Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bide onetik doa Errebaleko erabilera anitzeko eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko eskolarteko lehiaketa

Bide onetik doa Errebaleko erabilera anitzeko eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko eskolarteko lehiaketa

Eibarko ikastetxe ezberdinetako irakasle eta ikasleekin egindako bilera informatiboak.

2017/10/24

Eibarko Udalak bi bilera informatibo antolatu ditu orain arte herriko ikastetxe ezberdinetako ikasle eta irakasleekin Errebaleko historiari buruz hitz egiteko eta bertan egingo den erabilera anitzeko eraikinaren berri emateko. Izenen proposamenak lehen hezkuntzako ikasleek egingo dituzte eta irudi korporatiboarenak, berriz, Eibarko ikastetxeetako Batxilergo Artistikoko ikasleek. Proiektuak aurkezten direnean, erakusketa bat izango da eta herri-galdeketa egingo da izena eta irudia aukeratzeko.

2017ko uztailaren 26an egindako ezohiko osoko bilkurak erabaki zuen Errebalen sortuko den erabilera anitzeko eraikinaren izena eta irudi korporatiboa finkatzeko eskolarteko lehiaketa eta herri-galdeketa egitea.

Lehiaketa lehen hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei (LH 5. eta 6. maila) zuzenduta dago, baita Batxilergo Artistikoko ikasleei ere (Ignacio Zuloaga Institutua eta Eibarko La Salle Azitain ikastetxea). Lehenengoek izen ezberdinak proposatuko dituzte erabilera anitzeko eraikinarentzat; bigarrenek, berriz, irudi korporatiboko diseinuaren ideiak. Lehiaketan parte hartzeko herriko sei ikastetxek eman dute izena: Juan Antonio Mogel, Aldatze, La Salle Isasi, San Andres, Amaña eta Arrateko Andra Mari. Azken bi asteetan bi bilera informatibo egin dira aipatutako ikastetxeetako ikasle eta irakasleekin, baita Ignacio Zuloaga institutuko Batxilergo Artistikoko eta La Salle Azitain ikastetxeko ikasle eta irakasleekin ere; urriaren 9an, San Andres eta Arrateko Andra Mari ikastetxeekin egin zen bilera, eta urriaren 16an, udaletxeak Juan Antonio Mogel, Amaña, Aldatze, La Salle Isasi, La Salle Azitain eta Ignacio Zuloaga institutuko irakasle eta ikasleen bisita hartu zuen.

Bilera bietan izan ziren udal arkitektoa, Obrak saileko arduraduna eta Hirigintzako zinegotzia, aurrez aipatutako ikastetxeetako irakasle eta ikasleekin batera. Errebaleko erabilera anitzeko eraikinari buruzko xehetasun guztiak eman zitzaizkien bertaratuei, baita, historian zehar, toki horrek izan dituen eraikinei buruzko informazioa eta eraikin berriak izango dituen espazioei buruzko informazioa ere, funtzioak eta abarrez gain. Aldez aurretik, lehiaketan parte hartuko duten ikastetxeek txosten bat jaso dute. Bertan batzen da informazioa Errebaleko tokiaren jatorriari eta historiari buruz eta toki horrek izan dituen izen ezberdinena. Udal artxibozainak idatzi du txostena, Eibarko Udalaren Ego Ibarra Batzordeak bere garaian egindako eskariari erantzuna emanez.

Ikastetxe bakoitzeko lehen hezkuntzako ikasleek azaroaren 17ra arte izango dute epea izen bat proposatzeko Errebaleko erabilera anitzeko eraikinarentzat. Ondoren, eta aukeratutako izenekin batera, batxilergoko ikasleen txanda izango da izen bakoitzari dagokion irudi korporatiboa sortzeko.

Prozesuaren gainontzeko faseak

Orain arte, ikastetxe ezberdinekin egindako bi bilera informatiboez gain, prozesuaren ondorengo faseak hauetxek izango dira: parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak proposatutako izenaren aukeraketa; irudi korporatiboa egitea (oinarrietan jasotako elementu eta ezaugarriak izan beharko ditu) edota irudi korporatiboko proposamenaren aurkezpena.

Jarraian, aurkeztutako proiektu guztiekin erakusketa bat egingo da Udaletxeko sarreran, 2018ko apirilaren 23tik 30era bitartean. Une horretan, behin betiko fasea helduko da eta herri-galdeketa bat egingo da aurkeztutako proiektuen inguruan.

2018ko martxoaren 31n 16 urtetik gora izan eta Eibarren erroldatuta dauden  herritarrek emango ahal izango dute botoa. Parte-hartzea sustatzeko asmoz, zozketa bat egingo da sariekin bozkatzen dutenen artean. Erakusketa bezalaxe, bozketa Pegoran izango da, apirilaren 23tik 30era bitartean.

Lehen hezkuntzako ikastetxe irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du eta Batxilergokoak, 3.000 euro. Gainera, izena ematen duen lehen hezkuntzako ikastetxe bakoitzak 300 euroko saria jasoko du, ikastetxe irabazlea izan ezik.

Udal gobernu-taldeak EH-Bildu Udal taldearekin batera iazko aurrekontuetan adostutako zuzenketa baten ondorioz ipini da martxan lehiaketa.