Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi da Errebaleko urbanizazio-obren bigarren fasea, Merkatu eta Ibarkurutze kaleen artean

Errebal.

Errebal.

2020/09/21

Oraingo fasean bezala (Julian Etxeberriatik San Agustinera), egingo diren lanak hauexek izango dira: espaloiak zabaltzea, galtzada koexistentzia gune bezala prestatzea eta etxebizitzen saneamendu-sarea zaharberritzea. Bigarren fase hau egiteko, ezinbestekoa izango da Errebal kaleko zenbaki bikoitietan (16tik aurrera) dauden aparkalekuak kentzea; alternatiba gisa Bittor Sarasketan Udalak prestatutako parkinga eskainiko da, duela aste batzuk ireki zena.

Errebal kaleko berrurbanizazio-lanen bigarren fasea gaur, irailak 21, hasiko da, eta Merkatu eta Ibarkurutze kaleen arteko zatia osorik berrituko da. Lan horiek Julian Etxeberria kalearen eta San Agustin kalearen arteko zatian egiten ari direnen antzeko ezaugarriak dituzte.

Fase berri honek Errebal kaleko 15-23 zenbakietatik Ibarkurutzerainoko espaloia zabaldu eta hobetzea ekarriko du, baita etxebizitza horiei dagokien saneamendu-sarea berritzea ere. Halaber, galtzadari koexistentzia-kale baten tratamendua emango zaio, eta Eibarko gainerako kaleetan erabiltzen denaren antzeko zoladura izango du. Espaloiak errepidearen maila berean geratuko dira.

Lanok egiteko beharrezkoa izango da Errebal kaleko zenbaki bikoitien parean dauden aparkalekuak aldi baterako kentzea, 16 zenbakitik 24ra, biak barne. Alternatiba gisa, Bittor Sarasketan eraikin industrial zahar bat zegoen orubean duela aste batzuk Udalak prestatutako parkinga eskainiko da, zeinak 25 bat ibilgailurentzako edukiera duen. Ez dago aurreikusita trafikoa eten beharko denik.

“Errebal kalean dagoen aparkalekuari ahalik eta gutxien eragiteko moduan planifikatu da obra. Dena den, une batzuetan ezinbestekoa da, bigarren fase honetan gertatzen den bezala, non ez den kaleko trafikoa moztuko. Nolanahi ere, lanak egin bitartean saiatuko dira inguruko bizilagunentzako eta merkataritzarentzako eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen”, adierazi du Eibarko Udaleko Obretako zinegotzi Jon Iraolak.

Behin obrak amaituta, Errebal kalea, hasi Arikitzatik eta Julian Etxeberriaraino, erabat berriztuta eta berrurbanizatuta geratuko da, eta espaloi zabalak izango ditu, ingurune hori trafiko lasaiko gune bihurtuz, eta oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetuz. Hitz batean, helburua da eibartarrentzat herri atseginago bat lortzea, eta, aldi berean, merkataritza-jarduera sustatzea.

Errebal kalea berrurbanizatzeko proiektuaren barruan sartzen da, halaber, Ibarkurutze iturriaren eta haren ingurunearen berrikuntza integrala. Izan ere, iturria, Eibarko ikur preziatuenetakoa, urteekin hondatzen eta kaltetzen joan da.

Iturriaren egitura eraberritzeaz gain, baita saretak ere —non aspaldian gantxilak jartzen ziren—, sistema berri bat jarriko da iturriak ura modu egokian eman dezan.

Errebal kaleko berrurbanizazio integraleko lanek 717.000 euro pasatxoko kostua dute, eta Otegi y Gaztañaga SL enpresa da lanok egiten ari dena; 26 aste inguruko iraupena izango dute obrek.