Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Berriz ere lizitaziora atera dira hutsik geratu diren 'Errebal Plazia' eraikineko bi saltokiak, bai eta taberna-kafetegiko espazioa ere

Errebal Plazia.

Errebal Plazia.

2021/09/30

Baldintzen agiri berrietan ez da jarduera jakin bat izateko derrigortasunik ezartzen hutsik geratu ziren bi saltokietan; erabilera librekoak izango dira, betiere proposatutako jarduera azokaren ezaugarriekin, espirituarekin eta helburuekin bat badator. Ostalaritzarako posturako, 64 metro koadroko azalera duena, lizitazio-mota gisa ezarri den hileko kanona 1.282 euroko da. Eskaintzak aurkezteko epea azaroaren 8an amaitzen da, eta interesatuek aukera izango dute lokalak ikusteko, hala eskatuz gero ekonomia@eibar.eus helbidean, urriaren 29a baino lehen.

Joan den uztailean egin zen prozesuan esleitu gabe geratu ziren Errebal Plaza berriaren fruta-barazki eta harategi-urdaitegiaren saltokiak lizitaziora atera dira berriz ere. Hala ere, baldintza-agiri berrietan ez da zehazten zer jarduera egin ahalko den saltokietan, eta aukera ematen da erabilera librekoak izateko, baina muga batzuekin eta betiere azokaren ezaugarriekin, espirituarekin eta helburuekin bat etortzen badira, eta saldu nahi diren produktuak beste saltokietakoen osagarriak badira.

Jon Iraola alkateak hala esan du: “Gure helburua da herriak merezi duen azoka edukitzea eta bertan askotariko eta kalitate handiko elikagaik egotea. Horregatik, halako produktuak eskaintzeko interesa duten pertsonak animatu nahi ditut beren eskaintzak egin ditzaten, era horretan, Eibarren erreferentzia sozioekonomikoko espazio bat eta merkataritza gune erakargarria sortzen laguntzeko.”.

4 zenbakiko saltokiaren kasuan, lokalaren erabilera lotuta egon beharko da azokaren jarduerarekin eta elikadurarekin (azken hau ikuspuntu komertzial batetik ulertuta).  Saltoki horretarako lizitazio-mota gisa ezarri den hileko kanona 531,60 eurokoa da eta emakidaren iraupena 20 urtekoa.  Emakida adjudikatzeko modua lehia-prozedura izango da, eta interesatuta dagoen edonork aurkeztu ahalko du eskaintza bat.

Agiri berrian, halaber, beste baldintza batzuk ezartzen dira, hala nola eskaintzen aurkezpena, bete beharreko epeak eta baldintzak eta lanpostuak esleitzeko balorazio-irizpideak. Era berean, aintzat hartuko diren irizpideen artean daude espazioa kudeatzeko proiektua, merkataritza-estrategia, produktu mota ugari eskaintzea, proposatzen denaren antzeko ezaugarriak dituen lanpostu baten kudeaketan izandako esperientzia eta ezarritako kanonaren hobekuntzak. Gai horietako bakoitzari balorazio bat emango zaio puntuazioaren bidez, saltokia zeini esleitzen zaion zehazteko helburuz.

Bestetik, 5 zenbakiko saltokiari dagokionez, baldintzak aurrekoaren berdinak dira, baina desberdintasuna da ezarritako kanona, kasu honetan, 463,75 euro direla. Saltoki hau ere erabilera librekoa izango da komertzializatu nahi den produktuari dagokionez, baina betiere lotuta egon beharko da azokaren jarduerarekin eta elikadurarekin.

Gainera, lizitazio-prozesu berri honetan, taberna-kafetegiaren esleipena eta ustiapena ere lehiaketara atera dira, hau da, Errebal Plazako merkatu berrian egongo den zazpigarren espazioa.

Saltoki horrek 28,55 metro koadroko azalera erabilgarria du, eta horri gehitu behar zaio sukaldearen 16,90 metro eta biltegiaren 18,55 metroak. Azokaren barnealdean terraza egiteko bi aukera daude, baserritarrek goizetan hartzen duten merkatuaren espazio zentralaren erabilgarritasunaren arabera. Era berean, kanpoan terraza jartzeko aukera ere ematen da. Halaber, saltoki horretarako lizitazio-mota gisa ezarritako hileko kanona 1.283 eurokoa da; lizitatzaileek prezio hori hobetu ahal izango dute beren eskaintzetan. Emakidaren iraupena 20 urtekoa izango da.

4. eta 5. Postuen lizitazioarekin bezala, esleipena egiteko aintzat hartuko diren irizpideak berdinak izango dira eta, lizitazio-prozesuan parte hartzeko behar den dokumentazio tekniko eta administratiboa aurkezteaz gain, espazioaren gestio-proiektua, estrategia komertziala, saltokia martxan jartzeko promozio-kanpainak eta eskainiko diren produktuen zehaztapena.

Eskaintzak aurkezteko epea irekita dago eta azaroaren 8an (hau barne) amaituko da.

Lizitazio-prozesuan sartu ahal izateko, bai 4. eta 5. postuetan, bai ostalaritzako postuan, interesdunek beren eskaintzak elektronikoki aurkeztu ahal izango dituzte, edo aurrez aurre Pegorako bulegoetan, gaurtik hasi eta azaroaren 8ra arte (egun hori barne). Informazioa eta zehaztapen teknikoak eskuragai daude Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman (www.contratación.euskadi.eus), eta erabiltzaileentzako telefonoa 945016298 da.

Azkenik, orain lizitaziora atera diren hiru saltokien ezaugarriak errazago ezagutzeko, eta aurreko lizitazio-prozesuan egin zen bezala, interesdunek bisita bat egin ahal izango dute bertara. Horretarako, Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailarekin harremanetan jarri beharko dute urriaren 29a baino lehen, mezu bat bidalita helbide elektroniko honetara: ekonomia@eibar.eus.