Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Baserrikoa Debabarrena', tokiko eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatzeko ekimena

'Baserrikoa Debabarrena', tokiko eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatzeko ekimena

'Baserrikoa Debabarrena' ekimenaren aurkezpena.

2018/09/20

Helburu nagusia da baserriko produktuak eta landa eremua gizarteratu eta horien inguruan sentsibilizatzea. Eibarren, guztira, proiektuarekin identifikatzen den ezaugarria jarri da ekimenarekin bat egin duten 15 dendetan.

'Baserrikoa Debabarrena' ekimena aurkeztu dute gaur osteguna, irailak 22, Udaletxean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira, Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko saileko zinegotzia eta Agurtzane Etxaniz eta Amaia Esnaola Debemen elkartearen ordezkariak, baita ekimenean parte hartuko duten Debabarreneko hainbat baserrietako ordezkariak ere. Baserrikoa Debabarrena proiektua DEBEMEN, Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin abian jarritako ekimena da eta tokiko eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatzea du helburu nagusi.

Proiektu honen barruan kokatzen da denda txikiekin elkarlanean burutzen ari diren ekimena. Ekimen honen bitartez, eskualdeko  denda txikietan, Debabarreneko baserrietan ekoiztu eta eraldatutako produktuen presentzia sustatu, areagotu eta ikusgai egitea nahi da, eta, aldi berean, kontsumitzaileei produktu horiek era errazagoan eskuratzeko aukera eskaini.

Alberto Albistegui zinegotziaren hitzetan, "Baserrikoa Debabarrena ekimenak baserriko produktuak balioan jartzea bilatzen du herrietako denda txikietan identifikazioa hobetuz eta, aldi berean, herriko merkataritza bultzatuz".

Halaber, Debemen elkarteko Agurtzane Etxanizek adierazi duenez, "merkatarien eta baserritarren arteko harremana estutzeko lan egiten dugu, beraien arteko elkar ezagutzaren bitartez gertuko, garaiko eta kalitatezko produktuak kontsumitzaileengana hurbiltzeko asmoarekin".

Aurreko urtean, egitasmo horren berri eman zuten eta gaurko aurkezpenean orain arte, Eibarko Udalaren laguntzari esker, eman diren aurrerapausoak aurkeztu dituzte: baserritar eta dendarien arteko topaketa, baserritar eta merkatarien arteko elkar ezagutza bultzatzeko; www.baserrikoa.eus web gunearen eguneraketa, baserriko produktuak saltzen dituzten denda txikien zerrenda barneratu da eta gailu mugikorretan ikusteko moldatu: proiektuarekin identifikatzen den ezaugarria jarri da ekimenarekin bat egin duten 36 dendetan; eskualdeko produktuen identifikazioa dendetan.

Dendetan aurkitu daitezkeen produktuak dira barazkiak, frutak, ogia, gazta, arrautzak, marmelada, sagardoa eta txakolina. Eibarren, ekimenarekin bat egin duten 15 dendetan jarri da proiektuarekin identifikatzen den ezaugarria: Aizpiri, Bolintxo, Artamendi harategia, Mugika harategia, Oberena harategia, Rezola harategia, Isasi Mgusta, Itxesi, Izar bide, Legarre, Maria Ospitxal, Isasi okindegia, Tarte gozo-denda, Txaltxa-zelai eta Zabaleta.

Baserrikoa produktuak kontsumitzeko dauden aukerak ezagutzeko, www.baserrikoa.eus web orrira jo dezakete interesatuek edota 943 74 40 67 telefono zenbakira deitu.