Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurten Zuhaitz Eguna martxoaren 17an eta 20an ospatuko da, eta 500 zuhaitz autoktono landatuko dira

2022/03/11

Zuhaitzak Lindari inguruan sartuko dira aurten (Urko mendiaren magalean). Hilaren 17an ikasleak izango dira protagonista; hilaren 20an, berriz, herritar guztiek parte hartu ahalko dute. Udalak, gainera, zuhaitzak landatu eta identifikazio-monolitoak jarri ditu arbola izena duten auzoetan.

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Eibarko Klub Deportiboarekin, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean, Zuhaitz Eguna antolatu du martxoaren 20rako, igandea, zuhaitz-landaketaren bidez. Eibartarrei zuzendutako jarduera bat da, ezin izan zena iaz egin, pandemiaren egoeragatik.  Hilaren 17an, Eibarko ikastetxeetako ikasleek arbolak landatuko dituzte.

Ildo horretan, Jon Iraola alkateak azpimarratu du “horrelako jarduerak egitea bultzada handia dela gure hiriko basoak berreskuratzeko. Ingurumenarekiko konpromisoa guztiok partekatu behar dugun errealitatea da, eta, horregatik, ekimen honek aukera ematen du erakundeak eta herritarrak zuzenean eta modu koordinatuan inplikatzeko, ingurumen-kontzientzia era dinamikoan eta familia giroan sortuz”.

Zuhaitz Egunean, aurten, 500 zuhaitz edo zuhaixka autoktono landatuko dira (haritzak, urkiak, arteak, gorostiak, otsalizarrak, elorri zuriak, basaranak, astigarrak eta udareondoak), Lindari izeneko lursailean, Urko mendiaren magalean, Udalak zaintza-akordio baten bidez duen  hektarea bateko lursailean. Toki horretan lehenago ere egin dituzte landaketak baso autoktonoa berreskuratzeko.

Hala, ostegunean, martxoak 17, 2030erako Eskola Agenda programan parte hartzen duten zortzi ikastetxek 500 zuhaitzen erdiak landatuko dituzte.  Hauxek izango dira parte hartuko duten ikastetxeak: La Salle Azitain, Moguel Isasi BHI, Eibar BHI Jardiñeta, La Salle Isasi Ikastetxea, Urkizu Eskola, Amaña Ikastetxea, Arrateko Andra Mari Ikastetxea eta CIFP Armeria Eskola. 

Ikastetxe bakoitzeko 25 bat ikaslek parte hartuko dute.  Era berean, aipatu behar da ikastetxe horietako batzuek ‘Basoak ernatzen’ proiektuan parte hartzen dutela. Egitasmo hori Ingurugelak (Eusko Jaurlaritzaren mendeko ingurumen-hezkuntzako erakundea) jarri du abian Debabarreneko eskualdean, eta eskolak, udalak, Debegesa eta Ingurugela bera bateratzen ditu, denen artean baterako proiektu bat bultzatuz.

Igandean, martxoak 20, herritar guztientzako jardunaldia egingo da eta 250 arbola landatuko dira.  Lindariko lursailera igotzea taldeka egingo da, eta bi elkargune egongo dira: Lehena 9:30ean Klub Deportiboan (Toribio Etxebarria 16) eta bestea 10:00etan Artegietan (Amañako ikastetxearen ondoan).  Arbolen landaketa 10:30etik 13:00etara bitartean egingo da eta bazkalordurako amaituko.

Jarduera honetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da aldez aurretik Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldean izena ematea, mendia@deporeibar.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz, datu hauekin: izen-abizenak, adina (adingabeen kasuan), e-maila, telefonoa, eta aukeratutako elkargunea.  Halaber, 943201904 telefonora dei daiteke, edo, bestela, Klub Deportiboko bulegoetara joan astearte eta ostegunetan, 19:30etik 20:30era.  

Taldean joan nahi izanez gero, adierazi beharko dira taldekide guztien izen-abizenak eta adina (bakarrik adingabeen kasua).  Izen-ematea martxoaren 17ra arte egin ahalko da (eguna barne).  

Parte-hartzaileei gomendatzen zaie etxetik ura eramatea eta goiz erdirako janari pixka bat, mendiko edo uretarako botak eta arropa erosoa.

Identifikazio-seinaleak jartzea

Bestalde, Eibarko Udalak mugarri batzuk jarri ditu azken asteotan, 45 zentimetroko altuerako monolitoen itxurakoak, iazko apirilean hiriko hainbat gune eta auzotan —auzoaren izena eta arbolena bat zetozen tokiak— landatu ziren zuhaitz eta zuhaixken ondoan.

Ekimen honek hiriaren sorreraren 675. urteurrenaren harira antolatutako jardueretan zuen jatorria, eta, aldi berean, beste pauso bat eman nahi zen herrian arbola gehiago izateko egitasmoan, hala, ingurumena eta historia bateratuz.

Orain, eta jarduera hau osatzeko, informazio-seinaleak jarri dira zuhaitzen ondoan; harrizko monolitoak dira eta espeziearen marrazki txiki bat duen plaka bat dute, non arbolaren izena eta Eibarko armarria eta hiriaren sorreraren 675. urteurrenaren logotipoa idatzita dauden, jatorrizko bertsioan zein euskaraz.

Iaz, Ego Ibarra Batzordeak proposatu zuen arbolak edota zuhaixkak landatzea jatorri fitonimikoa duten auzoetan. Horrela, Ingurumen eta Zerbitzu sailen bitartez  arbolak edo zuhaixkak landatu ziren honako auzoetan: Urki (urkia), Ipurua (ipurua), Gorosta (gorostia), Aginaga (hagina) eta Saratsuegi (sahatsa).