Azaroaren 17an eta 18an Eibar Business Market-en IV. edizioa egingo da; bertan ekintzaileak, enpresak, startupak eta inbertsoreak bilduko dira

Tokiko ekosistemaren errealitatea sakon ezagutzeko, nazio mailako eta nazioarteko esperientzietatik ikasteko eta topaketa- eta negozio-guneak sortzeko diseinatu da programa. Pitch-aurkezpenetan edota negozio-errondan parte hartu nahi duten startupek edo ekintzaileek azaroaren 9ra arteko epea dute izena emateko.
Business Market foroaren laugarren edizioa azaroaren 17an eta 18an itzuliko da Eibarrera. Teknikerreko instalazioetan enpresak, ekintzaileak, erakundeak, startupak eta inbertsio-funtsak bilduko dituen ekimena da, eta Eibar eta Debabarreneko enpresa-sarea eta ekintzailetza bultzatzea du helburu.
Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saila foro hau ari da antolatzen azken urteetan; aurreko edizioa, hirugarrena, 2019an egin zen, hurrengo bi urteetan ezin izan baitzen antolatu pandemiaren murrizketen ondorioz. Orain arte egin diren hiru edizioak oso arrakastatsuak izan dira.
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “Eibar Business Market foroa berriz egingo da, aurreko bi urteetako etenaldiaren ostean; ekintzailetza, egungo testuinguru sozioekonomikoaren ondorioz, konplexuagoa baina inoiz baino beharrezkoagoa bihurtu den unean itzuli da ekimena. Ildo horretan, foro honek testuinguru egokia sortzen du enpresek beren proiektu berritzaileak ezagutarazteko eta beste enpresa batzuekin kontaktuak eta harremanak ezartzeko, finantzaketa-iturrietara iristeko aukera emango dieten inbertsioak errazte aldera”.
Eibar Business Market, beraz, herriko eta eskualdeko ekosistema ekonomikoaren konexio-gune bihurtuko da bi egun hauetan. Laugarren edizio honetan, nazio mailako eta nazioarteko erreferenteek hartuko dute parte inbertsioaren, ekintzailetzaren garapen eta berrikuntzaren arloan.
Programak —hainbat panel espezifiko, solasaldi, networking-gune eta negozio-erronden bidez konfiguratua— aukera emango die bertaratuei tokiko errealitatea eta baliabideak sakonago ezagutzeko, berrikuntza-ekosistemen konfigurazioan esperientzia arrakastatsuetan sakontzeko eta inbertsio-enpresekin, korporazioekin eta ekintzailetzaren garapen esparruan espezializatutako erakundeekin eta startupekin konektatzeko.
Horrela, 20 enpresa inguruk ordezkatuko dute inbertsio-ekosistema, besteak beste, Easo Ventures, Cupido Capital, Innventtur, Bstartup, Zubilabs Venture Capital, Della Capital, Big Ban Inversores Privados, Finnova, Wedid, Caixa Bank Capital One, European Ventures edo Red de Inversores Crecer+ Deusto. Bertaratutako inbertsoreen sarearen profila, hazi-fasetik B seriera bitarteko proiektuen inbertsio-aukeretan egituratuko da.
Ekitaldiaren lehen egunean, negozio-erronda eta pitch-aurkezpenez gain, egungo egoera eta erronka globalei eta horiek lurraldean duten eraginari buruz hausnartzeko tartea egongo da, euskal erakunde eta pertsona erreferenteen eskutik, baita tokiko eta eskualdeko garapen ekintzailearen aukerak ezagutzeko ere, Sportek Hub, BPTD, Tekniker eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
Gainera, goiz horretan zehar, denbora-tarte bat egongo da tokiko eta eskualdeko ekimenak garatzeko finantzaketa-iturrietan eta baliabideetan sakontzeko, Ekingune tokiko elkartearekin, Debegesa eskualdeko agentziarekin, BIC Gipuzkoa, SPRI, Adegi eta Eibarko Udalarekin.
Bestalde, pitch-aurkezpenei ekin aurretik, Attend2 eta Bioekintek-eko CEOek, zeinek aurreko edizioetako negozio-errondetan parte hartu duten, beren ekintzailetza- eta eskalagarritasun-prozesua partekatuko dute.
Bigarren egunean, lehen aldiz, espazio bat egongo da sortzen ari diren teknologiek eskaintzen dituzten aukerak ezagutzeko, esaterako, blockchain-garapena eta 4.0 industria. Horretarako, hainbat enpresa izango dira bertan, hala nola Quidtech tokiko enpresa, eta nazioartean aitorpena duten entitateak, besteak beste, Oracle, Alastria (Blockchain eta teknologia deszentralizatuen elkarte nazionala) eta Odiseia (Adimen artifizialaren nazioarteko behatokia).
Era berean, egun horretan bertaratutakoek Andorra eta Mataró-Maresmeko esperientziak ezagutu ahal izango dituzte, non berrikuntza eta garapen ekintzaileko ekosistema arrakastatsuak eraiki dituzten.
Bestalde, talentua atxikitzeko eta erakartzeko estrategiei buruzko gogoetak ere aztertuko dira ekitaldian, Cuencako Urban Forest Innovation Lab, Big Ban Inversores eta Gipuzkoa Talent programa eta ekimenen bidez.
Foro honetan interesa duten enpresen edo pertsonen parte hartzea doakoa da, baina izena eman beharko da Eibar Business Marketen IV. edizioaren webgune ofizialean (www.eibarbusinessmarket.org). Pitch-aurkezpenei eta negozio-errondei begira izena emateko epea azaroaren 9an amaituko da eta, gainerakoen kasuan, azaroaren 14ra arte luzatuko da. Ekitaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, Udaleko Youtube-ko kanalaren bitartez.