Eibarko Udala

Azken hamarkadetan Eibarren egindako diru-inbertsio handiei esker egunotako uholdeen ondorioak oso urriak izan dira

2021/12/17
 Azitaingo industrialdeko irudia.
Ego ibaia eta errekak bideratzeko jarduerek, 1983 eta 1988ko uholde larrien ondoren egin zirenak, saihestu egin dute euriteek kalte handiagoak egitea. Azitaingo industrialderako sarbideetan eta Unbeko errepidean lur-jausiengatik izan ziren arazoak konponduta daude jada.

Eibarren azken hamarkadetan uholdeen prebentzioaren arloan egindako inbertsio garrantzitsuei esker, Euskadin izan diren azken uholdeek eragin txikia izan dute herrian. Laurogeiko hamarkadaren azkenalditik aurrera egin ziren Ego ibaia eta beste erreka batzuk bideratzeko lanak.

1983 eta 1988 urteetan Eibarren izan ziren uholde larrien ondoren, Udalak, beste erakunde batzuekin batera, milioiak inbertitu zituen kanalizazioetan, ubideak hobetzen eta saneamendu-sareetan. Ego ibaian egin ziren lan gehienak eta baita uholdeak eragiten zituzten erreketan ere, hala nola Unbe, Txonta edo Matsariako erreketan, Ibur Errekan edo Asua Errekan.

Inbertsio horien ondorioz, azken egunotako euriteekin sortu diren ur-emari garrantzitsuek ez dute ia arazorik sortu Eibarren; izan ere, ibaiaren eta errekastoen ibilguak handitzeak, hobetzeak eta zabaltzeak erregistratutako ur-kantitate handia bereganatzea ahalbidetu dute.

Euskal Herriko beste leku batzuetan ez bezala, azaro amaierako eta abenduko euriteek eragin txikia izan dute Eibarren eta oso azkar konpondu dira. Intzidentziarik nabarmenenak Azitain-Erisonoko industrialdeko goi aldeko errepidean, Unbeko sarbidean eta saihesbidean gertatu dira.  Erdigunean, ordea, ez da inolako arazorik sortu.

Izan ere, intzidentziak egun batzuetan konpondu dira. Saihesbidea ordu batzuetan egon zen itxita, Unbeko sarbidea joan den asteazkenean ireki zen eta Erisonoko industrialdean jausitako lurra eta hondarrak kentzeko lanak gaur bertan amaitu dira.

Hori guztia posible izan da Udal Lantaldeak egindako lan garrantzitsuari esker, eta, horren harira, Jon Iraolak eskertu egin du “udal teknikarien lana orokorrean eta udal Lantaldearena bereziki, horrek ahalbidetu baitu normaltasunera berehala eta aurreikusita baino lehen itzultzea.”

Iraolak nabarmendu du halaber Eibarrek bere garaian izan zuen bisioa, beharrezkoak ziren neurriak hartu baitzituen 1983koak eta 1988koak bezalako uholderik berriz ez izateko eta horrelako hondamendirik berriz ez gertatzeko.