Eibarko Udala
Uni Encounter 2025

Badator berriz ere "Uni Encounter 2025", Eibarko Udalaren laguntzarekin

2025/02/18
Udal ordezkariak eta "Uni Encounter 2025" edizioko antolatzaileak.
Udal ordezkariak eta "Uni Encounter 2025" edizioko antolatzaileak.

Bi egunetan (otsailak 28 eta martxoak 1), hitzaldiak eta dibulgazio-jarduerez gain, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta txapelketak egingo dira. Uni Eibar-Ermua ikastetxea da ekimenaren antolatzaile eta eszenatoki, eta bertan informatikaren eta teknologia berrien hainbat alderdi landuko dira.

Eibarko Udala, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bidez, lankidetzan arituko da beste behin Uni Encounter ekimen arrakastatsuarekin. Topaketa honetan teknologia berriekin lotutako jardunaldiak egiten dira urtero.  Aurten ere, bi egunetan zehar, Eibarko unibertsitate-esparruak izaera dibulgatiboa, teknikoa eta ludikoa duten jarduerak hartuko ditu. Aurtengo edizioa otsailaren 28an (ostirala) eta martxoaren 1ean (larunbata) izango da, eta askotariko ekitaldiak antolatu dira informatikan eta teknologia berrietan interesa dutenentzat.

Jon Iraola alkateak topaketa honen garrantzia azpimarratu du; izan ere,  urtero jende gehien erakartzen duen ekimenetako bat da, mundu digitalak sortzen duen interesa dela eta. “Egunero hainbat gailu elektroniko erabiltzen ditugu informazioa lortzeko, izapideak egiteko edo entretenitzeko, eta topaketa hau aukera ezin hobea da, adituek ezagutza interesgarriak eskaini ahal izateko”, adierazi du. Gainera, herritarrei dei egin die parte hartzeko eta aukera baliatzeko teknologiaren eta informatikaren arloko azken aurrerapenak gertutik ezagutzeko.

Era berean, hauxe nabarmendu du: “Eibarko Udalean jarraituko dugu ezagutza digitala eta herritarren partaidetza sustatzen dituzten apustuen alde lan egiten”.

Uni Eibar-Ermua ikastetxea izango da berriz ere ekimenaren eszenatokia, eta honekin jada 20 edizio dira guztira. Ikastetxea da jardueraren antolatzailea, Alesander Robleño digitalizazioan, kirol elektronikoetan eta entretenimendu digitalean espezializatutako aholkulariarekin batera. Aurreko urteetan bezala, alderdi ‘serio’ bat izango du topaketak, hitzaldi eta dibulgazio-tailerrekin, eta beste bat ludikoagoa, ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak, lehiaketak eta konpetizioak barne hartuko dituena.

UniEncounterren 2025eko edizioak iazko jarduera berri batzuk sendotu nahi ditu, eta, aldi berean, formula eta jarduera berriak bilatzen jarraitu. Aurten, esaterako, Game Jam jarduera eta ekintzailetzari eta enpresari eskainitako "txokoa" antolatu dira; azken txoko horrek esparru digitaleko proiektu bat duen edo behar teknologikoak dituen edonorentzat topagune izan nahi du, betiere UniEncounterren eta UNI Eibar-Ermuan kontzentratzen den talentu-profila kontuan hartuta. Ekitaldiak hitzaldi-bloke oso interesgarria izango du, erabiltzaile teknikoagoentzat, eta, aldi berean, jarduera irekiak eta publiko guztientzako egokiak, bai entretenimenduaren esparruan, bai jarduera didaktikoen bidez; jarduera horiek balio dezakete UNI ikastetxea eta Eibar lehen kontaktuaren eszenatoki izan daitezen, teknologia desberdin bezain interesgarriekiko (adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta borroka-robotak) jakin-mina duten guztientzat.

Aurtengo “UniEncouter” topaketa otsailaren 28an (ostirala) inauguratuko da, 17:30ean, Elesky piano-joleak Unibertsitateko antzokian emango duen doako kontzertu batekin; artista honek iaz emandako kontzertuaren bideoek 2 milioi ikustalditik gora dituzte. Jarraian, Robotika Autonomo Mugikorraren inguruko saio teoriko-praktiko bat eskainiko da, eta gero Hacking Etikoaren tailer bat.  Horrekin batera, enpresen azeleragailu txiki bat izango dugu, Game Jam-en hasieran.  Amaitzeko, ostiralean, 21:00etan gaueko ekitaldiak hasiko dira (mahai jokoak, minijolasen lehiaketak, eta abar).

