Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bigarren urtez jarraian, Eibar lehen postuetan gizarte-arloan inbertitzen duten estatu mailako udalen artean

Bigarren urtez jarraian, Eibar lehen postuetan gizarte-arloan inbertitzen duten estatu mailako udalen artean

Udalen rankinga. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkartea.

2019/01/24

Eibar laugarrena da 20.000 biztanletik gorako Espainiako 404 udalen artean, diru gehien bideratzen duena bere aurrekontuetan gizarte-zerbitzu eta sustapen sozialera, zehatzago, 225,4 euro biztanleko eta urteko.

Eibarrek, bigarren urtez jarraian, laugarren postua errepikatu du, gizarte-zerbitzuetan biztanleko eta urteko gehien inbertitzen duten 20.000 biztanletik gorako udalen rankingean. Hala jasotzen da hirugarren urtez jarraian Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarte entzutetsuak "Gizarte Zerbitzuak eta Sustapen Soziala" arloetarako udalek bideratzen duten aurrekontuei buruz egin duen txostenean, 2017ko aurrekontuari dagozkion datuak jasoz, Ogasun Ministerioak argitaratuak.

Espainiako 404 udaletako udal aurrekontuak aztertu ondoren, txostenak hiru taldetan banatzen ditu: gizarte-zerbitzuetan bikainak, pobreak eta prekarioak. 31 udalek bakarrik (guztien % 7,7) lortzen dute “bikaintasun” sozialaren maila, biztanleko/urteko 100 eurotik gorako gastua egiaztatzean, zeinaren onurak 3,5 milioi herritarrek jasoko dituzten. Rankingaren lehen udalak Euskadikoak dira: Errenteria, Santurtzi, Arrasate eta Eibar.  Eibarren, urteko gastua 225,4 euro dira biztanleko eta urteko.

Rankinga ezartzeko honako faktore hauek hartu dira kontuan: Gizarte Zerbitzuetan eta Sustapen sozialean egindako gastua; 2018. urteari dagokion gastu soziala (biztanleko) ez izatea aurreko urtekoa baino txikiagoa; 2017ko gastu soziala gutxienez aurrekontu osoaren % 10 izatea; gardentasun finantzarioa egotea, alegia, Gardentasun Atarian aurrekontuaren partida-banaketa eta gastua, kasu honetan, gizarte-zerbitzuei dagokiena egoki kontsultatzeko aukera ematea.

Emaitza hauek ikusita, eta azterketa egiten duen elkartearen zorionak jaso eta gero, Miguel de los Toyos alkatea pozik azaldu da, eta Udalak arlo sozialean duen jardunbide egokia nabarmendu du; era berean, berretsi du ildo beretik jarraituko duela lanean "konpromisoari eutsiz, orain arte bezala, eibartarren ongizateari eta bizi-kalitateari lehentasuna emateko, politika sozialak garatuz".

Emaitzak ezagututa, azterketa egin duen Elkarteak udalei "begirunerik handiena adierazi die aurrekontuan egindako esfortzuagatik", haietako batzuk behin eta berriro, hala nola Eibarko kasua, “inbertsio soziala handitzeko egindako apustuagatik eta herritarrei gizarte-zerbitzu duin eta kalitatezko batzuk emateagatik".

Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Elkarteak 25 urte ditu eta bere ibilbidean zehar independentzia erabatekoa erakutsi du edozein erakunderekiko, ez du diru-laguntzarik ez eskatzen ez jasotzen, eta bere bazkide eta kolaboratzaileen kuotei esker mantentzen da.  Eta zentzu horretan, “konpromiso irmoa du gizarte-zerbitzuen defentsarekin eta haien hobekuntzarekin”.