Aurten ere Eibarrek bat egingo du Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin, bigarren eskuko bizikleten merkatua eta beste zenbait jarduera antolatuz
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Europako Mugikortasunaren Astearekin (SEM) bat egingo du aurten ere, irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko egunean, egingo diren hainbat jarduerarekin. Ekimen honen bidez, garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak osasun publikoari eta ingurumenari dakarzkien onurei buruzko sentsibilizazioa bultzatu nahi da, bereziki garraio publikoa eta bizikleta erabiltzearen eta oinez ibiltzearen garrantzia azpimarratuz.
Europako Batzordeak 2024rako aukeratutako leloa hauxe da: “Espazio Publiko Partekatua”. Ekimenaren leloa, berriz, orain arteko bera: “Konbinatu eta mugi zaitez!”. Partekatutako espazio publikoak gizarteari onura ugari dakarzkio. Izan ere, pertsonek, garraio-modalitateek eta jarduerek berezko espazioa duten lekuan ekitate sozial eta bide-segurtasun handiagoa dago, zarata eta aire-kutsadura gutxiago eta bizi-kalitate hobea.
Ibilgailu konbentzionala erabiltzea da atmosferara igortzen diren CO2 isuriei gehien eragiten dien faktoreetako bat, eta, beraz, klima-aldaketaren azelerazioa gehien bultzatzen duen iturrietako bat. Horregatik, gero eta garrantzitsuagoa da jasaten ditugun ingurumen-arazoez jabetzea eta mugikortasun jasangarrian pizgarri bat aurkitzea osasuntsu egoteko eta guztiontzako ingurune osasungarriagoa lortzeko.
Zentzu horretan, Udalak aurrerapausoak egiten jarraitzen du oinezkoen eta bizikletan mugikortasuna bultzatzeko planean, baita merkataritza-jarduera sustatzeko bidean ere, hiriaren erdiguneko kaleetan koexistentzia-eremuak sortuz. Duela zenbait urte Toribio Etxebarria kalea koexistentzia-gune bihurtu zenetik, bide bera jarraitu da hainbat kaletan: Ego Gain, San Agustin, Untzaga (Guridiko zeharbidea), Estaziño, Zuloagatarren, Legarre, Plaza Berria, Fermin Kalbetoiko zati bat, Errebal, Muzategi, Blas Etxeberria eta Merkatu. Era berean, aurreikusita dago Estaziño kalearen paraleloa oinezkoentzako izatea. Bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez, Eibar eta Elgoibar artean egindako bidegorrien proiektuez eta Amaña eta Legarre arteko Berdintasunaren Pasalekuaren proiektuez gain, 2025eko amaierarako aurreikusita dago Estaziño eta Azitain bitarteko trenbidearen gainean oinezkoentzako pasealekua eraikitzea, bidegorria ere barne hartzen duena.
Ekimen horiek guztiek nabarmen laguntzen dute Eibarko hiri-ingurunea hobetzen eta mugikortasun aktiboagoa eta iraunkorragoa sustatzen, baita udalerria biziberritzen eta erakargarriagoa egiten ere.
Bestalde, Udalak laster jarriko du abian Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria egiteko prozesua, zeinean herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango den elkarrekin erabakiak hartzeko Eibarko mugikortasunaren plangintzari buruz eta gure espazio publikoa partekatzeko moduari buruz. Izan ere, horrek ziurtatuko digu ingurune atsegin batean modu seguru eta erosoan mugituko garela, bereziki oinezkoak eta txirrindulariak.
Horrela, Udal honek, aurten ere, Eibarko herritarrak mobilizatzeko hitzordu honen alde egiten du, mugikortasun iraunkorra sustatzeko, garraio aktiboa bultzatzeko, eta Eibar osasungarriago bat sortzeko xedez. Irailaren 22an, larunbata, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da. 2018an hasi zen Udala merkatu hau antolatzen, eta, ordutik, urtero egiten da eta parte-hartze handia izaten du. Azken hiru urteetan, edizio bakoitzean ehun bizikletatik gora (edo mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste objektu batzuk: patinak, kaskoak, patineteak, bizikleta-euskarriak…) laga dira, eta horien % 45-50 inguru saldu dira merkatuak irauten duen lau orduetan zehar.
Merkatua Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.
Bai bizikletak ba gainontzeko objektuak (betiere mugikortasun jasangarriarekin lotura dutenak) erabiliak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere.
Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 500 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.
Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibar Klub Deportiboak antolatuta, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.
Era berean, arratsaldean, Eibar Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu Astelena pilotalekuan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira.
Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Azkenik, irailaren 22an bertan, ‘Autorik Gabeko Eguna’ egingo da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibar-Arrate autobus-zerbitzua doan izango da.
Kanpaina honen antolaketa Eibarko Udalak urtarrilaren 30ean onartutako 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (KEJEP) neurrien barruan kokatzen da. Plan horretan, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko hainbat neurri eta jarduera-ildo jasotzen dira.
Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarena.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketaren Departamentuak eta Jasangarritasunaren Departamentuak “Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin" ekimena jarri dute abian. Ekintzaren helburua da bizikletaren erabilera sustatzea eta, horrela, biztanleria aktiboagoa eta, beraz, osasungarriagoa izaten laguntzea. Hala, irailaren 16tik 26ra bitartean, furgoneta tailer bat ibiliko da Gipuzkoako hainbat herritan, eta bizikleten oinarrizko konponketa-zerbitzua eskainiko die MUGI pertsonalizatua aurkezten dutenei. Gainera, lurraldeko 10 establezimenduk bat egingo dute kanpainarekin, bizikletak prest jartzeko zerbitzua eskainiz.
Eibarren, furgoneta tailerra irailaren 17an, asteartea, egongo da 16:00etatik 20:00etara, Untzaga plazan. Kanpainari atxikitako establezimendua EBK EIBARKO BIZIKLETA da (Karmen kalea, 4). Batera zein bestera eraman ahal izango dira bizikletak matxura txikiak konpontzeko eta prest jartzeko. Bai dendetan bai tailer mugikorrean dauden kupoiak bete eta parte hartzen dutenen artean bi bizikleta eta 50 euroko bi bonu zozketatuko dira atxikitako dendetan bizikleten materiala erosteko. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) lankidetzan, MUGI txartelean 20 euroko 60 birkarga zozketatuko dira.