'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak ikasleei' izeneko laguntza-programen beste edizio bat jarri du martxan Udalak, familiei eta herriko merkatariei laguntzeko

Laguntza hauekin arropa, eskolarako materiala, oinetakoak eta bestelako produktuak erosi ahal izango dira Eibarko dendetan. Eskaerak egiteko epea irailaren 1etik urriaren 10era bitartean egongo da zabalik, eta onuradun bakoitzak 60,10 eurora arteko zenbatekoa jaso ahal izango du.
Eibarko Udalak martxan jarri ditu berriz ere ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ laguntza ekonomikoen programak. Dagoeneko errotuta dagoen ekimena da, helburu duena ikasturte hasieran familiei laguntzea eta herriko dendetan erostea bultzatzea.
Udalaren 300.000 euroko zuzkidura ekonomikoa duten programa hauen bitartez, ikasle bakoitzak 60,10 eurora arteko laguntza jaso ahalko du Eibarko dendetan egindako erosketengatik.
Programa hauek, duela 25 urtetik hona martxan daudenek, herritarrengana hurbiltzea dute xede, familiek ikasturte-hasieran egin behar duten gastuari nolabait lagunduz, eta, aldi berean, Eibarko merkataritzak salmentak handitzea ahalbidetuz. Dirulaguntza horiek bermatzeko, Udalak 301.879,80 euroko zenbatekoa bideratu du aurtengo aurrekontuetan (216.000 euro ‘Umeak Eskolara’ programarako eta 85.879,80 euro ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programarako).
“Programa berriz ere martxan egotea Eibarko familiekiko eta merkatariekiko —auzoetako bizitzaren oinarri— dugun konpromisoaren erakusgarri da”, adierazi du Jon Iraolak. ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ laguntza ekonomikoak izateaz gain, kohesio sozialerako tresnak ere badira”, gaineratu du.
Ekonomia Garapeneko zinegotzi Vanesa Hortasek programa hauek herriko testuinguru ekonomikoan duten garrantzia azpimarratu du. “Laguntza hauen bitartez, eragin bikoitza lortzen dugu: batetik, irailean familiek egin behar izaten duten ahalegin ekonomikoa arintzen dugu, eta, bestetik, gertuko gure establezimenduetan erostea bultzatzen dugu. Gure komunitatea babesteko modu zehatza eta eraginkorra da”.
Dirulaguntza hauekin arropa, oinetakoak, eskolarako materiala (testuliburuak izan ezik), betaurrekoak, lentilak edo kirol-ekipamendua eros daitezke, betiere, Eibarko komertzioetan.
‘Umeak Eskolara’ programa honako baldintza hauek betetzen dituzten umeen guraso, tutore edo harrerako pertsona/familientzat da (harrera-zentroak izan ezik): 2010eko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurrak izan behar dira, eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko maiatzaren 31ra bitartean.
‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programaren kasuan, dirulaguntzak jasoko dituzte irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak (gutxienez 600 orduko iraupena), master edo doktorego homologatuak (ikasturtearen antzeko iraupena) eta pertsona helduen hezkuntzako (EPA) zentro publiko batean ikasketak egiten ari diren ikasleek, baldintza hauek betetzen badituzte: 2000ko urtarrilaren 1etik 2009ko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak izan behar dira, eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko maiatzaren 31ra bitartean.
Programa bietako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 1ean hasi eta 2025eko urriaren 10ean amaituko da, eta epe horretan egindako erosketen fakturak bakarrik onartuko dira. Laguntza eskatzeko dokumentazioa (EMZI) Eibar Merkataritza Zentro Irekiaren bulegoan entregatu beharko da, Untzaga plaza 7, 3-behe helbidean.
Irailaren 1etik 12ra, EMZIren bulegoko ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara; eta irailaren 15etik urriaren 10era, astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 14:00etara, eta 14:30etik 17:00etara; eta ostiraletan, 8:00etatik 15:00etara.
Eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: eskabide-orria beteta; matrikularen egiaztagiria (‘Dirulaguntzak ikasleei’ laguntzen kasuan); saltokiak egindako fakturak dirulaguntzaren titularraren izenean, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuak; eta libretaren edo banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua. Ikaslea adin txikikoa bada, eta kontuaren titulartzat azaltzen dena tutorea edo harrerako pertsona/familia bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.