestakuntza horren barruan, honako eduki hauek landu ziren: biltegiratze-sistemak, biltegien kudeaketa operatiboa, kudeaketa informatizatua eta orgatila jasotzaileak gidatzea.

Gero, formazio praktikoa egin zen enpresetan. Pertsona bakoitzak 20 orduko praktikaldi bat egin zuen, eta praktika horiek zazpi enpresa hauetan egin ziren:  Alzuca, Baiz eta Eroski Center Eibarren; Eroski Ermuan; eta Antxustegi, Unzeta eta Kalman Elgoibarren.

Programaren ondorioz, hasi zuten 15 pertsonetatik 8k lortu dute lan-munduan sartzea, 2k lanaldi osoarekin eta 6 lanaldi partzialarekin.  Azpimarratu behar da, halaber, 2k sektore industrialean lortu dutela lana, 4k sektore soziosanitarioan eta 2k zerbitzuen sektorean.

Era berean, beste 5 lagunek formazioa jasotzen jarraitzen dute, eta profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzen ari dira.  

Emaitza horiek ikusita, Eibarko alkate Jon Iraolak zera adierazi du: “Udalean enpleguaren arloan ditugun eskumenetatik abiatuta, horrelako programen bidez herritarrei lanpostu bat lortzeko aukera ematen dieten tresnak eskaini nahi dizkiegu, eta, horretarako, prestakuntza-bideak eta hainbat gaitasun eskuratzeko bideak erraztu”.

Eta gaineratu du: “Horrelako programak bultzatzen jarraituko dugu, izan ere, erakusten ari den bezala, langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzen dute eta lan-merkatuan sartzeko prestakuntza ematen zaie”.