Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2021ean 4.600 inguru ikasle eta gazte izan dira 'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak Ikasleei' laguntzak jaso dituztenak

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2022/01/03

Udalak 304.800 euro ipini ditu familien eskaerei aurre egiteko —ikasle bakoitzeko 60,10 euro— eta Eibarko establezimenduetan erosketak egiteko. Aurten, laguntza 120,20 euroraino gehitu da DBEren titular diren edo gizarte-larrialdiko laguntza jasotzen duten familia behartsuenentzako.

Guztira 4.589 haur eta gaztek jaso dituzte aurtengo edizioan ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programetarako Udalak ematen dituen laguntzak, eskabideak aurkezteko epea itxi eta ia denak onartu ondoren. 304.800 euro izan dira Udalak laguntza horietarako aurten jarri duen zenbatekoa.

‘Umeak Eskolara’ laguntzetan, 3.253 eskaera onartu dira. Udalak 220.000 euroko laguntza eman du guztira. Eta 'Dirulaguntzak Ikasleei” programan, 1.336 izan dira onartu diren eskabideak, emandako laguntzaren zenbateko osoa 84.800 eurokoa izanik.

Udalak, Eibar Merkataritzagune Irekia (EMGI) elkartearekin lankidetzan, hogei urte baino gehiago daramatza kanpaina hau bultzatzen, eskola-adinean dauden seme-alabak dituzten familientzat edo irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak egiten dituztenentzat zuzendutako kanpaina. ‘Umeak Eskolara’ programa 2 eta 15 urte bitarteko umeentzat da, eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. 

Onartutako eskaera bakoitzak, gehienez ere, 60,10 euro jaso ditu, Eibarko dendetan arropa, oinetakoak, kiroletako materiala, eskolako materiala —testuliburuak izan ezik—, betaurrekoak eta lentillak erosteko gastuetarako.

Gainera, aurten, familia jakin batzuen behar bereziei erantzuntearren eta egoera ahulenean dauden familietan alarma-egoerak sortu dituen ondorioak arintzearren, nobedade gisa, ikasle bakoitzeko 120,20 euroko laguntza eman da, aita, ama, tutorea edo harrera-familia edo harrera-pertsona Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen titularra bada edo Elikagaien Bankuaren programan sartuta badago.

Familiei ikasturte-hasieraren ondoriozko gastu bereziei aurre egiten laguntzeaz gain, kanpainaren bigarren helburua Eibarko dendetako salmentak bultzatzea eta suspertzea da, diruz lagundu zitezkeen erosketak herriko establezimenduetan egin behar baitziren irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

Aurtengo kanpainaren emaitzen balantzea egitean, Udaletik nabarmendu dutena hauxe izan da: oraingoan ere, ekimen honek arrakasta handia izan duela eta zeharo finkatua dagoela herrian, bai familientzako laguntzei dagokienez, bai tokiko merkataritzari laguntzeari dagokionez.

Ildo horretatik, Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekia elkarteak nabarmendu dutenez, programa honi esker “asko handitu da irailean eta urrian Eibarko merkataritzaren salmenta, eta zuzeneko zenbatespena, 360.000 euro inguruko kontsumo-ekarpenekoa izan da dendetan. Horrek esan nahi du dirulaguntzaren gastuak % 20 gehiagoko eragina izan duela, oso kontuan hartzeko zenbatekoa, eta, dudarik gabe, beste ekintza batzuekin batera, Eibarko merkataritzan diru asko sartzen lagundu duena.”