Aurten Zuhaitz Eguna otsailaren 19an izango da eta 130 zuhaitz autoktono landatuko dira

Jarduera honekin jarraipena ematen zaio Urkoren magalean dagoen Lindari lursaila basoberritzeari. Edizio honetan jarduera 12 urtetik gorako pertsonentzat bakarrik izango da, lursailak malda handikoak eta konplikatuak direlako.
Arbola aldatzeko xedez, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Eibarko Klub Deportiboarekin, Eibarko Baso Biziak-ekin eta Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean, Zuhaitz Egunaren edizio berri bat antolatu du otsailaren 19rako (igandea).
Jardunaldiaren haritik, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Halako jarduerak bultzada oso garrantzitsuak dira gure herriko basoak biziberritzeko. Ingurumenarekiko konpromisoa guztiok partekatu behar dugu, eta, horregatik, ekimen honek aukera ematen du erakundeak eta herritarrak zuzenean eta modu koordinatuan inplikatzeko, ingurumen-kontzientzia modu dinamiko eta familiarrean sortuz”.
Zuhaitz Egunean 130 zuhaitz edo zuhaixka autoktono landatuko dira aurten (haritzak, urkiak, arteak, gorostiak, otsalizarrak, elorri zuriak, elorri beltza, astigarra, etab.) Lindarin, Urko mendiaren magalean, Udalak zaintza-akordio baten bidez duen lursailean. Toki horretan lehenago ere egin dituzte landaketak baso autoktonoa berreskuratzeko.
Zehazki, iaz 700 zuhaitz eta zuhaixka landatu ziren hango hektarea batean, Zuhaitz Egunerako antolatutako hiru jardunaldietan. Horietako bi ikasleekin egin ziren eta beste bat herritarrekin, zeinean ehun bat eibartarrek hartu zuten parte.
Horrela, partzelan aurretik ere landaketak egin direnez eta, beraz, lekurik ez dagoenez askoz ere gehiago sartzeko, aurten jardunaldi bakarra egingo da, herritarrei irekia, eta 130 zuhaitz landatuko dira zuhaitz-dentsitatea txikiagoa den hainbat eremutan.
Taldean egingo da Lindari lursailerako igoera, eta bi elkargune egongo dira: lehen taldea 9:30ean geratuko da Klub Deportiboan (Toribio Etxebarria 16), eta bestea 10:00etan Artegietan (Amañako ikastetxearen ondoan). Arbolen landaketa 10:30etik 13:00etara bitartean egingo da eta bazkalordurako amaituko da.
Lursailak malda handia duenez eta zati handi batean otez josita dagoenez, landaketak egingo diren eremua zailtasun ertain-handikoa da eta aurten jarduera 12 urtetik gorakoentzat bakarrik izango da.
Jardueran parte hartzeko plazak mugatuak dira; horregatik, parte hartzeko ezinbestekoa da Lurgaia Fundazioan izena ematea, mezu elektroniko bat bidaliz info@lurgaia.org helbidera, honako datu hauekin: izen-abizenak, adina, e-maila, telefonoa, eta aukeratutako elkargunea. Onartua izatearen berrespena jaso behar da. Izen-emateak datorren ostegunera arte (otsailak 16) egin daitezke (egun hori barne).
Azkenik, antolatzaileek gomendatzen dute etxeko ura eramatea, goizerako janari pixka bat, mendiko botak edo uretarako botak, eta arropa erosoa.