Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Astelehenean, azaroak 14, erosketa-bonuen kanpaina berri bat hasiko da: azaroaren 27ra arte izango da kanpaina eta % 30eko deskontuak egingo dira

Erosketa bonuen kanpaina berriaren irudia..

Erosketa bonuen kanpaina berriaren irudia.

2022/11/11

Merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako erosketa-bonuek 35 euroko kostua izango dute 50 euroko balioa duten erosketak egiteko, eta ostalaritzakoek 17,50 euroko prezioa eta 25 euroko balioa. 180 establezimenduk hartuko dute parte kanpainan, haietatik 134 saltokiak dira, eta 46 tabernak eta jatetxeak.

Datorren astelehenean, azaroak 14, Eibarko Udalak eta Eibarko Merkataritza Gune Irekiak diruz lagundutako bonu-erosketa kanpaina berri bat hasiko da, Eibarko 180 merkataritza-, zerbitzu- eta ostalaritza-establezimendutan deskontuak dituzten produktuak eta zerbitzuak erosteko.  

Bi aukera egongo dira bonuak erosteko. Lehenengo aukera merkataritza-establezimenduetarako izango da; gehienez ere NAN bakoitzeko bi bonu erosi ahal izango dira 35 euroko prezioan 50 balioko erosketak egiteko. Bigarren aukera ostalaritza-establezimenduetarako da; 17,50 euroko bonuak eskuratu ahal izango dira 25 euroko baliokoak, taberna eta jatetxeetan erosketak egiteko.  Kasu honetan, gehienez ere lau bonu eros daitezke NAN bakoitzeko.

Komertziorako eta zerbitzuetarako 50 euroko bonuak pilatu daitezke eta 25 euro edo gehiagoko  bi erosketatan zatitu.  Ostalaritzako 25 euroko bonuen kasuan ere zatitu daiteke 12,50 euro edo gehiagoko bi erosketatan.

Bonuak erosteko epea azaroaren 25ean amaituko da, eta bonuak produktu edo zerbitzuekin trukatzeko kanpaina azaroaren 27ra arte egongo da zabalik.

Bi eratara eskuratu ahal izango dira bonuak, aurrez aurre edo online. Aurrez aurreko erosketa Eibarren bizi diren 60 urtetik gorakoek bakarrik egin ahal izango dute. Horretarako, NANa, AIZ edo pasaportea aurkeztu beharko da; pertsona bakoitzak gehienez ere Eibarren bizi eta 60 urtetik gorakoak diren bi NAN erabili ahal izango ditu bonuak erosteko.  Modalitate horretan nahitaezkoa da txartelarekin ordaintzea. Salmenta presentziala Eibar Merkataritza Zentro Irekiak Isasi 26-behean duen bulegoan egingo da.  

Beste guztiek, 60 urtetik beherakoek eta Eibarren bizi ez direnek, online erosi beharko dituzte bonuak, honako webgunean: www.erosieibarren.eus. Online erositako bonuak Isasi 26-behean, EMGIren bulegoan jaso ahal izango dira, ordainagiriarekin, erosketa egin eta bi lan-egunetara eta betiere azaroaren 25a baino lehen.  Nahi adina bonu jaso daitezke bakoitza bere ordainagiriarekin.

EMGIk Isasi kalean duen bulegoa martxan egongo da, bai bonuak aurrez aurre erosteko (60 urtetik gorakoak), bai online erositako bonuak jasotzeko, astelehenetik (hilak 14) azaroaren 25era, 09:00etatik 11:30era eta 15:00etatik 17:30era, astelehenetik ostegunera. Eta ostiraletan, bakarrik goizeko ordutegian, 9:00etatik 11:30era. Nahitaezkoa da NANa edo haren kopia bonuak erosi edo jasotzeko.

Kanpainan parte hartzen duten 180 establezimenduetatik 39 pertsonentzako ekipamendurako saltokiak dira, 24 etxerako ekipamendukoak, 19 elikadura eta litxarreriakoak, 17 osasun eta edertasunekoak, 10 farmazia eta parafarmaziak (parafarmaziako artikuluak bakarrik), 8 optika eta audiozentroak, 3 bitxi-dendak eta erloju-dendak, 3 liburu-dendak eta bulegoko materiala, 2 informatikako saltokiak, 2 lora-dendak, 3 jostailu-dendak, 2 estankoak eta 2 kirol-dendak dira. Gainera, 46 ostalaritza-establezimenduk hartzen dute parte (tabernak eta jatetxeak).