Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"Berrerabili eta Berrasmatu" tailerren edizio berri bat antolatu du Udalak, hondakinak modu sortzailean berrerabiltzeko

Kartela.

Kartela.

2022/09/26

Hamahiru tailer eskainiko dira helduei, haurrei eta familiei zuzenduak, eta 230 plaza inguru egongo dira. Ingurumen Sailak antolatzen ditu tailerrak, saltokiekin eta entitateekin lankidetzan; jarduerak saltoki eta entitate horien lokaletan egingo dira.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, “Berrerabili eta berrasmatu” tailerren edizio berri bat jarriko du abian bigarren urtez jarraian, datorren hiruhilekoan zehar. Ekimenaren helburua da erabilitako objektuak berrerabiltzea, birziklatzea eta konpontzea sustatzea, objektuei balio erantsia emanez eta bizitza erabilgarria luzatuz.

Tailer hauekin, herritarrei tresnak eskainiko zaizkie beren sormena praktikan jarri eta kontsumo-ohituretan eragiteko, eta horrek zuzenean lagunduko du hondakin gutxiago sortzen, birziklatzea sustatzen eta jatorrian hondakinak behar bezala bereizten, ingurumena errespetatzeko jarrerak eta balioak garatzeaz gain.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Gaur egun birziklatzea eta berrerabiltzea ezinbestekoak dira hondakinen sorrera eta material berrien fabrikaziotik eratorritako efektu kutsatzailea murrizteko. Horregatik, Eibarko Udalak lanean jarraitu nahi du politika jasangarriagoak garatuz eta gizarte osoa borroka horretan inplikatuz. Hala, tailer hauei esker, etxean ditugun objektuak eta materialak modu atsegin eta ludikoan aprobetxatzeko ideia berriak jaso daitezke, familiako kide guztiak inplikatuz.”

13 tailer izango dira guztira, eta 230 plaza. Tailer gehienak helduentzat dira, baina lau haurrentzat bakarrik izango dira, eta hiru talde espezifiko familientzat.  Tailerren gaiak askotarikoak izango dira, hala nola elikadurarekin lotutako alderdiak, zurgintza, joskintza, bizikletak edo tresna elektroniko eta elektrikoak, besteak beste.

Urriaren 19an hasi eta abenduaren 13an amaituko dira.

Izen-ematea bi txandatan egingo da. Lehen txandarako, alegia, azaroaren 15era arteko tailerretarako, izen-emate epea irailaren 26tik urriaren 9ra arte izango da. Eta tailerren bigarren txandarako (azaroaren 15etik aurrerakoak), izen-emate epea urriaren 24an hasi eta azaroaren 6an amaituko da.  

Lehenengo tailerra urriaren 19an egingo da eta honako gaia izango du: “Etxeko oinarrizko konponketak: arotzeria”. Tailer horrek beste hiru saio izango ditu urriaren 26an eta azaroaren 2an eta 9an.

Urriaren 20an, “Bizi bizikletaz!: oinarrizko mantenimendu kit-a". Urriaren 22an, honako tailerra egingo da. “Topografia ludikoak: jolas unibertso berriak familian”.  Astebete geroago, urriaren 19an, honako tailerra egingo da. “Tapizatu eta estreinatu:  zaharretik berrira”.

Eta azaroan, lehen tailerra hilaren 3an izango da: “Sortu markoa zure argazki kutunarentzat”, 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoentzat.  Azaroaren 12an: “Birziklatu erabiltzen ez duzun arropa”; azaroaren 17an: “Bizi bizikletaz!: mantenimendu kit aurreratua I”; bestalde, azaroaren 19an eta 26an, honako tailerra egongo da: “Biziberritu zure altzari eta dekorazio objektuak”.

Azaroaren 22an eta 29an, eta abenduaren 5ean eta 13an: “Etxeko oinarrizko konponketak: elektrizitatea eta elektronika”; azaroaren 24an, “Betiko sukaldaritza:  aprobetxamenduko errezetak”; eta hurrengo egunean, azaroaren 25ean: “3R esperimentuak”, familiei zuzendua.

Abenduaren 3an: “Pertsonalizatu etxeko paperezko poltsak”, 4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendua; eta, azkenik, abenduaren 10ean: “Larruarekin jolasean: osagarri eta apaingarriak”.

Tailer guztiak Eibarko hainbat entitaterekin elkarlanean antolatu dira, eta haien instalazioetan egingo dira saioak, horretarako egokituta baitaude, eta, hortaz, beharrezko baliabideak dituzte.

Entitate laguntzaile horiek tokiko sei saltoki dira (El Taller de Manualidades, Eskusutxo, Zorionak Ludoteka, Farmacook, Harixan eta Adarabar); horietaz gain, Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua. Tailer guztiak leku horietan egingo dira, bizikletak konpontzeko tailerra izan ezik, udal instalazioetan egingo dena.

Horrela, herritarrek Eibarren berrerabilera, birziklapena eta konponketa sustatzeko dauden espazioen kopurua eta aniztasuna identifikatu ahal izango dituzte.

Plaza mugatuak dira; hortaz, beharrezkoa da aurrez izena ematea, Udaleko webgunean edo Pegoran.  Webgunean izena emateko esteka hauxe da: https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu eta honako estekan informazio gehiago eskuratu daiteke: https://www.eibar.eus/eu/tramiteak/ikastaroak-lehiaketak-sariketak/berrerabili-eta-berrasmatu-tailerrak-1?set_language=eu . Halaber, informazio gehiago jaso daiteke 943708408 telefonora deituta edo ingurumena@eibar.eus helbide elektronikoaren bidez.