Hitzaldi teknikoenak larunbatean (martxoak 1) izango dira. Lehenengoa "Ekosistema Digital Etiko eta Burujabea sortzen” izenekoa. Hitzaldi horretan Hezkuntza Sailak Hezkuntzako eraldaketa digitalaren arloan dituen planak azalduko ditu Olaia Egurrolak. Ondoren, Pablo Garaizar Deustuko Unibertsitateko irakasleak “¿Cuánto falta para que las máquinas sean más listas que las personas? Hacia la Inteligencia Artificial General" izeneko hitzaldia emango du.  Amaitzeko, Qué hace un@ químic@ como tú en un siglo como éste? izango da Leire Bercianos Cidetec-eko ikertzailearen komunikazioaren izena.

Hitzaldi hauek topaleku bat dira esperientziak partekatu eta esparru teknologikoari, jolasaren eta entretenimenduaren arloari eta negozio digitalei buruz ikasi nahi dutenentzat.

Horren harira, aurten UniEncounterrek izaera enpresarialagoa izango du Game Jam jarduerarekin. Game Jam bideojokoen garapenari buruzko erronka bat da, era guztietako profilei irekia, non bakarka zein beste pertsona batzuekin lankidetzan, bideojoko bat sortu eta entregatu behar den emaitza gisa.

Bideojokoen industria oraingo eta etorkizuneko industrietako bat da, eta kontuan hartuta UNI prestakuntza-zentroak bideojokoen garapenari eta errealitate birtualari buruzko graduondoko bat eskaintzen duela, Game Jam honekin lortu nahi da bideojokoekiko erakutsitako grina bideratu ahal izatea, eta merkatura irits daitezkeen titulu eta proiektu berriak sortzea, eta, aldi berean, Eibar topagune gisa kokatzea, garapenaren, diseinuaren, programazioaren, artearen, soinuaren edo titulu edo estudio baten sorreran inplikatutako edozein alderdiren esparruko jendearentzat.

Aurten, berrikuntza gisa, "enpresaren eta ekintzailetzaren txokoa" ere egongo da, non enpresa-ideia bat duen edonor besoak zabalik hartuko dugun; ez du axola ideia zer garapen-fasetan dagoen. UniEncounterren atal berri hau martxan jartzeko ahalegin bateratu bat egin dute honako pertsona eta erakunde hauek: Eibarko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saila eta Ainhoa Romero arduraduna, bertan egongo dena enpresa-proiektu bat garatzeko dauden aukerak, baliabideak eta laguntzak erakutsiz; Urrats Bat, Euskadiko lanbide-heziketaren ekintzailetza-programa eta Nekane Fernández de Arroiabe,  programaren arduraduna Eibar-Ermua UNI zentroan; eta Alesander Robleño, OMNIS Esports aholkularitza-enpresaren zuzendaria, beste ekosistema batzuetako ekintzailetza-prozesuetan laguntzen duena mentore gisa, hala nola BerriUp azeleragailu ospetsuan. Gainera, Alesander Robleñok, kiroleko kudeaketa eta berrikuntzako masterrean eta hainbat programatan aditu den aldetik, ekintzaile gisa duen 10 urtetik gorako esperientzia jarriko du bertaratzen direnen eskura.  
Aurten PuntuEUS fundazioa gure enpresen txokoan egongo da, domeinuak eta ostatatzeak doan eskainiz bertaratzen diren pertsonen enpresa-ideientzat.

Ekimenaren alderdi ludikoa martxoaren 1ean (larunbata) izango da; egun horretan ordenagailuko, bideo-kontsolako eta mugikorreko jokoak egongo dira.  Sekzio horretan era askotariko lehiaketak antolatuko dira, hala nola Counter Strike, League of Legends edo Valorant, Clash Royale joko ospetsuak, eta baita FIFA 25eko kontsola-lehiaketak, mahai-jokoen partidak eta esporteko jolasak ere.  

Joko-gune irekiak egongo dira; aurten Drone Soccer estadio bat izango dugu Flybbleren eskutik, beraz, parte-hartzaile guztiek futbol partida bat jokatu ahal izango dute doan drone bat erabiliz. Edo, besterik gabe, mahai-joko bateko edo bideojoko bateko partida bat jokatu ahal izango dute horretarako jarriko den guneetako batean.

Ekitaldia, halaber, digitalki ere jarraitu ahal izango da, Discord plataformaren bidez eta sare sozialen bidez.

UniEncontuerreko partidetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da online, izan ere, lehiaketa horietako batzuetan, azken faseak aurrez aurre bakarrik egingo dira. Ekitaldi honi buruzko informazio gehiago lortzeko, interesdunek honako webgunean kontsultatu dezakete: https://uniencounter.uni.eus. Parte hartzea doakoa da.