Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurten, lehen aldiz, kontsumo arduratsua eta azoka ekologikoa biak batera egingo dira Untzagan

Kartela.

Kartela.

2023/10/03

Egoaiziak antolatutako kontsumo-azoka eta Biolurrek antolatzen duen azoka egokologikoa elkartu egingo dira lehen aldiz. Elkarteek indarrak batu dituzte azokan proiektu eta ekimen berritzaileak aurkezteko. Orain arte bakoitzak azoka hauek aparte antolatu izan dira eta zita garrantzitsuak bilakatu dira.

Azoka urriaren 8an (igandea) egingo da Untzagan,10:00etatik 14:30era.

Ekimenak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren  (ENEEK EKOLURRA), Eskualdeko Landa Garapenerako DEBEMENen eta Eibarko UDALAREN laguntza izango du

Bi elkarteek batera egingo duten lehen topaketa honek, “ekoizpen duina kontsumo herrikoia” izango du lelo nagusia, egun bizi dugun krisi ekosozialean, garrantzitsua baita kontsumo ereduari bezala ekoizpen ereduari begiratzea,  proiektu berriak sortu eta urratsak emateko.

Azoka honen helburua herritarrek  ekoizpen zein kontsumo eredu alterbatiboak ikustea eta  ezagutzea da, egunerokoan gure ohituretan eragin eta aldatzeko aukerak daudela erakutsiz.

Azoka ekologikoan,  barazkiak, ardi- eta behi-gazta, eztia, gozoak, ogia, marmeladak,  eta olioa egongo dira, besteak beste. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak eta BIOLURen informazio-puntua ere izango dira bertan bisitarientzako. Hogeita bi ekoizle ekologiko izango dira azokan, gehienak, Gipuzkoakoak, baina Bizkaitik, Nafarroatik, Frantziatik eta Errioxatik ere etorriko dira.

Aurten ENEEK-EKOLURRA Kontseilauren laguntzarekin erosketa sustatzeko 5 euroko deskontua duten 82 bono izango dira Eibarko udaletxeko Atezaintzan eskuragarri, ostegun eta ostiralean goizeko 8:00etatik 14:00etara.

Elikagiak erosteko aukera paregabea izateaz gain, EKOerrezeta saioa eta dastaketa izango da Osoa Cooking-eko Ane Otegiren eskutik.

Gainera, beste proposamen interesgarri asko egongo dira Egoaizia elkarteak antolatuta. Eibar Eraldatuz proiektuaren aurkezpena nabarmendu bejhar da: Eibarko herritarrentzako mapa digitalaren formatuko tresna interesgarri eta praktikoa. Mapa honen bidez, kontsumo-eredu ezberdin, solidario eta zirkular baten alde egiten duten tokiko establezimendu, zerbitzu eta alternatiba ekonomiko sozialei buruzko informazioa lortu ahal izango da. Dagoeneko 24 dira herri mailan ekimen honekin bat egin dutenak.

Peruko Approcap txokolate kooperatibak ere parte hartuko du, eta Eibarko Kirol Klubeko Txirrindulari taldeak ere bai. Honako enpresa berri hauek izango ditugu gurekin: Bromalgae (Kutsadurari aurre egiteko algak darabiltzan enpresak haurrentzako tailerra eskainiko ditu), Eskune (gertuko hondartzetan jasotako beirarekin egindako bitxiak), Sustrai, osasun emozionala eta gorputz terapiak garatzen dituen ongizate zentroa edo Adarabar erabilera publiko edo pribatuko Eibarko topagunea non bestelako ikastaro eta ekitaldiak egiten diren eta azokan haurrentzako tailerra eskainiko duten. Gainera, aurreko edizioetan bezala, produktu jasangarrien saski baten zozketa egingo da.

Edizio honetan ekimen artistiko eta kulturalak egingo dira. Lehiaketa artistikoaren VI. edizioa eta BIZITZA JOKOAN argazki-erakusketa egongo da, non lurra eta guztion eskubideak defendatzeak bizitzak arriskuan jartzen dituela adierazten den. Mugarik Gabe GGKEak eskainitako erakusketa honekin, joko bat egongo da eta saria Eibar Eraldatuz mapan dauden komertzioetan kontsumitzeko bonoak izango dira.

Ekimen honek  nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapenerako eta kontsumo eredu herrikoi eta arduratsuen erakusleiho  izateaz gain, izaera solidario eta kritikoa  ere badu eta horregatik Ndank Ndank elkarteak, euskal eta senegaldar komunitateen arteko komunikazioa eta lankidetza sustatzen duenak, kultura mota desberdinak balioestea bultzatuz, musika jarriko dio ekitaldiari.

Adin guztietara iristeko asmoz jarduera ugari antolatu dira, jasangarriak eta dibertigarriak: showcooking-a, musika eta haurrentzako tailerrak. Haurrentzako tailerretan apuntatzeko QR kodea eduki beharko da, eta plastikozko botila edo ontzi bat ekartzea eskatuko da Bromalgae Algak etxera eramateko ongarri natural gisa.

Programa

10.00-  Azokaren hasiera

11.30 - Adarabar eta Bromalgaek eskainitako umeentzako tailerrak

12.30 – Zuzeneko showcookinga

13.30 - Ndank Ndank-ek eskainitako musika zuzenean

14.15 - VI. Lehiaketa Artistikoaren sari-banaketa

14.30 - Azokako produktuak dituen saskien zozketa

14.30- Azokaren amaiera

Goiz osoan zehar:

  • VI. Lehiaketa artistikoaren obren erakusketa
  • Mugarik gabe ekarritako ‘Bizitza jokoan’ erakusketa
  • Bizikleten konponketa
  • Algen banaketa ongarri natural gisa
  • Ordenagailuen konponketa
  • Mugikorrak birziklatzeko puntua