Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Azkenean, Udalak eta “Jaixak Herrixak Herrixandako” kolektiboak txosnak Txaltxazelaian eta Txikiton jartzea adostu dute

Artxiboko argazkia. Txaltxazelaia eta Eibarko Txikito.

Artxiboko argazkia. Txaltxazelaia eta Eibarko Txikito.

2024/04/29

Akordioa lortu ondoren, bai Udalak bai herriko kolektiboek prozesu bat abiatuko dute datorren urterako beste espazio bat zehazteko.

Azkenean, eta bilera batzuk egin ondoren, Eibarko Udalak eta “Jaixak Herrixak Herrixandako” kolektiboak aurtengo sanjuanetako txosnak, aurreko urteetan bezala, Txaltxazelaian eta Txikiton jartzea adostu dute.

Problematika sortu zen duela hilabete batzuk, Jaixak Herrixak Herrixandakok udal-gobernuari planteatu zionean San Juan jaietan txosnak Txaltxazelaiko parkingeko estalki gainean jarri beharko liratekeela (betidanik barrakak egon diren tokian) edo, bestela, Untzaga plazan, udaletxe aurrean.

Gobernu-taldeak, otsailaren 1ean, Jaixak Herrixak Herrixandakoekin izandako bileran jakinarazi zuen ez zegoela ados haien planteamenduarekin. Patxi Lejardi Jaietako zinegotziak adierazi zuen bezala, Jaixak Herrixak Herrixandakok proposatutakoa onartzeak barrakarik gabe geratzea ekarriko luke, kasu batean, edo sanjuanetako kontzerturik edo tanborradarik gabe uztea, beste kasuan. Uste dut hori ez dela bidea.”.

Akordio batera iristeko asmoz, bilera horretan, Udalak proposatu zuen txosnak berriz ere Eibarko Txikiton eta Txalxazelaian jartzea, aurreko urteetan bezala. Hala ere, tenpletearen aldean udarako ur-txorroak dituzten jolasak jartzeak eragotzi egiten du Jaixak Herrixak Herrixandakoen txosna bere betiko tokian kokatzea.  Azpimarratu behar da iaz ohartarazi zitzaiola kolektiboari, arrazoi horrengatik, txosna beste leku batean jarri beharko zela, ez zelako komeni jolasen leku berrian jartzea, instalazio delikatua delako eta kaltetu daitekeelako.

Horregatik, Udalak espazioa berriro konfiguratu zuen, txosnak birkokatuz eta Jaixak Herrixak Herrixandako kolektiboaren txosna tenpletetik 10 metrora jarriz, lehengo lekutik oso gertu, txosnaguneak normaltasunez funtzionatzeko.

Hala ere, udalaren erabakiaren arrazoiekin bat ez zegoenez, Jaixak Herrixak Herrixandako elkarteak ohartarazi zuen bere txosna ez bazen betiko tokian jartzen, aurten ez zela txosnarik egongo sanjuanetan.
  

Jon Iraolak Eibarko alkateak, zeinak hizpide hartu zuen gaia azken udal-bilkuran EH-BILDUren galderei erantzunez, zera adierazi du: “700.000 euro baino gehiago inbertitu ditugu komun publiko berrietan eta ur-jolas batzuetan, eta espero dugu sanjuanetarako martxan egotea.  Ur-jolasena oso instalazio garestia eta delikatua da, behar den bezala zaindu eta mantendu beharrekoa. Horregatik, uste dut, Udalaren alde teknikoaren iritziarekin bat, ez dela egokia txosna bat jartzea instalazioaren gainean, ezta jende-pilaketak sustatzea ere haren gainean, arriskua baitago jolasei kalte egiteko.

"Uste dut ulertzekoa dela eibartar guztion diruarekin egindako inbertsioa kontuan hartuta, Udalaren gobernu-taldeak instalazioak zaindu nahi izatea eta soluzioak bilatu nahi izatea, kasu honetan bezala”, adierazi du Iraolak.

Azkenean, bilera batzuk egin ondoren eta mahai gainean hainbat alternatiba jarri eta gero —denak ere kolektiboaren ezetza jaso zutenak—, akordioa lortu da; hortaz, Jaixak Herrixak Herrixandakoren txosna Txanltxazelaian jarriko da, beste guztien ondoan.  Gainera, kontzertuak eszenatoki txiki batean egingo dira, Udalak txosnen artean jarriko duena.

Halaber, Udalak eta kolektiboek gogoeta bat egingo dute datorren urteko txosnagunerako beste espazio bat zehazteko.

Jon Iraola pozik dago akordioarekin. “Gazteek soluzio bat eskatzen ziguten eta lortu egin dugu. Udal-gobernu honen helburua beti izan da txosnak egongo direla ziurtatzea eta aurtengo sanjuanak normaltasunez eta gorabeherarik gabe igarotzea.”