Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Astelena eraikinaren barruko aldea egokitzeko proiektua bukatuta egongo da datozen egunetan

2019/11/04

Udalaren helburua da obra horiek urtea amaitu baino lehen lizitaziora ateratzea.

Ia amaituta dago Isasi kaleko 11. zenbakian dagoen Astelena eraikin enblematikoaren barruko aldea —hemendik hilabete batzuetara Andretxea berria hartuko duena— egokitzeko proiektua. Idazketaz arduratzen den Eibarko enpresak Udal Obra Batzordean aurkeztu zien egitasmoa talde politikoei. Udalaren asmoa da obra horiek urtea amaitu baino lehen lizitaziora ateratzea, eta, beraz, 2020ko lehen seihilekoan dagozkion lanak hastea.

Proiektua azaldu ondoren, Obra Batzordea osatzen duten talde politikoetako ordezkariek egindako lanaren balorazio positiboa egin zuten.

Egun gutxi barru amaituta egongo den proiektu honek Udaleko Berdintasun Zerbitzuak bere garaian planteatutako premiak eta eskakizunak jasotzen ditu, eraikinak bildu beharko lituzkeen zerbitzuen eta espazioen banaketari dagokionez; halaber, dagoen azalera ahalik eta gehien aprobetxatu nahi du, oso eraikin estua dela kontuan hartuta.

Proiektuak jasotzen du, baita ere, eraikinaren aldeetako bat berreskuratzea, multzoarekin harmonizatuz, eta, aldi berean, Astelena pilotalekurako sarbideak hobetzea, egungoa baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa eginez, eta larrialdietako ebakuazioa emanez.

Andretxe berriko espazioen banaketaren arabera, Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartuko da, eta bertan egongo dira harrera, bulego-gunea eta erabilera anitzeko espazio bat. Lehenengo solairuan Andretxea/Udaleko Berdintasun Zerbitzuko talde tekniko eta politikorako bulegoak kokatuko dituzte, baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste bat ere. Bigarren solairuan kokatuko dira liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako eta emakume-taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat, balioko duena topagune eta prestakuntza-espazio bat bezala. Gainera, erdisotoan leku txiki bat egongo da agertoki moduan, hitzaldietarako eta antzeko jardueretarako egokia.

Udalak eraikina erosi ondoren, etorkizuneko erabilerari buruzko beste aukera batzuk aztertu ziren, eta azkenean erabaki zen Andretxea bertan kokatzea. Izan ere, egungo egoitza (beheko solairuko lokal bat, zezen-plazaren aurrean) txiki geratu da hartzen dituen elkarte eta talde ugarientzat eta antolatzen dituen jardueren bolumen handiarentzat.

Eraikina erosi ondorengo hurrengo urratsa eraikina birgaitzea izan zen, bai kanpotik, bai barrutik; izan ere, urteen poderioz eta erabilerarik gabe, hondamena handia zen. Eraikina eraberritzeko lanak duela hilabete batzuk amaitu ziren, 700.000 euro inguruko kostuarekin.

Hala, eraikinaren barruko aldea egokitzeko proiektuan aurreikusitako lanak eginda, hilabete batzuen buruan, Andretxeko instalazio berriak eraikinean egongo dira behin betiko.