Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Birjartze- eta biltegiratze-jarduera osagarrietan enplegagarritasuna hobetzeko programa bat jarri du martxan Udalak

Artxiboko irudia (Pexels).

Artxiboko irudia (Pexels).

2022/09/20

Langabetuentzako programan parte hartzeko eskariak egiteko epea zabalik dago atzotik, hilak 19, eta irailaren 30era arte egongo da zabalik. Programan formakuntza emango da trebetasun eta gaitasun soziolaboralen gainean eta birjartze eta biltegiratze jardueretan.

Eibarko Udalak programa berri bat jarri du abian enplegagarritasuna hobetzeko. Oraingo honetan, birjartzeko eta biltegiratzeko jarduera osagarrien ingurukoa izango da, eta herrian langabezian dauden pertsonei zuzenduta egongo da.

Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Enpleguaren arloan Udalean ditugun eskumenetatik abiatuta, lanpostu bat lortzeko aukera izateko tresnak eman nahi dizkiegu herritarrei, eta, horretarako, prestakuntza-bideak eta hainbat gaitasun eskaini. Ez dugu nahi ezagutzarik eza eragozpen izatea enplegua lortzeko, eta, horregatik, hainbat eremu eta espezialitatetan zentratutako prestakuntza-saioak antolatzen jarraituko dugu.”

Proiektuaren helburuak honako hauek dira: enplegagarritasuna hobetzea neurrira egindako ibilbide integralen bidez, gaitasun soziolaboralak areagotzea, eta gizarteratzeko diagnostiko sozioprofesional pertsonalizatuak egitea.

Programa honetan parte hartu ahal izateko, interesdunek baldintza batzuk bete behar dituzte, besteak beste, 20 eta 55 urte bitartekoak izatea, Eibarren erroldatuta egotea, langabezian egon eta Lanbiden izena emanda egotea, Batxilergora arteko prestakuntza izatea, gaztelaniaz idatziz eta ahoz ulermen-maila egokia izatea, eta zerbitzu-sektorean profesionalki garatu nahi izatea.

Formazioak hiru atal izango ditu. Batetik, trebetasun soziolaboralak (12 ordu),   bestetik, gaitasun soziolaboralak (12 ordu).  Eta hirugarrenik, birjartze- eta biltegiratze-jarduera osagarriei buruzko prestakuntza (bezeroarentzako arreta, produktuak birjartzeko eta salmenta-puntua egokitzeko eragiketak, biltegi-lanak, eskaerak prestatzea, orga jasotzaileko lanak, eta laneko segurtasuna eta higienea), 80 orduko formazioarekin.

Programan parte hartzeko eskaerak egiteko epea atzo zabaldu zen, irailak 19, eta irailaren 30ean amaituko da.  Eskabidea Pegoran egin daiteke, presentzialki, edo modu elektronikoan (www.eibar.eus) udal-webgunean.

Programa urrian hasiko da eta klaseak astelehenetik ostiralera izango dira goizez; kurtsoak 3 hilabeteko iraupena izango du.

Interesdunek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte: programan parte hartzeko eskabidea (Pegoran eta udal-webgunean eskuragarri dagoen eredua), NANa edo balio bereko dokumentua, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, eta curriculum vitae eguneratua.

Jarduera berri hau Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta lan-merkatuan sartzeko beharrezko prestakuntza emateko egiten duen programazioaren parte da. Programazio horren barruan sartzen dira hainbat kurtso eta formazio-jarduera antolatzea urtean zehar.