Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurki abian jarriko da Toribio Etxebarria eta Zuloagatarren kaleak betiko peatonalizatzeko proiektua

Ardantzako udal-partzela batean eraikiko den etorkizuneko aparkalekuaren irudia.

Ardantzako udal-partzela batean eraikiko den etorkizuneko aparkalekuaren irudia.

2022/05/18

Jarduera honek —udal gobernu- taldea egiten ari den plangintza orokorraren barruan kokatzen dena— erdigunean oinezkoak protagonista izatea, eta, aldi berean, CO2 isuriak murriztea eta hiriko airearen kalitatea hobetzea du xede. Egitasmo honetatik eratorritako neurri guztiak LEBERek herriak eskaintzen dituen hirigintza-konfiguraziorako aukerei buruz egindako azterlanean oinarrituta garatuko dira. Azterlan hori atzo aurkeztu zen Trafiko Batzordean.

Udaleko gobernu-taldeak, Jon Iraola alkatearen ekimenez, Eibarko erdigunea eraldatzeko eta hiria hobetzeko proiektu bat jarriko du abian laster; asmoaren arabera, Toribio Etxebarria, Zuloagatarren eta Julian Etxeberria kaleak oinezkoentzat izango dira beti. Hala, oinezkoentzako ardatz bat sortuko da Untzaga plazan hasi eta Julian Etxeberria kaleko 10. zenbakiraino; horrekin batera, ibilgailuen trafikoan ere aldaketak egingo dira.

Hori guztia egingo da Eibarko Udalak LEBER aholkularitza-enpresari (mugikortasunarekin eta hirigintza-konfigurazioarekin lotutako analisietan espezializatutako taldea) eskatu zion azterlanean jasotako premisetan oinarrituta, proiektua bideragarria izango dela eta modu fidagarrian gauzatu ahal izango dela bermatzeko. Azterlan hori atzo (maiatzak 17) aurkeztu zen Trafiko Batzordean.

Herriaren erdigunerako aurreikusitako jarduera nagusiak gaur goizean aurkeztu dira, Jon Iraola alkateak eta Pedro Escribano zinegotzi eta Trafiko Batzordeko presidenteak emandako prentsaurrekoan.

Aurkezpenean, hauxe esan du Iraolak: “Herriarentzat proiektu estrategiko bat da eta lehenbailehen bultzatu beharrekoa, ez bakarrik herritarrek eskatzen dutelako eta gure inguruko hiri moderno guztien joera delako, baizik eta pandemiak agerian utzi duelako autorik gabeko espazio libreak behar direla jendeak aisialdiaz gozatu ahal izateko. Eta, helburu horretan, Eibar ezin da salbuespena izan”.

Alkateak zera gehitu du: “Eibarko egungo hirigintza-konfigurazioaren ondorioz, egitasmo hau agian beste hiri batzuetan baino konplexuagoa bada ere, uste dut  ahalegina egin behar dugula, eta, horretarako, gure udalerriak hirigintza-hobekuntzarako eskaintzen dizkigun aukerak zehatz-mehatz ezagutu behar ditugu. Horregatik, ezinbestekotzat jo dugu LEBER enpresari lan bat egiteko enkargua ematea, hiriak eskaintzen dizkigun aukerak ezagutzeko, peatonalizazioari eta herritarrentzako espazioak sortzeari dagokienez.”

Proiektu hau gauzatzeko obra garrantzitsuak egin beharko dira herrian.

Horietako bat da Julian Etxeberria kalea eta anbulatorioko parkea berrurbanizatzea eta hobetzea. Egikaritze-proiektua datozen asteetan amaituko da, eta parkeko aisialdi-eremua handitu eta hobetu eta kale hori berrurbanizatzeaz gain ibilgailu-trafikoaren noranzkoa aldatzea ekarriko du, bai kale horretan, bai San Agustin zeharbidean. Horretarako, dagozkion egokitzapenak egingo dira trazaduran, zoruan, seinaleztapenean eta hiri-altzarietan.

Aurrekoaren ildotik, Errebal kaletik doazen ibilgailuek, Donostia-San Sebastian noranzkoa hartu nahi badute, ezkerretara jo ahal izango dute Aldapatxoko parkearen parean, eta Julian Etxeberriatik igota Bidebarrieta kalean sartu. Era berean, Bidebarrieta kaletik doazen ibilgailuek ezkerretara jo ahalko dute San Agustin zeharbidetik Errebal kalera sartzeko.

Bestalde, egin beharreko beste lanetako bat Ardantzako udal-lursail batean aparkaleku-eraikin berri bat eraikitzea da. Proiektua laster aterako da lizitaziora, eta aparkaleku gehiago ekarriko ditu erdialderako, asmo honetan modu fidagarrian aurrera egiteko aukera emanez.

Zehazki, Aldatze kaleko 2 zenbakian dagoen udal-partzelan bi solairuko parkinga egingo da (beheko solairua eta lehenengoa), 58 aparkaleku berri izango dituena (haietako 21 estaliak); hala, xede horretarako erdigunerako espazio berri bat egongo da.

Alkateak garbi laga nahi izan duenez, “eraikin hori oso ondo egokituko da ingurura, eta aparkalekua sortzeaz gain, aisialdi-gune lasai eta eguzkitsu bat sortuko da inguru horretan, gaur egun ez baitu halako zerbitzurik.”

Bestalde, Pedro Escribano Trafikoko zinegotzi arduradunak nabarmendu duenez, “lantzen ari garen proiektua, oinezkoen mugikortasunean oso urrats garrantzitsua izateaz gain, oso onuragarria izango da ingurumenaren ikuspegitik, ibilgailuen trafikorik gabeko gune horiek emisioak murrizten eta hiriko airearen kalitatea hobetzen laguntzen dutelako.”

Azkenik, Escribanok zera adierazi du: “Oinezkoentzako guneak handitzea xede duen egitasmo hau ez da bakarrik erdigunera mugatuko; Udalaren asmoa da ideia hau auzoetan ere martxan jartzea, eta, hortaz, norabide horretan egingo da lan.”

Iraolak gaineratu duenez, “lanean ari gara, laster, hiriarentzat hain garrantzitsua den egitasmo honen xehetasunak erdiguneko merkatariei eta ostalariei azaltzeko, bertatik bertara ezagut ditzaten, bai eta horren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak lehen eskutik ezagutzeko ere.”

Azkenik, eta hiriguneko ibilgailuen zirkulazioa eta aparkalekua birmoldatzeko estrategiaren barruan, atzo egindako Trafiko Batzordean, San Juan eta Bidebarrieta kaleetan dagoen eremu urdina kentzeko aukera ere aurkeztu zen; izan ere, Errebaleko -1 solairuko aparkalekuan txandakako TAO sistema martxan jarriko da laster eta horrek eremu zuriko aparkaleku batzuk galtzea ekarriko du. Beraz, hori konpentsatu beharko da.

 “Uste dugu Errebalgo -1 parkingaren TAO sistema jartzeko inguruko kaleetako gune urdinetan aldaketak egin behar ditugula, LEBER etxeak egindako Azterlanak berresten duen moduan. Espero dugu neurri hauek eraginkorrak izatea gure herriko aparkalekuen egoera arintzeko eta hobetzeko, beste azpiegitura batzuk, hala nola Ardantzako eta Legarreko aparkaleku berriak, sortzen ditugun bitartean”, adierazi du Iraolak.