Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Azken fasean sartu dira 'Errebal Plazia' eraikinaren obrak

2021/06/01

Hemendik bi astera, obra-zuzendaritzak eta udal teknikariek ikuskapenak egin ondoren, Udalak egindako obrak hartuko ditu. Jon Iraola alkateak gogorarazi du ezen atzerapenak gorabehera, bai Udalak bai teknikariek "erantzukizunez jokatu dutela prozesu osoan, betiere herriaren interesa beste guztiaren gainetik jarriz.".

‘Errebal Plazia’ eraikinaren lanak azken fasean sartu dira, Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obra zinegotziak gaur goizean emandako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez; bertan adierazi dute, baita ere, zer pauso emango diren hemendik aurrera eraikina ireki arte.

Behin obra-zuzendaritzak eta udal teknikariek bidezko egiaztapenak egin ondoren, Udalak obren harrera-akta egingo du bi aste barru-edo; epe hori aurreratu ahal izango da, egin beharreko egokitzapen eta erremateak lehenago amaitzen badira. Ekainaren bigarren hamabostaldian zabalik egon daitezke eraikina inguratzen duten pasealekua eta kaleak; hala ere, barruko azpiegiturak eta plaza estalia geroago zabalduko dira, obra-amaierako dokumentazioa behar baita, eta agiri hori uztailaren bigarren hamabostaldian entregatuko dela uste da.  

Obrekin batera, Udalak azokako saltokien lizitaziorako tramiteak egiten dihardu; prozesua datorren astean hasiko da adjudikazio-agiriak argitaratzen direnean. Era berean, Udalak jarraitzen du lan egiten Errebal Plazaren espazio polibalenteak ireki daitezen, bai eta espazio estalia dinamizatu behar duen pertsonaren kontratazioan.     

Garajeei dagokienez, atzo (astelehena) egin zen plazen zozketa, eta abuztu-iraila bitartean emakida-kontratuak formalizatu eta giltzak entregatuko zaizkie adjudikaziodunei.

Jon Iraola alkateak zera azpimarratu du: “Errebal Plazaren exekuzioa oso konplikatua izan da eta nahi baino gehiago luzatu da; bidean une kritiko asko gestionatu behar izan dira, hala nola Dragadosekin gertatutakoa, eta Gobernu-taldearen gestioa eta udal teknikariena zuzena eta arduratsua izan da. Une bakoitzean zirkunstantziek exijitzen zuten moduan jokatu dugu, eta momentu batzuetan erabaki gogor eta zailak hartu behar izan ditugu, baina beti Eibarko herriaren interesa beste batzuen aurretik jarriz”.

Horren harira, adierazi du Dragadosi egindako kontratua deuseztatzea “beharrezko erabaki bat izan zela eta bere garaian hainbatek zalantzan jarri izan zutela. Denborak arrazoia eman digu, duela hilabete batzuk Udalaren eta Dragadosen arteko akordioak erakutsi duen bezala, izan ere, azken horrek ordaina eman digu eragindako kalteagatik".

Alkateak adierazi du “lan konplexuak eta zailtasun handikoak izan direla, baina azkenean lortu dela herriaren erdi-ekialdeko inguruak azpiegitura moderno bat edukitzea, eibartarren topagune sozioekonomiko eta kulturala izango dena". Eta, amaitzeko, zera adierazi du: "uste dugu irailerako eraikin-multzo osoa egongo dela martxan".

Errebal Plazia eraikineko garajeen zozketa

Errebaleko lanen amaierarekin batera, atzo (astelehena) egin zen eraikinaren lur azpian egokitutako 101 garaje-plazen zozketa. Gaur bertan argitaratu da Udaleko webgunearen Kontratatzailearen Profila atalean garajeen adjudikaziodunak izango diren pertsonen behin betiko zerrenda.

Hurrengo egunetan Udala onuradunekin jarriko da harremanetan, eta hil honetan bertan bisitak egingo dira parkingera, adjudikaziodunek in situ ikus ditzaten garajeak eta trastelekuak.

Garajeak aukeratzeko, berriz ere deituko zaie onuradunei, zozketatik ateratako lehentasun-hurrenkera errespetatuz. Azkenik, abuztuaren eta irailaren bitartean formalizatuko dira emakida-kontratuak eta entregatuko dira garajeen eta trastelekuen giltzak.