Aurten ere Udalak Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka antolatu du, abenduaren 14rako

Jarduera Errebal Plazan egingo da, eta haurrentzako bi tailer antolatuko dira, material birziklatuarekin Gabonetako apaingarriak egiteko. Azokan parte hartzeko erreserba egin behar da aldez aurretik, eta izena emateko epea gaur (asteazkena) hasiko da.
Eibarko Udalak abenduaren 14an bigarren eskuko objektuen azoka antolatuko du aurten ere, objektuek bigarren aukera bat izan dezaketela eta beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketela kontzientziatzeko.
Opariak nagusi diren urte-sasoi honetan, gehiegi kontsumitu gabe eta aukera jasangarriago batzuez baliatuta ere goza daitekela Gabon jaiez. Bigarren eskuko azoken bidez, oso egoera onean dauden jostailuak eta beste objektu batzuk aprobetxa daitezke etxekoei eta gertukoei oparitzeko. Horrela, murriztu egingo planetan utziko dugun arrastoa eta ingurugiroarekin arduratsuago jokatuko dugu.
Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira Gabonetako apaingarriak sortzeko material birziklatuekin. Tailerretako bat 3 eta 6 urte bitarteko umeentzat da; bestea 7 urtetik gorakoei begira antolatu da.
Tailerrak 11:30ean hasi eta 14:00ak inguruan amaituko dira, eta 25 minutuko iraupena izango dute. Plazak mugatuak direnez, bost txanda egongo dira aukeran, 11:30etik 13:30era arte. Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean.
Erabilitako gauzak saltzeko bi aukera daude: lehenengo aukera da postu bat (mahai bat) erreserbatzea, bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko. Bigarren aukera da erabilitako salgaiak gordailu-zerbitzuan uztea (gehienez 10), eta antolaketa-taldea arduratuko da saltzeaz. Horretarako, saldu nahi diren objektuak larunbatean bertan eraman behar dira, abenduak 14, 9:00etatik 10:00etara bitartean.
Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta, saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Gehienez ere 10 objektu laga ahalko dira, eta egoera onean egon beharko dira. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, tamaina handiko objekturik... Laga ahalko diren gauzak: liburuak, musika eta zinearekin lotutakoak (diskoak, CDak, DVDak…), kiroleko artikuluak, apaintzeko materiala, Gabonetako apaingarriak eta tamaina txikiko etxeko tresnak. Antolaketaren taldea arduratuko da artikuluak zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean.
Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.
Bi aukeretako edozeinetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta adinez nagusia izatea. Zita 943 670 249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea gaur, azaroak 27, irekiko da, eta zabalik egongo da abenduaren 11ra arte (biak barne).
Eibarko Udalak 2019an antolatu zuen lehen aldiz Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka, eta, harrezkero, urtero egiten da, Gabonetan ez ezik, baita ekainean eta irailean (bizikletak) ere. Parte-hartzeari dagokionez, azpimarratzekoa da gero eta jende gehiagok erakusten duela Gabonetako Bigarren Eskuko Azokan parte hartzeko interesa. 2023ko azokan 32 lagunek jarri zuten beren salmenta-postua (2022an 28k), eta, 24 herritarrek utzi zituzten objektuak gordailuko salmenta-zerbitzuan (2022an 17k).
Bigarren eskuko merkatu hauen antolaketaren eta “Berrerabili eta Berrasmatu” tailerren programaren bidez, herritarren artean beste herrialde batzuetan errotuago dagoen berrerabilpen-kultura sustatu nahi da, gure planeta hainbeste kutsatzen duten hondakinen sorrera prebenitzeko. Merkatu honen helburua da eibartarrok “Ekonomia Zirkularra”ren beste kate-begi bat bihurtzea, eta aukera ematea behar edo nahi ez ditugun objektuak erosteko eta, hala, bigarren bizitza bat eskaintzeko.
Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamenduarena.