Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Beheko Tokia eta Untzagako jubilatu-etxeen eraberritze-obrak 190.000 eurotan adjudikatu dira

Untzagako jubilatuen egoitzako artxiboko irudia.

Untzagako jubilatuen egoitzako artxiboko irudia.

2022/03/18

Beheko Tokian Karmen kaleko lokal bat egokituko da, leku gehiago izateko Udalak jubilatu-etxeari utzi diona, eta Untzagan ataripea kenduko da. Lanak Coyrd enpresari esleitu zaizkio, 15 eta 9 asteko egikaritze-epearekin, hurrenez hurren.

Eibarko Udalak 190.000 euro inguruan adjudikatu ditu Beheko Tokia eta Untzagako jubilatu-etxeetan eraberritze- eta hobekuntza-obrak egiteko lanak. Bi adjudikazioak,  lizitaziora bereizita irten arren, Coryd SL enpresari adjudikatu zaizkio.

Beheko Tokian egingo den obra martxoaren 16an hasi zen; 105.875 eurotan esleitu da (BEZa barne), eta 15 asteko epea du obra gauzatzeko. Untzagako etxean aurreikusitako jarduketa, berriz, 84.821 eurotan esleitu da (BEZa barne), eta lanak martxoaren 28an hasi eta 9 aste iraungo dute.

Beheko Tokia jubilatu-etxearen kasuan, Udalak akordio bat lortu du Karmen kaleko 15 zenbakian dagoen lokal baten jabeekin; lokalaren hileko kuota Udalak hartuko du bere gain, haren erabilera jubilatu-etxeari lagatzeko. Horretarako, hainbat eraberritze- eta egokitze-lan egin ditu. Hala, lokalaren lagapenak aukera emango dio Beheko Tokiari leku gehiago izateko, eta, ondorioz, ohiko jarduerak edo beste batzuk egiteko. 

Beheko Tokiak izango duen lokal berrian, bi areto handi egingo dira. Batean jarduera fisikoak, hala nola gimnasia edo dantza egingo dira, edo erakusketak, noiz edo behin. Eta bestean askotariko jarduerak egin ahal izango dira: bilerak, ikastaroak, irakurketak edo errehabilitazioa.

Bestetik, lokal berrian beste hiru gela egingo dira, txikiagoak. Lehena informatika eta teknologia berrietarako erabiliko da. Beste biak edertasunerako eta gorputz-osasunaren zaintzarako. Batean edertasunarekin lotutako jarduerak egingo dira, esaterako, ile-apaindegia, manikura edo pedikura. Eta, bestean, gorputz-osasunarekin lotutako jarduerak, hala nola, masajeak.

Komunak jarriko dira, sarbideak hobetu, instalazio elektrikoa handituko da, aireztapen- eta klimatizazio-sistemak eta sutearen kontrako babes-sistemak jarriko dira, eta arotzeria- eta estaldura-lanak ere egingo dira. Bestetik, aurrekontu-partida bat aurreikusi da altzariak eta material informatikoa erosteko, lokalaren premia berriei aurre egitea ahalbidetuko duena.

Untzagako Zentro Sozialean arkupea itxiko da, espazio gehiago eduki ahal izateko.  Horretarako, espazioa ixteko erabiliko den kristal-itxitura beheko solairuan portxearen zati bat txertatu zenean egin zenaren antzekoa izango da.  Fatxada berrian ate bikoitz bat egingo da eraikinari sarbidea emateko.

Lan horien guztien bidez bi helburu lortu nahi dira.  Batetik, Egoitza handitu egingo da. Eta, bestetik, babestu egingo da lokalaren sarrera; izan ere, arkupearen zati bat, Txaltxazelairako eskailera mekanikoetara ematen duena, baloiekin jolasteko toki bezala erabiltzen da, eta eskaileretara doan jendearentzat arriskutsua da.

Proiektuak beste jarduera osagarri batzuk ere jasotzen ditu, hala nola bi bulego eta harrera-gune bat egitea ataripea kenduta irabazitako espazioan; beheko solairuan atondo bat sortzea; lehen solairuko informatika-aretoaren rack-a modernizatzea; eta eraikinaren hainbat gunetako iturgintza, saneamendu, elektrizitate, argiteria eta telekomunikazioetako lanak egitea.

Jon Iraola alkatearen arabera, “Orain lizitaziora atera diren jarduerekin erantzuna ematen diogu Udalari behin eta berriz egin dioten eskaerari. Gure nagusiek arreta berezia merezi dute eta elkarrekin egoteko instalazioak eta tokiak eman behar zaizkie bertan egingo dituzten jarduerei egokituak”.