Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bikain ziurtagiria helburu

2014/05/02

Eibarko Udalak erakundean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzen duen Bikain ziurtagiria lortzeko konpromisoa hartu du.

Erakundean euskararen erabilera sustatzeko asmoarekin, Eibarko Udalak Bikain ziurtagiria lortzeko konpromisoa hartu du. Bikain ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.

 Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, hortaz. Ebaluazioan lau ardatz neurtzen dira: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa, kasu honetan udalarenak; kanpo harremanak; barne harremanak; eta hizkuntza kudeaketa.

 Lau ardatz horiek 18 elementutan zehazten dira. Elementu horiek edozein erakunderen jarduera nagusiak biltzen dituzte. Elementu horietan guztietan euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa zenbaterainokoa den aztertzen du ebaluazio taldeak eta alderdi ahulak eta hobetzeko arloak identifikatzen ditu, beti ere, aurrera egiteko praktika onen inguruko ekarpenak egiten saiatzen delarik.

 Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskalitek -Bikaintasunerako Euskal Fundazioak- elkarlanean sortua da Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria. Kudeatu ere, bi erakunde hauek osatutako Idazkaritza Teknikoa ari da kudeatzen, maila teknikoari dagokionez.

 Gidaritza edo artezketa lanari dagokionez, aldiz, bi organo eratu dira: Artezkaritza Kontseilua eta Kudeaketa Batzorde Eragilea. Artezkaritza Kontseilua partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da eta haien partaide dira Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskalit, hiru Aldundiak, Eudel, Confebask, Adegi, Cebek eta SEA, eta Euskaltzaindia. Kudeaketa Batzorde Eragilea Artezkaritza Kontseiluaren organo teknikoa da,

 Bikain ziurtagiria eskuratzeko Eibarko Udalak hartutako konpromisoaren inguruko erabakiari gehitu behar zaio Euskara Batzorde espezifiko baten sorreraren bitartez udalerri mailan euskarari beste bultzada bat emateko duela gutxi lortutako akordioa. Gobernu Batzarrak erabaki hori hartu zuen euskarari entidadea eta erreferentzialtasuna eman behar zaizkiolakoan, agerikoagoa izan dadin herritarrentzat orokorrean eta baita lankide diren elkarte eta erakundeentzat ere.

 Eibarko gaur egungo udal legealdiaren hasieran, 2011ko ekainean, eta aurreko legealdietako egiturari jarraituta, Euskara-Kultura Batzorde Aholkularia sortu zen, beste batzuen artean,. Orain, ordea, egoki ikusi da Euskara arlo propioa izatea, besteak beste, Udalak Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana abian jarri behar duelako, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean. Bost urteko iraupena izango duen plan estrategikoaren ildo nagusien artean daude Euskara prestigiatzea, elkarteak eta erakundeak aktibatzea, transmisioa ziurtatzea, gazteen erabilera eta Udalaren erabaki sendoa aldarrikatzea.